Inoizko aurrekonturik handiena onartu du Galdakaoko Udalak, 46 milioi eurokoa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Mugikortasunak, auzoetako inbertsioek eta gizarte zerbitzuek izango dute lehentasuna 2023ko partidan, aurtengoa baino %17,26 handiagoa dena. Besteak beste, 500.000 euro bideratuko dira auzoen arteko autobuserako.
Hurrengo urteko aurrekontua onartu du Udal Gobernuak, 46.461.177 eurokoa hain zuzen, aurtengoa baino %17,26 handiagoa. Erdiguneak eta auzoek izango dute pisu gehiena, aurrekontu parte hartzaileei esker batez ere, mugikortasuna, gizarte zerbitzuak eta berdintasuna izango direla oinarriak.
Mugikortasunari dagokionez, herria lotzea da helburu nagusia eta horretarako 500.000 euro bideratuko dira udal autobuserako. Halaber, Aperribai auzoan eraiki diren hiru igogailuak eta Tximelarrekoaz gain, bosgarren igogailua jarriko da martxan Zubiaurretarren kaletik Juan Sebastian Elkanora —Astorgano zen lekuan—. Proiektu honetarako 400.000 euroko partida proposatu da.
Inbertsioen atalean aldiz, prozesu parte hartzailean erabakitako hainbat partida bideratuko dira, besteak beste:
- Bekeako harraskaren berritzea (66.500 euro)
- Urtebietako irisgarritasuna hobetzeko proiektua (20.000 euro)
- Bengoetxeko lurrazpiko pasabidearen ezabapena (25.000 euro)
- Tximelarreko bolardoen ordezkapena (5.000 euro)
- Usansoloko Emakumeen parkean zuhaitzak eta bankuak (38.000 euro)
- Zuhatzuko ibilbidearen argiteria (31.500 euro)
- Aire libreko kirol instalazioak herriko gune ezberdinetan (49.000 euro)
- Txistulandan kale-liburutegia (20.000 euro)
- Bengoetxe-Trokako memoria historikoaren azterketa (25.000 euro)
- Jugoko bideen seinalizazioa (18.000 euro).
Bestalde, zerbitzu publikoak hobetzeko apustua eginez, hainbat neurri jarriko dira martxan. Batetik, kirol instalazioen kudeaketa zerbitzuaren partida 1.750.000 eurokoa izango da, 2022koa baino 500.000 euro handiagoa. Bestetik, genero-arrakala ezabatzeko, 500.000 euro bideratuko dira zerbitzu publikoetako bi langileek ezberdintasunik izan ez dezaten beraien soldatetan.
Izaera sozialeko proiektuek ere garrantzia hartuko dute. Gazteen emantzipazioa sustatzeari eta behar handiena dutenen premiak asetzeari begira 60 bizitoki eraikiko dira Ibarluzen.
Gizarte Zerbitzuak eta Enplegura bideratutako aurrekontua ere %4,61 handiagoa izango da. Larrialdiko laguntzetarako 950.000 euro izango dira eta Enplegu Planerako 1.000.000 euro. Dendari Elkartearentzat 300.000 euro eta enpresa berriak sortzeko pertsona ekintzaileentzat ordea 70.000 euroko dirulaguntzak izango dira. Bestalde, aurten herriko pertsona migranteen diagnosia egin ostean, 2023an Migrazio Plana eratzeko 103.000 euro proposatu dira.
Alderdien babesa
EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemosek osatzen duten gobernu taldearen aldeko 12 botoekin, EAJren ordezkarien abstentzioarekin eta kontrako hiru botorekin, PSE-EEko biak eta atxiki gabeko zinegotzia, onartu dira aurrekontuak.
Hainbat bilera izan ondoren, EAJren hurrengo emendakinak onartzea adostu du Udal Gobernuak: Usansolo eta Aperribain kirola aire zabalean egiteko zelaiak sortzeko partida, eskola materialak sortutako gastuentzako familientzako dirulaguntzak, hildakoen errautsak bota eta zeremoniak egin ahal izateko hilerrian gune egokitua eraikitzeko partida eta txakurrentzako aisialdi eremuak hobetzeko laguntza.
Proposamen hauek onartuta, PSE-EEk egindako bi eskaera ere bilduko dituzte aurrekontuek,
kirol kantxa eta eskola materialerako dirulaguntzak jasotzea PSE-EEk ere proposatu dituela.
EAJren zein PSEren aurrekontuen proposamenak sakonago landuko ditu Binkek laster.