Jose Iraragorri, bihotz galdakoztarra zuen izarra
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Joseba Iraragorri
Basaurin jaio zen arren, urte gutxirekin etorri zen Galdakaora Jose Iraragorri eta Zuhatzuko baserri batean eman zituen baloiari lehenengo ostikadak. Athleticen jolastu eta mundu osoan arrakasta izan zuen futbolariak, baina ez zuen inoiz bere jatorria ahaztu. Hemen batu ditugu bihotz galdakoztarra zuen izarraren bizipenak.
Basaurin jaio zen Jose Iraragorri, San Miguelen, 1912ko martxoaren 16an. Urte gutxi zituela ordea amarekin Galdakaora etorri zen, aita hil zenean. Ordutik, herriaren ordezkaria izan zen futbolaria mundu osoan zehar.
Iraragorrik Maristas ikastetxean ikasi zuen eta Zuhatzun bizi ziren baserrian hasi zen futbolera jolasten. Anaia Victor izan zen Iraragorrik zituen gaitasunak ikusi eta Athleticen froga egitera eraman zuenak. «Diru gutxi zuten etxean eta amamak zapatekin kontu handia izateko esaten zionez, oinutsik jokatzen zuen. Hala ere, onena zen bere lagunen artean», aitortu du bere seme Joseba Iraragorrik.
Hasiera Athleticen. Hamasei urterekin hasi zen Jose Iraragorri zurigorri moduan eta 1930ean eman zuen lehen taldera saltoa ‘Txato’ ezizenez ezaguna zen jokalaria, Real Union taldearen aurkako partidan.
Aurrelariak Lafuente, Bata, Txirri II eta Gorostiza mitikoekin jokatu zuen eta hauekin eta beste hainbatekin batera mundu osoan ezagun egin zen taldea osatu zuten, Mr. Petland entrenatzaile mitikoaren gidaritzapean.
Hainbat liga eta kopa irabazi zituzten urteetan zehar eta arrakastak munduan zehar eraman zituen. Tartean ordea Espainiako Gerra Zibila hasi zen eta Iraragorri frontera joan behar izan zen bere kide Kareagarekin batera, errepublikaren alde borrokatzeko.
Hain zuzen, errepublikanoentzat dirua lortzeko helburuak eraman zituen Mexikora lehen aldiz Euskal Selekzioko jokalariak. Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera, partida bat antolatu zuten eta euskal publikoaren artean izan zuen arrakasta ikusita, haratago egin nahi izan zuten munduan zeharreko bira batekin.
Motxila hartu eta bidera abiatu ziren Iraragorri eta momentuko jokalari onenak. Europatik hasi eta Hego Amerikara joan ziren. Tartean Kuba, Argentina eta Mexiko bezalako herrialdeetan izan ziren. Azken hauetan batez ere, inoiz espero ez zuten harrera jaso zuten. «Izugarria izan zen. Hango jendeak entzunda zituen Athleticek lortutako arrakastak eta euskal futbolariak izarrak ziren Amerikan. Haien lorpenek eragiten zutena ulertu zuten momentu horretan», dio Joseba Iraragorrik.
Gerraren eztanda. Jokalariak munduan barrena pozik zeuden bitartean ordea, etxeko egoera oso latza zen. Bilbo frankisten esku geratu zen 1937aren ekainaren 19an eta honen ondorioz, milaka pertsonen moduan, Euskal Selekzioko jokalariak ezin izan ziren etxera bueltatu. «Euskal Herrian zegoen egoera txarra, oso txarra zen, eta jokalariek han gelditzea erabaki zuten», adierazi du Iraragorriren semeak. «Oso oso trebeak zirenez, talde guztiek fitxatu nahi zituzten euskal jokalariak. Izarrak zirenez, han gelditzeko aukera izan zuten zorionez», nabarmendu du.
Zazpi urte Argentinan. Buenos Airesen zeudela eta selekzioa desegin zenean, San Lorenzo de Almagro taldeak fitxatu zuen Iraragorri, Langara, Emilin eta Zubietarekin batera. Ez zen fitxarik ordaintzen, baina irabazitako partidako bakoitzeko primak 4.000 dolarrekoak ziren.
Amerikar abenturan, Che Guevarak ere miretsi zuen jokalari galdakoztarra. Guevararen aitak harrera eta bira antolatu zien Euskal Selekzioa Argentinara iritsi zenean, baina garai hartan euskaldunak iraultzaileak ziren eta ez zen asko interesatzen. Beraz, Ernesto Guevara Lynch-i esan zioten ez zirela ongi etorriak maila politikoan. Hala ere, hilabete batzuk eman zituzten han, eta Che Guevara, ume bat zela, liluratuta geratu zen. Aitak euskal jokalariak gudariak, jende ona eta futbolean jokatzen munduko onenak zirela esan zionean, haien kromoak gordetzen hasi zen.
