Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar: «Euskal Herrian bost igerilarik bakarrik egin dugu Mantxako kanala»
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, abenturazaleak
BINKE / 2023ko urria
«Itsasoko erronkak abiapuntu, marrazki bidezko eduki animatuak sortzen ari gara: Kokoak»
Iskander Sagarminaga Ateaga (1983, Galdakao) eta Eider Eibar Zugazabeitia (1980, Bilbo) Galdakaon bizi den bikote artistikoa baino gehiago dira. Bikote sentimentala ere badira, baina euretariko bakoitza erreferente bat da bere esparruan: Sagarminaga informatikaria da eta informatikako irakasle dihardu gaur egun; Eibar berriz, ilustratzaile profesionala da. Bien ezagutza batuta sortu dute Kokoak.eus ekimena.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Itsaso zabaletik eta neopreno barik lotu berri ditu Ingalaterrako eta Frantziako kostaldeak igerian Iskander Sagarminaga galdakoztarrak. Euskal Herrian bost igerilarik baino ez dute lortu erronka hori, eta are gutxiagok alboan bidelagun ezin bereziagoa izanda: Eider Eibar ilustratzaile ezaguna. Ez da, baina, bikote honek elkarrekin bete duen abentura ezta proiektu bakarra ere. Elkarrekin zenbait erronka bete dituzte eta marrazkien unibertso berria sortu dute.
Igeriketa asko gustatuta ere, nola okurritzen zaio pertsona bati itsaso zabalean aritzea? Iskander Sagarminaga (IS): Beti izan dut itsasoarekin harremana, txiki-txikitatik urpekaritzan, olatuak hartzen… jolasten ibili naiz. Ez dut igeria itsaso barik ulertzen. Orain zortzi urte Eiderrekin, lan kontuak direla Mallorcan geundela, hamar kilometroko zeharkaldi bat ikusi genuen, Sa Dragon uharteari buelta ematen ziona. Paisaia eta ibilbidea ikusita, proban parte hartzeko gogoa sartu zitzaidan. Eta egin nuen. Kristoren esperientzia polita izan zen; nire bizimodu berriaren hasiera.
Mantxako kanala egin berri zaudete. Ez dakigunontzat, zein neurriko proba da? IS: Mantxako kanala distantzia luzeko munduko probarik esanguratsuena da. Distantzia luzeko edozein igerilarirentzako ametsa. Bere gogortasuna izugarria da: tenperatura baxua, korronte handiak, ehundaka marmoka, merkantzia-itsasontzi erraldoiak, gabaz eta azkar uger egin beharra…
Igerilari trebea izan beharko duzu ba! IS: Oso igerilari trebatua izan behar duzu Mantxako kanala igerian zeharkatzeko, bai. Hotza ondo daramana izan behar duzu, erresistentzia handikoa, abiadura ere izan behar duzu, ez zara erraz mareatzen den horietakoa izan behar, elikadura ere ondo eraman behar duzu… Ezin duzu horrelako puntu batean ere kale egin, bestela porrot egiteko aukera handia izango duzu. Gainera itsasoaren eta eguraldiaren menpe zaudela gehitu behar diozu guzti horri.
Euskal Herrian zenbat pertsonak zeharkatu duzue Mantxako kanala igerian? IS: Euskal Herrian bost igerilarik bakarrik egin dugu, eta mundu mailan 1.903 igerilarik. Oso pertsona gutxi gara, igerilari guztiek egin nahi duten proba izan arren. Saiakerak, esaterako, 8.000tik gorakoak izan dira.
Nazioartean gutxik lortutako erronka gehiagorik baduzu? IS: Baten bat, bai. Jerseyko zeharkaldia adibidez, 68 kilometrokoa, 163 pertsonak egin dugu mundu osoan, ni euskaldun bakarra izanda. Ekainean antolatu zen edizioan, esaterako, bost pertsonak bakarrik bete genuen zeharkaldi osoa. Tenperatura baxua dela eta ez da ekainean saiakerarik egiten, baina aurten egin genuen: 13,8 graduko tenperaturan 10 orduz bete nuen zeharkaldia.
