«Isilik, mesedez», Xabi Zamakona
Xabi Zamakona Gonzalez
BINKE / 2019ko martxoa
Isilik, mesedez
«Por qué no te callas?» esan zion behin Espainiako erregeak Hugo Chavezi, munduari bira eman zion liskar batean. Izan ere, pertsona batzuek zailtasun izugarriak dituzte isilik egoteko.
Gizarte honetan denok dauzkagu iritziak sortuta, eta gure ikuspuntua defendatu nahi dugu guztiaren gainetik. Horretarako, arma boteretsu bat erabiltzen dugu bestearen aurka eraso egiteko: hitza. Hala ere, ez gara konturatzen egiten ari garen akats galantaz: bestearen hitzak ez ditugu entzuten, gureak esateko premia handiegia dugulako. Hortaz, hitzak airean galtzen dira.
Aurreko ideia hori iraultzeko, isiltasuna goraipatu nahiko nuke. Ongi erabiliz gero, pertsonei mesede egiten digun jarrera bat baita. Isilik egotea terapeutikoa da batzuetan; denboraldi txarra pasatzen ari den bikotekideari entzutean, senitarteko bat galdu duen lagun mina kontsolatzean, lanean arazoak dituen lankideari ulertzean… Batzuetan ez, askotan, isilik egoteak mila hitzek baino gehiago balio du.
Ikas dezagun, bada, isiltasunaren artean trebatzen. Ernest Hemingway amerikarrak esan zuen bezala, bi urte behar ditugu hitz egiten ikasteko, eta hirurogei isilik egoten ikasteko.