Iraia Goitia: «Emakumeok ardurazko kargu gutxiago ditugu lantegietan»
Iraia Goitia, soldatzailea
BINKE / 2017ko ekaina
«Emakumeok ardurazko kargu gutxiago ditugu lantegietan»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ander Arrieta
Askori arraro egingo zaie, akaso, gizonezko bat «emakumeen munduan» lanean ikustea edo emakume bat «gizonen munduan» fin dabilenaz ohartzea. Arraro, ezohikoa den zerbaiten zentzuan. Hiztegi entziklopedikoan «arraro» berba sartuz gero, ordea, «preziatua» edo «apartekoa» ere izan daiteke. Bada, hiru hitz horien konbinazio bikaina da Goitia soldatzailea: preziatzen duen ogibide arraroak aparteko egiten duelako.
«Ezin zaitugu fabrikan onartu ez dugulako emakumeentzako aldagelarik»… Ez esan gehiago, ezagunegia egiten zait eta esaldi hori! Emakumeentzako aldagelarik ez duten hainbat lantegi ezagutu ditut, enpresari batzuei ez zaielako buruan sartzen tailer edo produkzio gunean emakumeak egon daitezkeenik.
Ezagunegia egin zaizu esaldia, horixe bera entzunda duzulako? Bai, eta are txarragoak ere. Gogoan dut ETT baten bidez lan elkarrizketa baterako deitu nindutela eta arduradunak, nire aurrean eta patxada handiz, telefonoz esan zion beste arduradunen bati: «Hemen dago soldadora, baina neska da…». Amorru izugarria eman zidan eta oraindik ere sutan jartzen naiz.
Ez dakigu Binken ondo ari garen. Emakumeen irudia esparru desberdinetatik ikusarazi gura diogu herriari, baina beti amaitzen dugu elkarrizketatuarekin matxismoaz hitz egiten… Galdera hauek egiten jarraituko dira berdintasun ezean jarraitzen dugun bitartean. Emakumeontzat matxismoaz berba egitea ezinbestekoa da, hortxe dagoelako, gure bizitzaren esparru guztietan presente.
Eta lan munduan? Lan munduan zer esanik ez. Orain dela gutxi arte gizonen esparru esklusiboa izan den industria sektorean, %19 pasatxo baino ez gara emakumeak. Bide luzea dugu oraindik.
Berdintasunak arduratzen gaitu, baina lanak ere bai. Soldatzaile izatea aukera izan daiteke emakume askorentzat? Bai horixe. Soldatzaile izatea lan aukera ona da, tradizio handiko sektorea delako gurean eta enpresa asko dagoelako gure inguruan. Egia da soldatzaile gizon asko dagoela eta konpetentzia handia dela… baina esku ona baduzu, ziur ez zaizula lanik faltako!
Gizon soldatzaile asko dagoela diozu. Aldiz, kontu hauetan adituak direnek diote ez dagoela generoen arteko desberdintasunik emaitza kontuetan. Genero aldetik ez dut uste inolako ezberdintasunik dagoenik. Gizon eta emakumeen arteko desoreka hori gehiago dator tradizio kulturaletik emaitzetatik baino.
Sexuen etiketez ari garela, emakumeak pazientzia handikoak eta finagoak omen zarete lanean. Hortik omen «desberdintasun eza» soldatzaileen artean. Ba nire lantokian 13 soldatzaile gaude, eta ni naiz emakume bakarra! Hori bai, soldatzaile froga egin ostean kontratatu ninduten, jarraian! (irribarretsu) Ez dut uste emakume izateagatik hobeak edo txarragoak garenik. Lanaren balorazioa pertsona bezala dauzkagun ezaugarriei begira egin beharko litzateke, ez generoagatik ziurtzat hartzen diren horietan oinarrituta.
Euskal Herritik kanpo badakigu ikastaro asko egiten direla emakumea metalaren munduan integratzeko, baina gurean? Ni behintzat horrela sartu nintzen mundu honetan. Galdakaoko Udalak antolatutako emakume langabetuentzako urtebeteko soldadura ikastaroa egin nuen eta ordutik honetan nabil. Lanbideko ikastaro batzuk ere egin izan ditut soldatzearen inguruan eta horrelakoetan emakumeok lehentasuna izaten dugu, integrazioa bultzatzeko.
Askok esango du gizonen lana egiten ari zarena. Aspertuta antzeko esaldiez? Aspaldi da horrelako esaldi zatarrik entzuten ez dudala, nahiz eta batek edo bestek hori pentsatu. Ogibidea gustuko izatea eta abilezia pixka bat da behar dugun kontu bakarra, beste guztia formazio on batek edo esperientziak emango dizu, berdin dio Manolo edo Maialen deitu.