Eta Mantxakoa egiteko, zenbat denbora behar izan zenuten? IS: Mantxako kanala egiteko 11 ordu eta hiru minutu behar izan nituen. Marea biziak zirela eta azken kilometroak oso gogorrak egin zitzaizkidan eta denbora luzez egon nintzen korronteei aurre egin ezinik. Azkenean marea korronteei egindako deribagatik 48 kilometro igeri egin ondoren iritsi nintzen Ingalaterrako kostaldetik Frantziako kostaldera.
Hainbeste ordu igerian, gelditu barik? IS: Bai, ezin nintzen gelditu, korronteak atzera bultzatzen ninduelako eta egindako lana berreskuratu behar nuelako bestela. Ofizialki igeri egin behar nuen astetik kanpo sartu nintzen itsasoan gainera, marea bizietan; aurreko astean, zegokidan astean —marea hiletan— eguraldi txarra zegoelako. Marea bizietan jasan nuen korrontea oso handia izan zen, eta horregatik egin behar izan nuen dena ziztu bizian, gelditu barik.
Zelan egiten dituzu hainbeste ordutan zure beharrizanak? IS: Jatekorik ez nuen hartu, jaki guztiak likidotan urtuta hartzen nituen, Eiderrek ondoko itsasontzitik soka bati lotuta jaurtitzen zidan botilatxo batean. Esku batekin botilatxoa hartu eta edan, beste eskuarekin eta hankekin igerian jarraitzen nuen bitartean. Txiz ere igerian egiten duzu. Hori ere ez da erraza, entrenatu behar da. Besterik egitea ez zitzaidan suertatu. Baina tira, bainujantzia jaitsi eta kito, gogoak badituzu ez duzu esfortzu handirik egin behar! (barreka)
Zer da okerragoa: uraren tenperatura baxua ala korrontearen aurka igeri egitea? IS: Uraren tenperatura 17 gradutan zegoen. Hotza, baina nahiko ondo daramat, ondo entrenatuta nago, banekien ez zela arazorik izango. Txarragoa izan zen Jerseykoa, eta egin nuen. Mantxako kasuan korrontea izan zen psikologikoki gogorrena. Marea bizietan egin nuen igeri, super ilargia zegoenean, mareak zazpi metroko ezberdintasuna izan zuen, azken zatiko bi kilometro eta erdiak —zuzenak izan beharko luketenak—, korronteak zazpi kilometro bultzatu ninduen mendebaldera, gero hiru kilometro ekialdera… Ez zidan aurrera joaten uzten, nahiz eta indartsu nengoen eta azkar ari nintzen igerian. Hori da gogorrena.
Hala ere, hotzari errazagoa egingo zaio neoprenoa jantzita, ezta? IS: Horrelako probetan neoprenoa debekatuta dago. Laguntza handia da neoprenoa-eta: hotza kentzen dizu —beraz, gorputzak lan gutxiago egin behar du eta kaloria gutxiago xahutuko dituzu horretan—, marmoken aurrean babestu egiten zaitu eta askoz azkarrago joan zaitezke —zehatzago esanda, esfortzu bera eginda, neoprenoa jantzita 10 segundo arinagoa izan zaitezke 100 metroko distantzian—. Horregatik, erronka hauek egiteko, bainujantzi txiki batekin joan behar duzu. Besterik ez.
