Inoizko Kaiolarik euskaldunena izango da aurtengoa
Musika
BINKE / 2021eko ekaina
Inoizko Kaiolarik euskaldunena izango da aurtengoa
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Iazko geldialdiaren ostean, bueltan da Kaiola festibala, musika esperimentala eta inprobisazioa oinarri dituen bi eguneko jaialdia. Aurtengo edizioa ekainaren 26 eta 27an izango da, eta «inoiz baino euskaldunagoa» izango dela iragarri dute prentsaurrean. Hementxe batu ditugu festibalaren inguruan jakin beharreko guztiak.
Iaz bi saiakera egin ziren musika esperimentala oinarri duen Kaiola festibala egin ahal izateko, baina bietan erabaki zen jaialdia bertan behera uztea, osasun-egoerak behartuta. Horregatik, «pandemiak jarraitzen badau be eta areto asko itxita badagoz be, oso eskertuta egon behar dogu Udalak kultur jarduerak mantendu eta areagotzeko egiten dauan ahaleginagatik», adierazi du Kaiolaren promotore Aritza Landaluze galdakoztarrak, Torrezabal Kultur Etxeko oholtzan gaur eskaini duten prentsaurrekoan. Prentsaurreko hori Landaluzek berak, Olaia Parra Kultura zinegotziak eta Edurne Espilla Euskara zinegotziak eskaini dute.
Kaiola jaialdia 2016. urtean jaio zela gogoratu du Parrak, eta aurtengo edizioa ere bi egunetakoa izango dela azaldu: ekainaren 26an eta 27an, zapatu eta domekaz, «jaialdien zirkuitu komertzialean sartzeko asmorik ez daukan festibala» ospatuko da Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. Aretoko ateak 16:30ean irekiko dira bi egunetan eta kontzertuak 17:00etan hasiko dira.
Hauxe da aurtengo Kaiolaren proposamena:
Ekainak 26, zapatua
Lehenengo egunean Galgo bikote asturiarra, Elle Belga bikote asturiarra hau ere eta Anari musikari azkoitiarra igoko dira agertokira. Artista euskalduna «inoiz ez da Galdakon egon, eta pozarren etorriko da gurera», adierazi du jaialdiaren promotoreak.
Ekainak 27, domeka
Bigarren egunean berriz, Moxalek estreinatuko du arratsaldea «Arrebetxe» diskarekin —Audience taldeko kide zen Hannot Mintegiaren bakarkako proiektua da Moxal—, eta ostetik etorriko zaizkio gernikarrak lagun dituen Ainara Legardon bilbotarra —40 minutuko saio erabat esperimentala osatuko du Legardonek, bakarka— eta Aitor Etxebarria gernikarra —«Nihilist Part 1» diskaren azken kontzertua eskaintzera dator Etxebarria, Mintegia ere gitarrista izango duela—.
Egun bakarragatik 15€ko sarrera ordaindu beharko da eta bi egunez gozatzeagatik, 25€. Sarrerak salgai daude dagoeneko Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxeko lehiatila elektronikoan.
Jaialdi honek, bere hastapenetatik, nazioarteko protagonistak izan ditu oholtzan. Aurten aldiz, bi talde asturiar izan ezik, gainontzekoak euskaldunak izango dira. Horrela azaldu du Espilla zinegotziak arrazoi hori prentsaurrean: «Pandemiak kilometro bako jaialdia egitera behartu gaitu, baina oztopo izan beharko litzakeena guk aukera ikusi dogu, eta ez dogu urrunera joan beharrik izan kalitatezko festibal bat egiteko».
«Euskarak musika esperimentalean eta inprobisazioan be lekua daukala erakutsiko dogu datorren asteko asteburuan», azpimarratu du Edurne Espillak. Inprobisazioa aipatu du zinegotziak, Espillaren kide den Parraren esanetan, «bertan aritzen diran musikari gehienek inprobisatu egiten dabelako zuzenean». Aurreko edizioetan zuzenekoak zutik edo lurrean eserita ikus bazitezkeen ere, aurten eserita gozatu beharko da kontzertuez —eguneko 200 pertsonako aforoa dago—. Hala ere, izango da aukerarik sartu-irtenean ibiltzeko.
Kaiola festibalaren antolatzailea Galdakaoko Udala da, Aritza Landaluze herrikidea lagun duela, eta babesle ditu Iraragorri hotela eta Noiz Agenda musikala.