Zazpi urte eman zituen Iraragorrik Amerikan, 1946an Bilbora itzultzea erabaki zuen arte, amari egindako promesa bat betez. «Jokalari askok Amerikan gelditzea erabaki zuten baina nire aitak argi zuen: amarengana eta Galdakao maitera bueltatu behar zuen. Han zegoen bere benetako etxea», azaldu du harrotasunez bere semeak.
«Orduan, Galdakaora bueltatu zenean ezkondu zen nire amarekin eta horregatik gaude semeak gaur egun hemen», dio Josebak barrezka.
Agurra ibilbide zurigorriari. 1948-49 denboraldia Irarragorriren azkena izan zen Athleticen. 37 urte zituen eta bere postua Venanciori utzi zion eta entrenatzaile geratu zen. Titulua Burgosen lortua zuen entrenatzaileen ikastaro nazionalean, Zamora, Quincoces eta Helenio Herreraren ondoan. Athleticeko entrenatzaile moduan Ligako azpitxapelketa bat lortu zuen eta baita kopa bat, eta, besteak beste, gerora oso ezagunak izan ziren Karmelo, Artetxe, Manolin eta Garai futbolarien debuta ahalbidetu zituen.
1951n agur esan zion behin betiko zurigorri moduan izandako ibilbideari. Gero Valladolid, Celta eta Hercules taldeak entrenatu zituen besteak beste, baina etxera bueltatu nahi
zuen eta Jaime Olasorekin zuen adiskidetasunagatik Bilboko Indautxu taldea entrenatzea erabaki zuen. Bizkaiko Selezkzioko entrenatzailea izan zen ere Iraragorri.
Oraindik gogoratua. Gaur egun ere, bere aitaren inguruan asko galdetu eta hitz egiten diotela aitortzen du Josebak: «Normala da, Athleticen aro onena bizi izan zuten jokalariak ziren eta klubarentzat oso garrantzitsua da memoria bizirik mantentzea. Gainera, kirol arloan, zaila izango da haiek lortu zuena errepikatzea, momentuz behintzat, jajaja».
Berak oso oroitzapen gutxi dituen arren, argi du Josebak bere aitak zuen trebetasun handiena zein zen: indarra. «Fisikoki oso indartsua zen eta gainera ondo mugitzen zekien, hori oso zaila dela. Zaldi baten modukoa zen», nabarmendu du semeak.
Halaber, jaurtitzeko zuen indarra ere zen Iraragorriren trebetasunetako bat. «Oso gogor jaurtitzen zuen baloia eta nahiko urrutitik ondo egiten zekien gainera», dio Josebak, alboan zituen jokalariek egiten zuten lana ere balioan jartzen.
Familia sentimendua. Zelaitik kanpo aldiz, euskaldunek zuten izaera zuela adierazi dute ezagutu zutenek. «Anaiak bezala ziren. Ordu eta egun asko ematen zituzten batera eta horrek familia sentimendu itzela garatzea egin zuen jokalarien artean. Azken finean, mundu osotik bidaiatu izanak eta bizitako esperientzia guztiek anaiak bihurtzea egin zuen eta hori zelaian eta hortik kanpo somatzen zen», azpimarratu du Josebak, aitak gero senideak zaintzeko grin hori bere emaztearekin osatu zuen familiara eraman zuela nabarmenduz. «Asko gustatzen zitzaion bere familiarekin egotea eta gu txikiak izanda hil zen arren, oso oroitzapen onak ditugu», dio Josebak hunkituta.
Ondarea bizirik mantenduz.. Bilbon, Argentinan eta baita bere etxean Iraragorrik utzitako ondare guzti hau bizirik mantentzeko, jokalaria bizi eta semeak jaio ziren baserria eraberritu eta bere omenezko hotel bihurtzea erabaki zuen familiak duela hainbat urte. «Erreforman ahal izan genuen guztia mantentzen saiatu ginen, dituen bostehun urte horien izaera izaten jarrai zezan etxeak. Familiarentzat oso garrantzitsua zen oroitzapen hori bizirik mantentzea», aitortu du Josebak.
Zuhatzun kokatuta dagoen hotel honetan hortaz Iraragorri hobeto ezagutu daiteke, jokalari eta entrenatzaile bezala izandako esperientziak irudikatzen dituzten argazkien bitartez, eta baita Euskadirekin egindako bira hartan bizitakoa. «Benetan berezia da guretzat eta aitak Galdakao eta Athletic maite zuena transmititzeko aukera ere bada», dio semeak familia osoaren izenean. •