Eta Iraiari zelan okurritu zitzaion mundu honetan sartzea? Filosofiako lizentziatura ikasten nabilela banekien gerora lana aurkitzea ez nuela erraz izango. Orduan bromatan esaten nuen banekiela «soldadora» amaituko nuela! Behin karrera amaituta, lagun batek lehen aipatutako Udalaren ikastaroaren berri eman eta kuadrilako beste batekin izena eman nuen, eta urtebete aritu ginen.
Ikastaro horretatik zuzenean lanera? Ez. Soldadura mota desberdinak ikasten urtebete aritu ostean, eta asko gustatzen zitzaidala ikusita, ikastaroko irakasle Serafinek animatuta beste ikastaro bat egin nuen, TIG deitutako espezializazioan sakontzeko. Ikastaro hori bukatu baino lehen deitu ninduten froga bat egiteko, eta geroztik lanean!
Zein motako soldaketak egiten dituzu? Momentu honetan TIG prozedura bidezko soldaketak egiten ditut. TIG prozedura, tungsteno izeneko elektrodo bat erabiliz eta korronte konstante batekin egiten den soldaketa mota da. Korronte horrek arku elektriko bat sortzen du tungstenoaren eta landu behar dugun piezaren artean, eta horrek sortzen duen beroarekin soldatzen dugu.
Ai ene! Entzutearekin bakarrik estutu! Tentsio handiko lana aukeratu zenuen ba… Lan zehatza da. Egia da kontzentrazio handia eskatzen duen lana dela eta adi egon behar duzula, piezak neurrian jarri eta ez zulatzeko. Inoxidableak diren tximinia eta tutu oso finekin aritzen naiz, 0’4 eta 1 milimetro arteko lodiera eta 80 eta 1.000 milimetroko diametroa duten piezekin.
Metalaren industrian lan egiteak ematen du lasaitasun laboralik? Gainontzeko sektoreetan bezala, denetik dago. Enpresa indartsuak badaude, hitzarmen propioa dutenak, eta gero Bizkaiko metalaren konbenio zaharra dago.
Hitzarmen zaharra… eta krisiaren aitzakia zaharra? Krisiaren ondorioz lan baldintzek orokorrean beherantz egin dute, baina orain galdutako hori berreskuratzeko une egokia da. Gainera, lan eskaintza nahiko zabala da gure inguruan, oso zabala. Horrek aukera asko sortzen ditu.
Orain txandaka ari zara lanean. Ohituta, pozarren ala zorigaitzez? Arratsalde eta goizeko txandekin erraza egiten zait ondo moldatzea, baina gabekoa beste kontu bat da… Bederatzi urteko seme batekin eta gabeko txandan lanean egotea ez dira oso bateragarriak. Kontziliazio familiarra eta gabeko lana uztartzea ia ezinezkoa da.
Gabaz lan egin behar izanez gero, goizez lo… Eta hori da, niretzako behintzat, zailena. Seme eta etxeko kontuez arduratu behar izateaz aparte, noski! Baina goizez lorik egiten ez baduzu, gabean lanera bueltan zaudenean kontzentrazio falta izugarria nabaritzen da. Horren harira, orain dela gutxi irakurri nuen lantegietako ordu tarterik ez-emankorrena goizaldeko hirurak eta seirak bitartekoa dela. Erabat ados nago baieztapen horrekin!
Zure gremioan berdin kobratzen al duzue gizon eta emakumeek? Teorian, bai. Kategoria profesionalaren eta enpresa-hitzarmenaren arabera kobratzen duzulako.
«Teorian bai» horri hatsa dario… Ba, badaudelako teoria horretatik kanpo egiten diren mila trikimailu… eta orduan sortzen dira desberdintasunak. Adibidez, emakume bati kategoriaz igotzea askoz zailagoa egingo zaie enpresaburuei. Gizonezko batek egingo duen lan berdina egingo du emakumeak, antzinatasun berdina izan dezake baina kobratuko duena gehiago izango da, gizonak kategoriaz igotzen doazelako. Emakumeoi kategoria baxuagotan mantentzen gaituzte eta ardurazko kargu gutxiago ditugu lantegietan. Hortxe soldata amaieraren desoreka.
Beste emakume batzuk soldatzaile lanetan aritzera animatuko zenituzke, ala deskalabru hutsa da? Seguru nago badela langabezian gelditu den eta bere esparruko lanik aurkitzen ez duen emakumerik. Nik horiek animatu gurako nituzke! Ausartak izan eta lan merkatu berriak deskubritzera gonbidatuko nituzke emakumeak, zergatik ez, Lanbide Heziketa edo bestelako ikastaroren batean izena eman eta bertan lehen urratsak ematen hasita. •