Josean Castaño: «Krisi honetan banketxeak soluzioa izatea gura dugu»
Josean Castaño, banketxe bateko zuzendari ordea
BINKE / 2020ko maiatza
«Krisi honetan banketxeak soluzioa izatea gura dugu»
Koronabirusaren Osasun Krisiak sortutako krisi ekonomikoa berbagai dugu egunotan. Horregatik, elkarrizketa honetan gure herriko komertzioek sufritzen duten finantza-ikuspuntua batu gura izan dugu.
Galdakaoko banketxe bateko zuzendariordea da Josean Castaño (1974, Basauri) eta Osasun Krisi honek krisi ekonomikoa ekarriko duenaren zalantzarik ez dagoenez, berarekin hitz egin gura izan dugu gure merkatari zein langileen egungo finantza-egoeraz.
Ikuspuntu finantziariotik begiratuta, zein da inguruko komertzioen egoera? Enpresa txiki eta ertainen, mikro enpresen zein autonomoen egoera oso makala da egun. Askori aurreko krisialdiko kreditu edo likidezia-maileguetatik irtetzen ari zirenean iritsi zaie beste krisi hau, eta karga-fiskalekin batera orain ezin fakturatu ibiltzeak erabat hauskortu du komertzioen egoera.
Enpresa txiki eta ertainei dagokionez, aurrezteko joera dugu? Orokorrean, ez. Enpresa txiki eta ertainen diruzaintza oso ahula da. Orokorrean nabil, baina enpresa txikien maniobra fondoa hilabete eta erdi eta hiru hilabete artekoa izaten da, hau da, gure inguruko komertzio gehienek egoera honetan hiru hilabetez bizirauteko baino ez dute aurreztuta. Epe horretatik aurrera, oso enpresa gutxik egin ahal izango diote aurre derrigorrezko ordainketei.
Hainbeste denbora fakturatu barik egonda, zelan altxatuko dute burua gure herriko komertzioek? Denok dugu horren zalantza eta beldurra, ez dakigulako noiz izango dituzten krisien aurretik zituzten salmentak, eta horri aurre egiten laguntzeko ICO izeneko laguntza finantzarioen inguruan asko hitz egiten ari gara orain, bereziki lanpostuak sortzen dituzten horiei begira.
Zer da zehazki mailegu hori? Bost urtera arteko mailegu bat da, lehenengo 12 hilabeteko gabezialdiarekin. Hau da, interesak bakarrik ordaindu beharko lituzkete, eta oso interes baxuak dira.
2008ko krisi ekonomikora bueltatu garela esan daiteke? Zaila da beste krisi batekin alderatzea, lehenengo aldia delako gure komertzioak ixtera derrigortzen gaituztena eta etxean gelditu behar izatea, baina adierazle guztiek esaten dute enplegu mailako krisi oso handi baten aurrean gaudela.
Zelakoak izango dira beraz datozen finantza-urteak? Oso zailak, baina ideia batekin argi: bankuei dagokigula enpresa eta partikularrak laguntzea, jarduera ekonomikoa bere onera etorri daiten ahalik eta arinen.
Galdera deseroso bat: bankuek inoiz ez dute galtzen? Hartu diren neurri guztiekin eta eskaintzen ari garen laguntza guztiekin ez dut uste banketxeak orain ekonomikoki askorik irabazten ari direnik. Dena dela, horren harira, gure inguruan badugu ikuspuntu bat: aurreko krisian banku-sistema izan zen jatorrietako bat, oraingo krisi honetan soluzioa izan gura du.
Baina erreskateko dirua oraindik ez dute bueltatu… Ez litzateke une aproposa izango orain? Diru publikoa jaso zuten kutxa guztiei orain dena bueltatzeko eskatzea beste problema bat izan daiteke, baita familia eta komertzioentzako ere. Derrigortu beharko litzateke kredituak «mundu guztiari» ematera, eta bueltatu bai, baina itzulketa gauzatzeko egutegi adostu batekin.