Javi Bravo: «Kirolari ahaztuak gara arbitroak, baina gu ere kirolariak gara»
Javi Bravo, saskibaloi-epailea
BINKE / 2021eko abendua
«Epaileak ere asko gozatzen du harmailak jendez lepo ikusita»
Javi Bravo Loroño
1980, Galdakao
Administrazio eta Finantzako Goi Mailako teknikaria da Javi, eta horretan ari da lanean egun. Baina bere aurpegirik ezagunena ekarri dugu Binkeren azalera, saskibaloi munduan denek ezagutzen dutelako epaile lanetan. Eta 1993tik daraman jardun horretan arbitratu ditu Bravok saskibaloiko norgehiagoka oso garrantzitsuak, Espainiako Erreginaren eta Printzipe Kopetako hainbat partidu edo ACBko igoera-finalak kasu.
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa
TESTUA: Jon Gomez Garai
Fama gogorra du kantxan, eta behar bada halakoa izatea ere bada bere lana. Baina gizon isila, atsegina eta irribarretsua da Javi Bravo galdakoztarra, saskibaloi profesionaleko bigarren mailako epaile ezaguna. Gaur egun, astebururo espainiar estatuko kantxetan aritzen da. Horregatik, bere alderik intimoena ezagutzeko, aspaldi zapaldu ez duen Urreta kiroldegiko kantxara gonbidatu dugu.
Kirol-epaileen argazkian, erdikoa beti da garrantzitsuena, ezta? Hirurak gara garrantzitsuak, baina erdikoa da epaile printzipala, hori bai. Hirurok egin behar dugu lan berbera, nahiz eta erdikoak izan beti azkeneko hitza.
Ba zu beti ikusten zaitugu erdian! (barreka) Bai, tira, egia da. Urte asko dira eta, esaten den bezala, «esperientzia gradu bat da». Baina ez da beti horrela izan. Gainera, denetik dago zer ikasi, eta bide guztietan asko ikasten da. Hori bai, erdian egoteak ere lan eta erantzukizun handia dakar. Eta ez bakarrik bi taldeei begira, epaile nagusiak kontrolatu behar duelako beste bi epaileen lana ere.
Zelan iritsi da Javi hona? Ufa! Bertigo pixka bat ematen dit ba atzera begiratzeak, ez pentsa! (barreka) Herriheztegi eskolan —gaurko Urretan— larunbat goizetan eskolarteko partidak arbitratzen hasi nintzenetik. Epaile izateko ikastaroa egin nuen galdakoztarra ere baden Pepe Godoy lagunarekin. Ostegunero joaten ginen Deustura entrenatzera, eta ostiraletan federazioko hitzaldi teorikoetara. Denbora igarotzen zioan eta pixkanaka kategoriaz igotzen nindoan… Egun batean Lloret de Mar-era, Espainiako txapelketa batera, joateko deitu ninduten arte —bertan 13 urte zituen Riky Rubio delako bat arbitratu nuen (irribarretsu)—. Han Espainiako Saskibaloi Federazioko asko aritu ziren gurekin lanean, eta oso pozik bueltatu nintzen.
Zergatik epaile? Saskibaloian jokatzen nuelako. Behin klubean galdetu ziguten ia baten batek lagundu zezakeen txikien partidak arbitratzeko, eta nik izena eman nuen. Baina kadete arte Ibaizabalen jokatzen ibili nintzen.
Eta zergatik saskibaloian? Aita saskibaloi zale amorratua da eta Ibaizabalen ibili da urte askotan entrenatzaile. Nik ere horrela aukeratu nuen saskibaloia, eta gustatzen zitzaidan kirol honek duen talde-lana, errespetua eta giro ona. Ez nuen hori galdu nahi, horregatik epaile ere saskibaloian. Beste era batean bada ere, saskibaloi munduan jarraitzeko modu polita da.
Galdera deseroso bat: orokorrean, jokalari frustratu bat al da epailea?Lehen esan dizudan moduan, kadete mailara arte ibili nintzen jokalari, eta egia da ez nuela etorkizun handirik ikusten horretan, baina epaile izateko hautua egin nuen eta zorionez ondo baino hobeto joan zait bide honetan. Erabaki horrek nire bizitza aldatu zuen, eta atzera egin beharko banu ere, erabaki bera hartuko nuke gaur.
