«Iturriak», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2024ko apirila
Baserri bakarrak zein auzunekoak eraikitzean, leku altua eta eguzkibegia aukeratzen zan. Leku horretan, iturria zan beharrezkoa ura edateko eta urrun barik erreka bat ganaduentzat zein etxeko bogada-garbikuziak egiteko. Ur mota ezbardinetako iturriak daukaguz: haitz-ura, haitz barrurik harakoa; metal edo burdin-ura, burdin kolorekoa; uratsa, ur sulfurosoa; gesala, ur gaziduna; urberoa, ur beroa emoten dauana. Iturriko ur batzuk edatekoak dira eta beste batzuk osasungarriak eta bañuetxeetan erabiltzekoak. Zeberion, esaterako, bañuetxe bi egon ziran, bata Uratsen eta bestea Gesalen. Txorro-iturria, danean, ura garbi dator, baina otsin-iturria danean, kontuz ibili behar da zein ganaduak apatxak sartu eta kontaminatu. Horregaitik, iluntzean, «abemariak» jo eta gero ekarten zan iturrioko ura, bedeinkatu egin behar zala esaten euskuen gure aurrekoek. Gorbeiako pastoreek be, iturburuko ura estaldu egiten eben eta ubidetxu bategaz beheragoan egin otsin bat ganaduentzat. Iturriak, bidebatez, topagune eta barriketa leku be izan dira. Iturriko ur berbera edatetik ei dator nortasun-esaera hau: «Urak emoten jok horko izakera». Baleiteke!