Inoiz baino kontratazio gehiago egin ditu Galdakaoko Udalak 2021ean
Ekonomia
BINKE / 2022ko urtarrila
Inoiz baino kontratazio gehiago egin ditu Galdakaoko Udalak 2021ean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Pressfoto
Lizitazio bidezko azken urteetako 5, 25, 17 edo 24 kontratazioen aldean, Galdakaoko Udalak 43 kontratazio egin zituen iaz. Horietariko asko batu ditu Binkek zerrenda bakarrean, baita EAJk albiste honen aurrean izandako erantzun zorrotza ere.
Galdakaoko Udalak iaz «ohi baino obra eta zerbitzu kontratazio gehiago» egin dituela iragarri du ohar bidez. Hain justu, 43 kontratu berri, «Covid-19ak erabat baldintzatutako urteak izan arren, kontratu asko esleitu ditu Galdakaoko Udalak; herrian alor eta mota guztietako lanak egin eta zerbitzuak ematea ahalbidetu dutenak», adierazi du erakundeak.
Hauek dira Galdakaoko Udalak, Udal Gobernu batekin zein bestearekin izan, azken urteetan egin dituen lizitazio bidezko kontratazioak:
- 2017an, 5 kontratazio.
- 2018an, 25 kontratazio.
- 2019an, 17 kontratazio.
- 2020an, 24 kontratazio.
- 2021ean, 43 kontratazio.
Aurten, momentuz, lau lizitazio zabalik ditu erakundeak: Elexaldeko igerilekuetako tabernako obrei dagokiena, Urretako kiroldegia handitzeko proiektuarena, Unkina kiroldegiaren sarbidea termikoki hobetzeko lanena eta Olabarriko pasabidearen konponketari dagokiona.
Lizitazio horien artean, besteak beste, aipagarrienak hauek direla onartu du Galdakaoko Udalak —batzuk iaz bertan egin eta amaitu zirenak, eta beste batzuk denboran iraungo dutenak—:
- Emakumeentzako laguntza psikologikoa hobetuko duen kontratua.
- Bost ludoteka euskaraz diseinatu eta martxan jartzekoa.
- Kontsumo energetikoa neurtu eta kudeatzekoa.
- Hainbat hirigune eta landa bide asfaltatzeko lanei dagokiena.
- Udalaren zenbait zerbitzu emango dituen kutxazain moduko makinarena.
- Argiteria publikoaren mantentze eta konpontze lanetarakoa.
- Lapurdi eta Ganekogorta kaleak urbanitzatzeko lanei dagokiena.
- Unkina pilotalekuko zorua konpontzeko lanena.
- Sormene sorkuntzen Galdakaoko plaza antolatzeko kontratua.
- Kaiola festibala antolatzekoa.
- Aperribaiko eta Urretatik Tximiolarrerako igogailuen exekuziorako obrak.
- Beharra duten galdakoztarrei laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko programa egiteko zerbitzua.
- Hondakinen lurrazpiko bilketa pneumatikorako mantentze lanak eta hoditeria sistema berri bat jartzeko kontratua.
- Fray Ignacio kalean sare pneumatikoko postontziak ipintzea.
- Lekubasoko atsedenlekua berreskuratzeko obrak.
- Usansoloko liburutegiko leihoak berritzeko lanak, eraginkortasun energetikoa hobetzeko.
- Egia LHI ikastetxeko teilatua aldatzeko obrak.
- Galdakaoko gizarte zerbitzuen erabiltzaileei lege aholkularitza emateko zerbitzua.
- Euskarazko hiri udalekuen antolaketa, kudeaketa eta gauzatzea.
- Galdakaoko memoria historikoa eta oraintsukoa ikertzeko kontratua.
- Haurren jolasguneetarako inbertsioak.
- Markesinak jartzeko obrak.
- Komun publikoaren hornidura eta instalazioa.
Horiez gain, kontratazio txikiak ere egin dituela iragarri du ohar bidez Udalaren prentsa bulegoak. Kontratazio txikiak gehienez 15.000 euroko kostua duten zerbitzu eta hornidura kontratuei eta gehienez 40.000 euroko obrei deitzen zaie.
Azken horien artean daude, esaterako, Udalak iragarritako kontratazio txiki hauek: «Urreta kiroldegirako gimnasio makina berrien erosketa; kiroldegi bereko klimatizazio sistemaren konponketa; Plazakoetxeko kalistenia eremua; Aperribai, Olabarrieta, Bengoetxe eta Zuatzaurre artean bidegorria eraikitzeko obra proiektua; Usansolorako skatepark proiektua; lan eta sexu jazarpenen inguruko ikastaroa; generoaren inguruko lege aholkularitza eta formazio juridikoa; Etxebarrira iritsiko litzatekeen Metrorako lanzadera zerbitzuaren bideragarritasunari buruzko azterketa; bide publikoan abandonatutako ibilgailuak erretiratzea; Bilbo kaleko mural artistikoa margotzea; hainbat emankizun eta ikuskizun kontratatzea; Kulturplazako programaren muntaketa eszenikoa; babestu beharreko ondarearen katalogoa eguneratzea; edota Galdakaoko haurren kontseilua diseinatzea».
«EH Bilduk EAJ-ren bidea jarraitzen du»
Galdakaoko Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere aldetik, zorrotz kritikatu dio iragarritako kopuru horri, «lizitazioak inbertsioen %20 baino ez» direla salatuz eta 43 horietatik «38 kontratu EAJk martxan jarritakoen luzapena» baino ez direla. Zehatzago esanda, horrela dio oposizioko alderdi nagusiak hitzez hitz: «2021eko abenduan lizitatutako lan eta zerbitzu guztiak 2019, 2020 eta 2021eko aurrekontuetan jasotako konpromisoak ziren, hortaz, iaz egin zirela esateak irakurlea nahas dezake».
Urrunago joan dira jeltzaleak Binkeri egindako adierazpenetan, kopuruak ez ezik Udal Gobernuaren kudeaketa ere kritikatuz. Kritika hori hiru azalpenekin egin gura izan dute: lehenik inbertsio horiek «atzerapenarekin» egiten ari direla, bigarrenik gobernu taldeak aipatzen dituen lizitazioen artean «kontuan hartzen ari dira edozein administraziok egin beharreko mantenurako kontratuak, hau da, urtero egiten direnak eta aparteko berririk beharko ez luketenak», eta hirugarrenik «munizipalizatu zitezkeen kontratuak lizitazioetara ateratzen» ari direla.
Baina gainera, «datu txiki bat» ere emateko baliatu gura izan du Udalaren albiste hau EAJ-k, kontratazio txikiak ere kritikatzeko: «Ehunka kontratu-txiki garatu dituzte 2021ean eta, horietako asko, Bizkaitik kanpo kontratatutako zerbitzuei dagozkie».
Amaitzeko, alderdi jeltzaleak bere kritika laburbildu du «EH Bilduren gobernuak zerbitzuen kudeaketan EAJ-ren bidea jarraitzen duela» azpimarratzeko.