«Jorraileko lorea, urrea»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko apirila
Herri-esaerak hauxe dinosku: «Jorraileko edo apirileko lorea, urrea baino hobea». Udabarriak loraldi barria dakar eta lurra be epelduten doanez, ulelandu eta jorratzen hasteko garaia da. Jorrail izena be hortixik jatorko, aldi baten, jorrai edo atxurra erabiltzen zalako lurra lantzeko. Jorraila, loraldi garaia be bada, eta apurka-apurka, orriz eta lorez janzten dira gure arbola eta landareak. Lorara datorren lehenengoa, otea da, bere lore beilegiagaz eta gero gainetiko guztiak. Lore, berbea, latineko «florem»-etik dator. Euskeraz, «muta cum liquida» kontsonante multzoa gertatzen danean, «muta» galtzen da, eta hortik ba: florem > lore —plumam > luma; gloriam > loria; planum > laun, etab… legez—. Euskeraren ibilbidean, lore barik, lora, darabilgu askok sarritan. Zergaitik hori? Ba, aiko: -A+A > EA egiten dogu —alabA+A > alabEA, etab.— eta lorEA be lorA-tik datorrela pentsatuz ultrakorrekzioz jokatu dogu —bardin: labe / laba, ote / ota… berbakaz—. Jorraileko loraldia indartsua izaten da eta eguraldi egokiak eskatzen dauz fruitu onak lortzeko. Urtean zehar loraldi gehiago dagoz eta udagoienerantz indargetuz doaz. Adi esaerari; «udagoieneko loreak indar gitxi».