Itsaso zabalean, izaten duzue «bisitari sorpresarik»? IS: Mantxako kanala zeharkatzen bi ordu luze eman nituen ehundaka marmoka saihestu nahian. Sei motatako marmokak desberdindu ahal izan nituen eta kontu handiz ibili behar izan nuen, ez nekielako hauen ziztadek nolako erreakzioa sortuko zuten nire gorputzean…
Tira, eta marmokak baino ez baziren izan… IS: Hiru marrazorekin egin dut topo, orain arte, igerian noala. Susto ederrak hartu nituen! Behin, nigandik zentimetro gutxira atzetik datorrela aurreratu ninduen marrazo batek! Itsasoko entrenamenduetan fokak, izurdeak, dortokak, mantak eta ilargi arrain handiak ikusteko aukera izan dut. Gustuko dut animaliak ikustea. Askotan gelditu eta Eiderri kamera eskatu izan diot, animalia bitxiren bat grabatzeko.
Nola bizi duzu zuk zeharkaldi bakoitza, Eider? Eider Eibar (EE): Nire lehenengo lana Iskanderrekin batera zeharkaldia prestatzea izaten da. Bigarrena berriz, Iskander igerian ari den bitartean behar duen edari, janari eta informazioa ematea eta animatzea izaten da. Eta hirugarrena, erronkan zehar marrazkiak eginez berau irudikatzea.
Zer sentitzen duzu hainbeste orduz eta itsaso zabalean igerian ikustean? EE: Ederra da Iskander hainbeste maite duen zerbait egiten ikustea. Zoriontsu joaten da, irribarreka ikusi dezakezu txalupatik. Jateko edo edateko geratzen denean beti arduratzen da bere alboan goazen horiengatik, eta horrek grazia handia egiten dit! (irribarretsu) Gauez, iluntasun horren erdian igerian hastean, beldurra sentitzen dut eta beti nabil adi, itsasoko bisitarik duen begira. Bukatzean, harrotasuna, hori da sentitzen duguna. Izugarria da Iskander lortzen ari dena!
Gai zara erronka bakoitza marrazkiz irudikatzeko? EE: Marrazkiz hitzez baino hobeto adierazten naiz, hori baita nire bizimodua. Oparia deritzot halako erronkei irudia jarri ahal izatea. Denetan ikasten ditugu zenbait gauza, aurkikuntzak egin eta animalia eta lagun berriak ezagutu. Oso dibertigarria da guzti hau marraztuz adierazi ahal izatea. Gainera Iskanderrek badu bere pertsonaia marraztua ere, eta oso xelebrea da! (barreka)
Igeriketa kirol indibiduala dela uste duenari, zer esango zeniokete? IS: Bada kirol indibiduala, norbera da igerian dagoena eta erronkari aurre egiten diona. Baina alboan daudenei esker lortzen duzu erronka bakoitza. Gainera igerilekuan taldearekin entrenatzen zara. Galdakaoko igeriketa taldearekin oso gustura nabil, adibidez. Kristoren taldea dago, eta ni baino askoz gazteagoak izan arren oso ondo hartu naute. Itsasora aldiz, norbaitekin joan behar duzu beti. Horretarako Getxo Galea Ur Irekiak taldearekin egiten dut igeri. Gero beti geratzen gara zerbait hartzeko eta bizitakoa kontatzeko, eguraldi txarra badago igerilekura goaz, probetara ere batera goaz… Horretan, egia da, taldeko kirola dena.
Zelan eta zenbat entrenatzen zara? IS: Lanaren araberakoa da dena. Astean bost egunez egiten dut igeri, edo horretan saiatzen naiz. Urtean 900 kilometro egiten ditut igerian: horietatik 550 itsasoan eta 350 igerilekuan. Indarra ere lantzen dut eta yoga edo pilates egiten ere saiatzen naiz. Elexalde Zentrura joaten naiz horretarako, giro aparta dago eta oso gustura burutzen ditut bertako entrenamenduak!
