Iñigo Hernandok euskararen kontrako epaiaren agerraldian parte hartu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskalgintza Kontseilua
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du udalek euskara hutsean jardun ahal izatea. Honen kontra agertu dira udal eta eragile asko eta gaur goizean batu dira Bilbon, «euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituen» epaia dela salatuz. Manifestazioan instituzioetako hainbat ordezkarik parte hartu du, tartean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jardutea, izan ere, uste du «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa». Epaiaren arabera, ezin da onartu «gaztelania erabili ahal izateko argudiatu behar izatea norbaitek euskaraz ez dakiela».
Epaia ezagutzean, honen kontra agertu ziren euskal instituzio eta eragile asko eta gaur batu dira Bilbon, Albia lorategian. Agerraldian dozenaka udal ordezkarik parte hartu dute, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eneko Goia Donostiakoa eta Amaia Agirre Getxokoa. Halaber, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea izan da Bilboko kontzentrazioan.
Halaber, euskalgintzako hainbat eragilek babestuta egin dute agerraldia: Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola, BERRIA egunkariko zuzendari Amagoia Mujika eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz.
«Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko ezetsiz emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu agerraldi bateratu honetara», adierazi dute Euskalgintza Kontseilutik irakurritako testuan. «Erabakimen horren defentsan, hona hemen ehunka alkate eta udal ordezkariren presentzia», azpimarratu dute.
«Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen baititu», azaldu dute, azaroaren 4rako manifestazioa deituz: «Oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde».