Joana Lasheras: «Platoan baino, nahiago dut kalean jendea elkarrizketatzen aritu»
Joana Lasheras, kazetaria
BINKE / 2022ko apirila
«Paisaiekin batera jendea izan da aurtengo Korrikaren altxorrik handiena»
- Joana Lasheras Perez
1980, Iruñea
Iruñerriko San Fermin ikastolan eta Nafarroako Unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazioa ikasitakoa da apirileko protagonista. ETBtik kanpo lanean aritu bada ere, bere ibilbiderik emankorrena Euskal Telebistan egin du eta egiten ari da Lasheras. Besteak beste, sei urtez ETB-2ko «Pásalo» saioan erreportari aritu da, ETB-1eko Ur Handitan saioan erredaktore, Xabier Euzkitzerekin batera Anitzele saioaren aurkezle eta, gaur gaurkoz, albistegietarako erreportari.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
ETBko albistegietako aurpegi ezagun bihurtu da Joana Lasheras kazetaria, Galdakaon 15 urte daramatzan iruindarra. Korrikaren jarraipen berezia egiten ibili da gainera Euskal Herri osotik, Egunon Euskadi saiorako eta Gaur Egun zein Teleberrirako. Korrikarekin bizitakoen inguruan eta kamera aurreko bere lanaz aritu zaigu, baina baita ETAren atentatuekin edo Hodei Egiluzen desagerpenarekin bizitakoez.
«Elkarrizketa, niri? Baina ni ez naiz galdakoztarra!» esan zenigun lehenengo deian. Zenbat urte pasa behar dira zu galdakoztartzat hartzeko? Oso gustura bizi naiz Galdakaon baina aukera dudan guztietan garbi uzten dut ni, izatez, nafarra naizela. Iruñean bizi izan naiz 24 urtez, eta nire bizitzako azken 15 urteak Galdakaon, 2004ko San Ferminetan galdakoztar jator bat nire bidean gurutzatu zen arte! Eta orain hemen, bere herrian!
Erabaki hura hartu izanaz damututa? Ez, inondik inora ere! Familia ederra osatu dugu hemen. Hori bai, nire hiru seme-alabetariko bi Nafarroan jaio dira, hara joan bainintzen erditzera. Baina hirugarrenarekin astirik ez! (barreka)
Ondo hartu al zaitu herri honek? Itzel hartu nau lehen unetik. Galdakaora etorri aurretik Bilbon bizi izan nintzen pare bat urtez, eta sarritan etortzen nintzen herrira arratsaldeetan, orduan oraindik nire mutil laguna zenaren lagunekin egotera, kuadrilan integratu nahian. Hasieran zuen euskarak, bizkaierak, apur bat kezkatzen ninduen, ez bainuen dena ondo ulertzen… baina Gatibu entzuten belarria ohitu egin zitzaidan eta, gaur egun, hitz bakan bat ere konturatu «barik» irteten zait bizkaieraz! (barreka)
Zuk zeuk ere eman diozu zuretik herri honi, aurkezle lanetan ikusi zaitugulako inoiz herrian… Lotsatuta hasieran, oso pozik eta eskertuta gero, baietza eman diet herriko hainbat ekimenetan parte hartzeko egin didaten eskaerei. Iaz, adibidez, Galdakaoko bonbardaketaren 84. urteurrenaren harira antolatu zen ekitaldi xume eta ederra aurkezteko aukera eman zidaten. Asko eskertzen diet horrelako ekimen berezietan ondo egin dezakedala pentsatuz, nire alde apustua egiten dutenei. Zurekin, Jon, amama Kontxiri hil ostean egin zitzaion omenaldia aurkezteko aukera ere eman zidaten, polita izan zen, gogoratzen? Bi urtez izan dut gainera Sormene aurkezteko ohorea. Bai, herrian nirekin kontatzen dute sarritan eta ilusio handia egiten dit.
Gaur egun ordea, ETBko albistegietan aritzen zara. Zelan iritsi zara bertara? ETBko praktika kontratua egin nuen 2002-2004. urteen artean, eta amaitu bezain laster Bilbon lana eskaini zidaten TVEn emititzen zen «Muchoviaje» saioan. Urtebete eman nuen alde batetik bestera bidaiatzen. Ia jarraian ETBn sartu nintzen, Galdakaoko Errekalde auzoan dagoen K2000 ekoizpen etxearen bitartez. Han eman nituen nire bizitzako urterik politenetakoak Bertatik Bertara, Udanbeblai, «Pásalo», Anitzele eta «Sin ir más lejos» bezalako saioetan erredaktore, aurkezle eta erreportari lanetan. Handik Baleuko ekoizpen etxean sartu nintzen Ur Handitan saioan aritzeko, eta hiru urteren ostean albistegietara egin nuen jauzi. Hor daramatzat azken urteak. Tarte horretan La Sextako albistegietan ere lanean ibili nintzen.
Zerk bultzatu zaitu «saltsa» honetara: mikro eta kamerarekiko zaletasunak ala informatzeko grinak? Mikroa eta kamera gustatzen zaizkit, asko gozatzen dut jendea elkarrizketatzen edota herriz herri kalean jendearekin hitz egiten. Kalea platoa baino gehiago dut gustuko eta nire burua hobeto ikusten dut ere horretan, erosoago. Kalean jaso dudan informazioa era egokienean erabili eta bideo txukuna egiten ere asko disfrutatzen dut. Informazioa helarazi bai, baina modu ulergarrian; hori izaten da nire helburuetako bat albistegietan.
Eta, orokorrean, zer nahiago: kameraren aurrean zuzenekoan aritu ala milaka pertsonen aurrean aurkezle? Zalantza izpirik gabe, kamera aurrean zuzenekoak egiten. Inoiz aurkeztu izan dudanean oso arraro egin zait makillaje, pelukeria eta jantzitegitik pasatu behar izatea, gidoi batean idatzi didaten horretara mugatzea, nik esango ez nituzkeen esaldiak edo hitzak esan behar izatea… Ez naiz ni sentitu. Askoz erosoago nago kalean, nire betiko bakero eta txaketa batekin, etxean eman dudan kolorete apurrarekin… Eta, ojo! Kalean zuzenekoak egiteak badu ere bere alde txarra. Euria, hotza, elurra, denetatik jasan behar izaten dugu! Baita iraintzen gaituzten gutxi batzuen komentarioak entzun behar izatea ere, edo esaten dugunari begira gelditzen zaizkigunak… Baina, orokorrean, nire tokia kalean dago.
Baina ETBko albistegietan, aurrez-aurreko edozein ekitalditan baino jende askoz gehiago izango duzu begira! Zuzenean sartu baino lehen ez dut sekula halakorik pentsatu nahi izaten. Kamerara begiratu eta oso zaila da objektiboaren atzean 100.000 lagun daudela sinistea. Askotan mendi punta batean egiten dut konexio bat, bertan kameralaria eta ni, kriston hotza pasatzen. Nola pentsatuko dugu milaka lagun guri begira dituguna, ezinezkoa da! Pentsatuko banu, gainera, urduritu egingo nintzateke.
Zein da zure eguneroko jarduna gaur egun? Astelehenetik ostiralera eguerdiko Gaur Egun eta Teleberrin egiten dut lan. Duela gutxi arte arratsaldeko txandan nengoen, eta iaz asteburukoan. Gaiak banatzen direnean euskaraz zein erdaraz «pieza» bana egin behar izaten dut, edo zuzenekoa bada bi hizkuntzetan gaia prestatu kamera aurrean azaltzeko. Erredakzio-gaia ematen badidate —Ukraina, covid-a, atzerrian gertatu den zerbait…— agentzien bidez informazioa eta irudiak aurkitu behar izaten ditut eta horrekin bideoa egin. Egun bakoitza desberdina da. Hori da lan honek duen gauzarik politena!
Erredakziora iritsi arte, ez dakizu zein albiste kubritu beharko duzun eta non? Ez dut jakiten, ez. Horrek esan nahi du, adibidez neguan, gehienetan, poltsa batekin joan behar izaten dudala lanera, ez baitakit Gorbeiara bidaliko nauten elurraren inguruko zuzeneko bat egitera, Urkulluren prentsaurreko batera edo Gurutzetako ospitalera ZIUetako zuzendaria elkarrizketatzera. Poltsa horretan txanoa eta galtzerdi lodiak daramatzat neguan mendira bidaltzen banaute; bufanda dotoreago bat prentsaurreko batera banoa; eta FFP2 musuko berezia erietxe batean sartu behar badut. Agian hori dena eraman ostean erredakzioan gelditu behar izaten dut Amaia Uribek New Yorketik bidaltzen didan materialarekin bideo bat egiten… Ba, egun horretan nire poltsa erabili gabe geratzen da, noski! (barreka)
Behin zuzenean zaudela, zer sentitzen da platoko aurkezlea zuri hitz egiten entzuten duzunean? Platotik Afrika Baetak, Jonan Apaolazak, Xabier Usabiagak edo beste aurkezleren batek nire izena esaten duenean sekulako urduritasuna sentitzen dut. Tripetan tximeletak nabaritzen ditut, bihotzaren taupadak azkartu egiten zaizkit eta zuzenekoa egiteko gai izango ez naizela ere pentsatu izan dut batzuetan. Urduritasun hori duela 20 urte sentitzen nuenaren antzekoa da. Hitz egiten hasten naizenean soilik lasaitzen naiz.
Esan beharrekoa inprobisatu egiten duzu ala gidoiren bat jarraitzen duzu? Goizean gaia ematen didatenean nire ardura da gai horren inguruko informazioa bildu eta 40 segundoan nola esan pentsatzea. Koaderno batean hitz klabeak idazten ditut, askotan borobildu ere egiten ditut koadernoa begiratu behar badut hobeto ikusteko. Beti saiatzen naiz esan nahi dudan hori erdi idatzita eramaten. Gehienetan ez dut koadernoa begiratu behar izaten ere, baina eskuan dudala jakiteak konfiantza ematen dit.
Eta azken orduko informazioa eman behar baduzu? Horrelakoetan momentuan ikusten ari naizena kontatu behar dut, koadernoan gidoirik idazteko denborarik gabe. Duela hilabete batzuk, adibidez, Abandoko tren geltokian gazte bat labankadaz hil zuten. Bertara bidali ninduten inongo informaziorik gabe: «Joan eta jarri zaitez kamera aurrean zuzenekorako».
Zerbait egingo zenuen aurretik baina! Bai, baina ez asko. Pare bat minutu izan nituen tokira gerturatu, polizia zientifikoa lanean ikusi, inguruan zegoen jendearekin hitz egin eta kamera aurrean lehen sentsazio horiek transmititzeko. Horrelako zuzenekoak, aldez aurretik prestatu ezin direnak, oso bereziak izaten dira, eta asko ikasten da bertatik.
Zer egiten duzu euskarazko albistegietako konexiotik gaztelaniako ediziora bitartean? Euskarazkoa amaitu ostean erdarazkoan zentratzen naiz. Kamera aurrean esan nahi dudana birpasatzen dut. Taberna batetik gertu bagaude kafe bat hartzera sartzen gara, batez ere neguan, hotz asko pasatzen baitugu kalean. Beste batzuetan, inguruan deus ez dagoenean, kotxean egoten gara. Normalean bi pertsona izaten gara, kameralaria eta ni. Konbertsaziorik ez zaigu falta!
Zein izan da eman behar izan duzun albisterik okerrena? ETAren atentatuen ingurukoak, esaterako. Inazio Uria, Isaias Carrasco, Zangotzan hil zituzten Espainiako bi polizia… Atentatuaren tokira heldu nintzen haien gorpuak oraindik izara azpian zeudela. Hori ez da sekula ahazten. Oso gogorra izan zen baita ere Hodei Egiluzen desarpenaren inguruko albisteak eman behar izatea. Ia astero egoten ginen bere gurasoen lagunekin kontaktuan. Oso ondo tratatu gintuzten kazetariok ziurgabetasun handiko une horietan.
Zein ematea gustatuko litzaizuken albistea? Gobernu abertzale bat Nafarroan eta, ahal bada, Joseba Asiron presidente.
Albiste onez ari garela… Korrikaren jarraipena egin duzu egunotan. Zelan joan da? Korrikaren jarraipena egiteko proposamena egin zidaten ekimena hasi baino egun gutxi batzuk lehenago, eta, askorik pentsatu gabe baiezkoa eman nien. Amurrion hasi zenetik Donostian amaitu zen arte, Korrikaren atzetik ibili gara Euskal Herriko dozenaka herritan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena. Esperientzia ahaztezina zalantzarik gabe. Aspaldiko partez eman dudan albisterik eder eta hunkigarriena izan da!
Polita bai, baina gogorra ere izango zen, ezta? Gogorra esatea ez litzateke justua izango. Egia da ordu asko eman ditugula eta kilometro piloa egin ditugula alde batetik bestera. Egia da ere hotz handia pasatu dugula Nafarroan edo Araban, adibidez. Baina gure begien aurretik Korrika igarotzen zenean hotz eta «madrugoi» guztiak ahazten genituen. Ausartzen naiz esatera, ia egunero egin dudala negar Korrika ikustean.
Zelan antolatzen zineten Korrikari jarraipena egiteko? Goizeko zortzietan batzen nintzen ekipoarekin eta hor hasten zen gure abentura. Egunon Euskadi saioan egunero zuzenean sartu gara goizeko hamarrak aldera. Beraz, egun bakoitzean Korrikak egingo zuen ibilbidea ondo ikasi eta zein herritara joango ginen erabakitzen genuen. Hamarretarako kamera aurrean egon behar nintzen, Korrika igarotzeko minutu gutxi falta zirela, Korrika nola pasatzen zen zuzenean eman, eta jarraian, denborarik galdu gabe, hurrengo herri batera joaten ginen 10:45 aldera bigarren konexio bat egiteko. Egunon Euskadi amaitzean, hirugarren herri bat grabatzen genuen, Gaur Egun eta Teleberrin Xabi Casadok edo Leire Elustondok egiten zituzten bideoetarako irudiak izan zitzaten, eta, amaitzeko, laugarren herri batean kokatzen ginen Gaur Egun eta Teleberrirako zuzenekoetarako prest.
Aurtengo Korrikan bizi izandakotik, zer ez duzu sekula ahaztuko? Paisaiak. Aurtengo Korrikaren edizioak denetik izan du: euria, elurra, hotza, kazkabarra, eguzkia… Baina, bereziki, Jaurrieta, Abaurrea-gaina, Garralda, Aurizberri edo Orreaga bezalako herri elurtuetatik Korrika igarotzen ikusteak asko hunkitu nau. Eta paisaiekin batera jendea izan da aurtengo Korrikaren altxorrik handiena. Adin guztietako korrikalariak euskaraz bizitzeko eskubidea lau haizetara aldarrikatzen. Izugarria izan da!