Psikologikoki zelan entrenatu daiteke gogortasun honetako proba baten aurrean? IS: Erronka hauek lortzeko alderik garrantzitsuena psikologikoa dela esango nuke, bai, fisikoa baino gehiago. Oso ondo ezagutu behar da norbere burua. Kirola egin dut bizitza osoan eta badakit zelan erantzuten duen nire gorputzak. Itsasoan ere urte osoan uger eginda egoera desberdinei egiten diet aurre. Baina yogan egiten dudan meditazioa ere lagungarri zait horretan: buruan egoera txarrenak imajinatzen ditut eta hauei zelan aurre egin mentalki prestatu.
Zure burua arriskuan ikusi al duzu inoiz? IS: Ez, beti izan dudalako norbait alboan: itsasontziak, Eider, lagunak, antolakuntzakoak… Egia esan, ez bada itsasoko motorrean hurbil pasa den baten bat, ez dut inoiz arriskurik ikusi. Hala ere, erronka gogorrak izan arren, inoiz ez naiz muga fisikora iritsi. Ondo ezagutzen ditut nire mugak eta arriskua ikusten badut edo ez badut nire burua ondo ikusten, neurriak hartzen ditut. Gainera erronka hauetan alboan konfiantzazko norbait izatea derrigorrezkoa da, ondo ezagutzen zaituena eta zerbait arraroa egiten ikusten bazaitu, uretatik aterako zaituena.
Valentzian kirol merezimenduaren domina jaso berri duzu, eta Galdakaok ere aitortza bat egingo omen dizu laster. Zelan hartu dituzu izendapenok? IS: Alacanten jasotako Kirol Merezimenduaren Dominaren ekitaldia izugarria izan zen. Ez nuen horrelakorik espero. Oso ekitaldi hunkigarria izan zen eta harro daramat jaso nuen domina. Denbora laburrean hainbat itsas-erronka esanguratsu lortu ditut eta baliteke oraindik ez dudala behar den denbora izan egindakoa barneratzeko, horregatik, asko eskertzen ditut kanpotik datozen aitortzak.
Zuretzako, Eider, inspirazio iturri ere bada Iskander, ezta? EE: Bai, erabat. Bera eta berarekin batera sortutako pertsonaia guztiak. Marrazten jarraitzeko, teknika berriak ikasteko, bide artistiko berriak frogatzeko eta istorio berriak asmatzeko inspirazioa da Iskander eta inguratzen duen itsasoko bizimodu hau ere.
Hortik dator akaso Kokoak proiektu bateratua? EE: Elkarrekin geundela, marrazkia eta teknologia berriak nahastuz sortu zitezkeen bide berriak ezagutzeko gogoa piztu zitzaigun. Iskanderrek irudi bizia, bideoa eta teknologia berriak frogatzeko eta ikasten jarraitzeko gogoa zeukan eta nik marrazketa teknika desberdinak, eskulanak, interakzioak, animazioa,… guzti honetan sakontzeko irrika. Honela, marrazki bidezko unibertso berri bat sortzea otu zitzaigun: kokoak.eus
Zein du helburu ekimenak? EE: Une honetan Margo Piratak izenekoa da Kokoak unibertsora gehitu berri den egitasmoa eta bertan, Iskanderren itsasoko erronkak abiapuntutzat hartuta, haurrentzako marrazki bidezko euskarazko eduki animatu eta dibertigarriak sortzen ari gara, Euskal Herriko haurrek Iskanderren abenturen berri izan eta zazpi itsasoetako kontu zoragarriak deskubritu ditzaten.
Hurrengo erronka ilustraturik baduzue eskuartean? EE: Mantxako kanala zeharkatuta, Zazpi Itsasoak izeneko erronken lehena burutu eta marraztu dugu. Orain, beste seirak falta zaizkigu. Iskanderrek indartsu ikusten du bere burua eta Iparraldeko Kanala, Ipar Irlandatik Eskoziara dagoen itsasartea du begiartean eta nik prest dauzkat margoak. Laguntzak lortu eta itsasontziko kapitainak baiezkoa ematea falta zaigu! •