Pandemiak kantxak ere zalez hustu ditu. Epailea izan da, agian, harmailak publiko gabe egotearen onuradun bakarra? Inondik inora ere! Epaileak ere asko gozatzen du harmailak jendez lepo ikusita, oihuka, bere esentzia hutsean. Iazkoa oso gogorra izan zen zentzu horretan guretzat ere. Guk ere PCR probak astero egin behar izan ditugu, baimen zorrotzekin bidaiatzen konfinatuta geundenean, pabiloitik etxera, etxetik pabiloira, jende gabe harmailetan…
Tira, sikieran etxetik irten zintezken. Bai, egia da, gogorra zen, baina zentzu batean pribilegiatutzat nuen nire burua, irten eta deskonektatzeko aukera nuelako saskibaloiari esker.
Inork ez ditu kirol-epaileak animatzen? Bai, noski. Eta eskerrak! Pertsonak gara eta guri ere eragiten digute egoerek, oihuek, animoek… Beraz, animoak ematen dizkiguten horiengatik ez balitz, ez nintzateke egiten nabilena egiten ibiliko.
Noren inguruan ari zara? Familiaren inguruan, zelan ez. Hamahiru urte nituenetik gurasoen babes barik ez nuke ezer egingo, aitak eramaten ninduen partida guztietara-eta, zer egingo nuke bera barik! Batzutan nik arbitratu eta berak aktak egiten zizkidan gainera! Imajinatzen dut guraso batzuentzat ez dela erraza izango bere seme-alaba epailea dela ikustea, baina eurengandik ez balitz ez nuke aurrera egingo, horregatik oso eskertuta nago eurek emandako babesarekin. Eta gaur egun, osatu dudan familia dira nire motorra. Jakitea, erdi-ezkutuan bada ere, harmailetatik Usue eta etxeko txikiak hortxe ditudala niri begira, harrotasun bat da eta horrek motibatzen nau. Gauzak ondo ez doazenean ere, eurek dira nire babesa. Eskerrik asko, familia!
Hala ere epaileei, saskibaloian, futbolean baino gehiago ala gutxiago iraintzen zaituzte? Ez du zerikusirik futbolarekin. Saskibaloian futbolean baino askoz errespetu handiagoa dago. Lagun asko ditut futbolean aritu direnak, eta inoiz joan izan naiz eurek futbolean ikustera. Beti esan diet, nik ezin izango nukela futboleko epaile izan… Ez nuen ondo igaro epaileen aurka edozerk balio zuela ikustearekin. Ulertzen dut protesta, errespetuz egiten den guztietan jokoaren parte delako, baina protestatik irainetara igarotzea ulertzen ez dudan zerbait da. Une horretan honek kirola izateari uzten dio.
Zelan darama familiak epailea hainbeste kritikatzen dela ikusteak? Orain, ondo. Eta «orain» diot, badakitelako orain esaten didatenak ez didala hainbesteko eraginik egiten. Baina hasieran ez zen hain erraza izan… Gogoan dut ni baino sei buru altuagoa zen jokalari batek bultzatu ninduenean, eta nire ama harmailetan begira zegoela… Tira, orain jokalari hori ikusi eta besarkada bat ere ematen diogu elkarri. Baina egia da 28 urtetan ez dudala esperientzia txar handirik bizi izan.
Denbora larregitxo daramagu gauza negatiboen inguruan berba egiten. Hemen jarraitzen baduzu, txarrak baino gauza on gehiago daudelako izango da, ezta? Duda barik. «Gehiago» ez, onak askoz gehiago dira. Lagun oso onak egin ditut, batzuekin familia osoarekin landetxeetara edo oporretan joaten garen horietarikoak gainera! Eta polita da batzuen eta besteen seme-alabak —berdin da euskaldunak, Leon, Valentzia, Madril edo Santanderrekoak izan— denak elkarrekin jolasten ikustea. Orduan ez gara epaileak, lagunak gara. Baina gainera, arbitrajeari esker inoiz ezagutuko ez nituzkeen hiriak ere ezagutu ditut! Melillan ez dakit zenbat bider egon naizen dagoeneko! Iberiar penintsulako edo Kanariako zein Balearretako nongo jatetxea gomendatzea gura duzu? (barreka)
Hiri eta jatetxe onez gain, zer daramazu etxera norgehiagoka bakoitzetik? Ba, gutxi eramaten saiatzen naiz, eramango dudan hori egindako lanari bueltak eta bueltak ematea bada. Kirol lana eta etxeko bizimodua ahalik eta gehien desberdintzen saiatzen naiz, nahikoa dute etxekoek jasan behar dutenarekin-eta!
«Kirol lana» aipatu duzu. Gizarteak hartzen al du arbitro bat kirolari? Kirolari ahaztuak gara arbitroak. Baina noski kirolariak garena eta gogor entrenatzen duguna. Kirolaren parte gara, eta nahiz eta batzuei gustatu ez, kirol-epaile barik ez dago joko arauturik.
