Irakasle eta idazle usansolotar bat pederasta izatea salatu dute zenbait ikasle emakumek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Urretxindorra Ikastolako ikasle eta ikasle ohiez osatutako emakume talde batek irakasle eta idazle usansolotar bat pederasta izatea salatu du. Instagram kontu batean argitaratutako adierazpen baten bitartez «sexu-erasoak» salatu dituzte eta «Urretxindorra Ikastola konplize» dela adierazi dute.
Bilboko Urretxindorra Ikastolako irakasle usansolotar baten sexu jazarpena jasan dutela salatu dute zenbait emakumek sare sozialen bitartez. @denuncias_euskalherria Instagram kontuaren bitartez egin dute eta adierazpen bat argitaratu dute Urretxindorra Ikasle Ohiak gisa sinatuta.
Honetan ikasle eta ikasle ohiek azaldu dutenez, aipatutako irakaslea duela 30 urte dabil irakasle ikastola horretan eta umeentzako ipuinak batez ere argitaratzen dituen idazlea da ere. Biktimak aldiz, 10 eta 17 urtekoak dira. «Ez da emakumearen aurkako sexu-indarkeria, haurren aurkako sexu-indarkeria baizik. Pederastia kasu batez ari gara», nabarmendu dute adierazpenean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikerketa abiatu du salaketa honen harira eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, Urretxindorra Ikastolak baztertu egin du irakaslea eta ez dago ikasgeletan. «Ikastolok emakumeen aurkako eraso eta jazarpenaren aurrean irmotasuna eta konpromisoa berresten dugu», adierazi du elkarteak. Urretxindorra Ikastolak bere aldetik, barkamena eskatu du «norbait erasotua edo jazarria sentitu bada».
Adierazpenean irakaslea adin txikiko neskak «inpunitate handiz sexualki erasotzen» aritu dela salatu dute emakumeek: «Irakasle honek bere gustukoak diren neskatoak nota hobeekin saritzen ditu, eta ondorioz, beste ikasleen jazarpena ere jasaten dute. Kontran, bere sexu-gustuekin bat ez datozen ikasleak mespretxatu egiten ditu eta kalifikazio baxuagoak ematen dizkie».
Halaber, ikasgelan «adierazpen sexualak» egiten dituela salatu dute, «beti gizonezko ikasleen konplizitatea bilatuz, eta, ikasgelan giro misogino orokorra sortuz».
Kasu zehatz batzuk azaldu dituzte ere adierazpenean emakumeek, «larriena» duela 25 urte gertatutakoa: «Irakaslea bere bideo-kamerarekin nesken aldageletara sartu zen haiek aldatzen ziren bitartean. Umeetako batek bere gurasoei jakinarazi zien, eta hauek ikastetxeari adierazi zioten, baina ikastolak ez zuen ezer egin».
Salaketa guzti hauen aurrean Urretxindorra ikastolak izandako jarrera kritikatu dute neskek, «gertatu denaren jakitun izan dela eta estali egin duela» adieraziz: «Engainuen bidez ikasleak isilarazten saiatu izan dira». «Ikasleok pare bat gutun idatzi eta bidali genituen irakasle horren aurka sinadurak biltzeko asmoz, baina aurrera jarraituz gero kanporatu egingo gintuztela mehatxu egin gintuzten ikastolatik», azaldu dute adierazpenean. Testu osoa irakurri daiteke hasieran aipatutako Instagram kontuan.
BINKE Ikastolen Elkartearekin eta Urretxindorrako gurasoekin jarri da harremanetan, eta Elkartetik «adierazitakoa baino gehiago hitz egingo ez» duela esan diote. Hedabide hau ustezko erasotzailearekin ere harremanetan jartzen saiatzen ari da, momentuz berarekin hitz egitea lortu ez badu ere.