Irati González: «Emakume garrantzitsuak lantzen ditut nire podcastean»
Irati González, podcast egilea
BINKE / 2022ko otsaila
«Emakume garrantzitsuak lantzen ditut nire podcastean»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Iratiren artxibotik
Gogor dabil jotzen podcastaren moda gurean, eta asko dira —kazetariak edo irrati esatariak izan barik— podcastak entzutetik sortzera igaro direnak. Euretariko bat da Irati Gonzalez galdakoztarra, eta podcast bat zer den azaltzearekin batera azaldu digu emakumeen inguruko bat sortzen ari dela.
Ez da ohikoa egungo gazteen artean irratia kontsumitzen dela esatea, baina ikusizko edukiek horrenbesteko garrantzia duten honetan ia oharkabean sartu dira podcast-ak haien bizitzetan. Gero eta jende gehiagok erabiltzen duen formatu honetan aditua da Irati Gonzalez (Galdakao, 1998), eta gaiaren inguruko hainbat kontu azaltzeaz gain bere proiektu propioaren berri helarazi dio Binkeri.
Nola azaldu egungo gizarteari zer den podcast bat? Podcast bat internetera igotzen den audio-edukia da. Erabiltzaileek kapituluak deskarga ditzakete edo sarean entzun. Beraz, entzuleek erabakitzen dute nola kontsumitu nahi dituzten programak.
Zerk bereizten du podcast bat irratsaio batetik? Nire ustez, alde nagusia, ordutegian datza, irratsaio batek hasierako eta amaierako ordutegi zehatza duela. Programa bat entzun nahi baduzu, irratia piztu behar izango duzu hasten den orduan, informazioa ez galtzeko. Podcasta-n, aldiz, entzulea jartzen du bere eduki-programatzaile bezala. Bestalde, kapitulu bat nahi duzun guztietan errepika dezakezu. Gainera, ez dago publizitate-etenik eta kapitulu bakoitzak iraupen desberdina izan dezake.
Ikusizko edukiek horrenbesteko garrantzia duten honetan, nolatan hartu dute halako pisua podcast-ek? Nik esango nuke podcast-a protagonismoa hartzen ari dela, entzuten ari zaren bitartean beste gauza batzuk egiteko eta informaziorik ez galtzeko aukera ematen dizun formatua delako. Horrez gain, entzulearen sormena ere gehiago pizten du, eta komunikazioa askoz ere hurbilagoa da. Sortzailearen ikuspegitik, ikus-entzunezkoa baino aukera merkeagoa da, eta arrakasta izanez gero, oso errentagarria izan daiteke.
Egunaren zein unetan kontsumitzen du bereziki entzuleak podcast-a? Entzule bakoitzaren gustuen eta errutinaren araberako da dena. Esan bezala, podcastak une bakoitzean entzun nahi duzuna aukeratzeko askatasuna ematen dizu. Nik, pertsonalki, eguerdietan entzuten ditut, edo unibertsitatera bidean naizenean.
«Esto va de mujeres» izeneko podcast bat duzu. Zer aurki genezake bertan? «Esto va de mujeres» proiektuan, historiako emakume garrantzitsuen bizitza kontatzen dut. Kapitulu bakoitza pertsonaia bati eskainita dago. Orain arte, 27 emakume harrigarrien istorioak azaldu izan ditut —adibidez, Edurne Pasaban, Simone de Beauvoir edo Marilyn Monroe—. Bere esperientzietatik eta gogoetatik asko ikasi dut eta horregatik, asko nire erreferente bihurtu dira.
Zein gomendio emango zenioke mundu honetan hasi nahi duen bati? Podcast bat grabatu baino lehen, ideia ondo lantzea, pentsatzea eta, pixkanaka-pixkana, garatzea garrantzitsua dela esango nuke. Eta noski, lan asko egin eta ez amorerik eman, oso pazientzia handia izan, emaitzak iristen dira-eta!