Gainera, partidu batean, korrika gehien egiten duenetarikoa izango zara, ezta? Zelan entrenatzen zara? Bai, gu une oro korrika ari gara batetik bestera, eta horretarako gogor entrenatu behar gara. Gainera sakrifizio handiko entrenamenduak dira, gu normalean bakarrik ibiltzen garelako, horrek dakarren diziplina eta borondate beharrarekin.
Aita izanda, arratsaldez ezin izango duzu entrenatu! Ondo ezagutzen nautenek badakite lanera goizean goizetik joaten naizela eta entrenatu are goizagotik egiten dudala, 05:00 aldera… Baina arratsaldean txikitxuen bila eskolara joan behar badut, edo igerilekura eraman behar baditugu, edo eurekin bakarrik egoteko bada ere, horrela moldatu behar! Eta udako oporretan, berdin!
Norgehiagoka baten aurretik, talde bakoitza analizatzen duen horietarikoa zara? Gutxik jakingo dute partidu baten aurretik dagoen lana. Behin norgehiagoka zein izango den jakinda hasten da gure lana, hilabeteko tartearekin: bidaia antolatu, beste bi arbitroekin WhatsApp taldea sortu eta aurreko asteetan taldeen alor desberdinak ikertzen ditugu, talde bien «scouting»-a —kirol analisia eta estatistikak— ezagutu, jokalari onenen berri izan, beste partidu batzuetan gertatu zaizkienak jakin… Eta aste horretan bertan analisia egiteko online solasaldi bat izaten dugu, baita egunean bertan ere.
Goi-mailako saskibaloian ere «igerilari» asko dago? Badago bai, baina zorionez gutxi dira. Lehen errespetuaz aritu naizenean, hau ere aipatu gura nuen. Saskibaloian «igerilekura botatzea» —edo «flopping» izenez ezaguna den antzezpena— zigortuta dago. Behin gertatu daiteke, baina abisatu egingo dugu, eta falta tekniko batekin zigortu dezakegu jokalaria.
Partiduaren amaierako txistuekin amaitu da zure jardunaldia? Ezta pentsatu ere, oraindik osteko lan asko geratzen zaigu. Asteburu guztietako partiduak ikustera derrigortuta gaude, gure jardunaren inguruko informea egin behar dugu eta interesgarri ikusi ditugun jokaldiak bideoz gorde behar ditugu. Guzti hori hurrengo asteartearen aurretik. Eta ostean ere partidu horretako epaileak teknikari batekin batu behar gara berriz, eta norgehiagokaren inguruko balorazioa eta hobetzeko ekarpenak egin… Guzti horri, besteak beste, hilero egin behar ditugun test teoriko eta bideo-testak gehitu behar zaizkio.
LEB Oro ligan ari zara, kirol-epaile izatetik bizi daiteke? Bizi, bizi daiteke, bai. Baditut epaile izatetik bizi diren kideak. Baina agian beste egoera familiar batean daudelako bizi dira horrela, seme-alabarik eta aparteko gasturik gabe… Konplexua da gure egoera, horretatik bizi diren jokalari profesionalak arbitratzen ditugulako baina gutariko asko erabat profesional izan barik. Zer gertatzen da bestela lesionatzen bagara? Ez dugula kobratzen.
Eta zelan uztartzen duzu ba zure eguneroko lanarekin? Ez da erraza. Nik astelehenetik ostiralera egiten dut lan, eta liga honetan partidu asko ostiraletan dira; batzuk baita aste barruan ere. Hala arbitratzea badagokit, nire opor egunetatik hartu behar dut. Zorionez, aukera ematen didan lan bat daukat, baina ezagutzen ditut arbitratzeari utzi behar izan zioten kideak, jasanezina zen une bat iritsi zitzaielako. Txarrena nire kasuan horixe da, oporretatik hartu behar izatea eta beraz gozatzeko opor-egun eskasak izatea. Are meritu handiagoa familiak —kasu honetan ere—, nire egoera ulertzen duelako.
Zein da bihar arbitratzea gustatuko litzaizuken norgehiagoka? Edozein da inportantea, badakizulako partidu horretara iristeko talde bietako jokalari eta teknikoek lan handia egin dutela. Baina zelan ez, denoi egiten digu ilusioa erabakigarriak diren norgehiagokak arbitratzea, edo finalak. Horrelako batean aritzeko deitzen bazaituzte, zugan konfiantza handia dutelako da, eta horrek asko betetzen zaitu. Zure galderari erantzunez, etorkizunera begira gustatuko litzaidakeen bat baino, aurreko denboraldian arbitratu nuen bat aipatuko dizut: ACBra igotzeko Granadan arbitratu nuen lehenengo finala. Ez dut inoiz ahaztuko!