Josu Sierra: «Ikasturtea errepikatzeak ez du ezertarako balio»
Josu Sierra, psikologoa eta ikerlaria
BINKE / 2017ko maiatza
«Ikasturtea errepikatzeak ez du ezertarako balio»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Hezkuntza etxetik hasten da, eta askoren ahotan dagoen ardura da ez ote duten guraso askok horixe bera ahaztu. Baina egia da erakunde publikoek, alderdiek eta nazioarteak, orohar, eragin handia dutela gure seme-alaben hezkuntzan. Bai behintzat hezkuntza sisteman. Eta horren kalitateaz arduratuta jo dugu Sierra adituarengana.
Oraintsu argitaratutako PISA informearen emaitzak «Euskadik gainditzen ez dituela» esan dute askok. Iritzi berekoa zara? PISA txostenak ez du markatzen gainditze edo ez gainditze-nota bat, partaideen emaitza ELGAren —Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea— emaitzarekin alderatzen du, besteak beste. Gero, onenen ezaugarriak ere aztertzen ditu beste txosten batean eta parte hartu duen hezkuntza sistemari bere datu guztiak igortzen dizkio txosten propio bat egiteko.
Titular horiek prentsak asmatzen ditu, beraz? Hori da. Euskal Autonomia Erkidegoa, Zientzietan, ELGAren batezbestekoaren azpitik egon ohi da —PISA azterketa batean izan ezik—. Beraz, ohiko emaitza da. Gure Zientzietako egoera ahularen adierazgarri. PISAk oinarrizko konpetentziak —irakurtzearen ulermena, konpetentzia matematikoa eta zientifikoa— aztertzen ditu nazioartean, ez da kurrikularra eta hiru urterik behin egiten da 2000. urtetik. Gainera PISA 2015a Zientzietan zentratu da gehienbat…
Ordea, zuk esana da «EAEk hezkuntzan inbertitzen duenerako, emaitzak ez direla esperotakoak»… EAEk, EUSTAT-en arabera, 9.862 dolar PPA —dolarretan hitz egiten da, dolar konparagarriak izateko beste herrialde batzuekin— gastatzen ditu ikasleko derrigorrezko hezkuntza eta batxilergoan. ELGAren batezbestekoa 8.982$ekoa da. Beraz, ELGAren gainetik gaude gastuan baina azpitik oinarrizko konpetentzietan.
Inbertsioak ez badu hezkuntza sistema hobea izatea bermatzen. Zein da gakoa? Inbertsioak hezkuntzan «saturazio» puntu bat du. Behin inbertsio maila batera iritsita kantitateak ez du eraginik. Zertan gastatzen den garrantzitsuagoa da guretzat, zenbat gastatzen den baino. Gure arazoa eraginkortasun eza da: asko gastatzen dugu baina erdipurdikoak gara emaitza konparatuetan. Ia ez dugu bikaintasunik eta maila sozioekonomiko altuko ikasleak hartzen dituzten ikastetxeen emaitza ELGAren parekoena baino baxuagoa da. Gure maila sozioekonomiko baxuko ikasleen emaitza ondo dago, baina altuena hala-holakoa da.
Espainiar estatuko beste hezkuntza sistemekin alderatzen badugu gurea, bularra ateratzeko moduan gara? Hortxe-hortxe! Inguruko espainiar autonomia batzuekin (Gaztela-Leon, adibidez) eta Euskal Herri barruan Nafarroarekin konparatzen badugu EAEren emaitza, atzetik gaude Zientzietan. Beraz, harrokeriarik ez. Hobe genuke denengandik ikasiko bagenu.
Tira, baina badago mundua Zientzietatik harago! Bai, baina lehen esan dudan bezala, azken PISA informeak zientzietan zentratzen dira, beraz hori da emaitza nagusia. EAE ELGAren azpitik egon ohi da zientzietan. Beste konpetentzietan, irakurmena eta matematika, batezbestekoan egon gara. Inguruko erkidegoekin konparatuta, matematiketan Nafarroa, Gaztela-Leon eta beste askoren azpitik gaude. Irakurmenean ere, Gaztela, Madril, Nafarroa eta beste askoren azpitik gaude. Azken finean, inguruko erkidegoen azpitik gaude hiru probetan.
Alderatzeaz ari garela, sarri Finlandiara begiratzen dugu inbidiaz hezkuntza eredugarriaz berba egiteko. Gomendagarria al da? Gomendagarria da beste sistema batzuk ezagutzea, baina gu ez gara finlandiarrak eta gauzak ezin dira erraz kopiatu. Era guztietako ikastetxeak ezagutzen ditut Finlandian eta diferentziarik nabarmenena gizartea da. Ikastetxe eta sistemaren antolakuntza ez dira oso desberdinak. Gizartea aldiz, bai. Politikan, hezkuntza itunpekoa da eta ez da zortzi urterik behin lege berri bat egiten. Ikastetxeak udalen menpe daude, irakasleak ez dira funtzionarioak, eskolara oso berandu hasten da… Gizarte oso desberdina da, baita eguneroko bizitzan ere.
Ados, baina konparaketak egiten jarrita… Finlandian ez omen dituzte azterketak egiten… Hori bai ederra! Ez dakit nork esan duen ez direla azterketak egiten! Bai, egiten dira. Ez dago errebalida ez antzeko azterketarik, baina irakasleen esku dago ikaslea ebaluatzea ikastetxe bakoitzean. Gainera, batxilergoa amaituta proba bat ere badago unibertsitatera sartu ahal izateko.
Euskal Herrian askok Magisteritza ikasketak egiten dituzte bertara sartzea erraza ei delako… Finlandian ordea, irakasle izan nahi dutenek nota oso altua atera behar dute fakultatean sartzeko. Oso selektiboa da eta 10etik bat bakarrik onartzen dute.
Gurera bueltatuz, PISAk baino hauts gehiago harrotzen dituena: LOMCE legea. Laguntzen al dio lege honek PISA informearen emaitzari? Ez naiz LOMCEn aditua baina lege horren filosofia negargarria iruditzen zait orohar, nahiz eta punturen batean ados egon.
Baina euskaldunon hezkuntza sistema gehiena Heziberri planean oinarrituta dago, ez LOMCEn. Zeintzuk dira desberdintasun nagusiak? Heziberrin aditua ere ez naiz. Gainera, 2014ko egitasmoa da eta nik 2009an utzi nuen hezkuntza…
Dena dela, bai LOMCE zein Heziberri —Espainiako eta Euskadiko hezkuntza planak, hurrenez hurren—, plano politikoan daude etengabe. Zergatik? Hezkuntzak akordio politikoa eskatzen duelako, beti.
Baina zer egin daiteke hezkuntzaren osasuna liskar politikotik aldentzeko? Oinarrizko printzipio batzuk alderdi guztien artean hitzartuz. Itun handi bat behar da hezkuntza arloan. Itun horrek deszentralizatu beharko luke, Hezkuntza botere lokalei eskaini eta ikastetxeei ardurak emanez. Aldiz, ebaluazio diagnostikoa eta laguntza zerbitzuak gobernuaren esku utziko nituzke, beti ere autonomia eta erantzukizuna uztartuz.
Baina onartuko diguzu, gustatu zein ez, hezkuntzaren erabaki asko politikoak direna… Bai, horregatik adostu behar dira aldez aurretik, borroka ikastetxeetatik aldentzeko.
Urte honetako martxoan, Gipuzkoako Cita Alzheimer ikerketa taldeak emandako datuen arabera, elebitasunak garuneko gaixotasunen aurrean babes handiagoa eskaintzen duela ondorioztatu da. Zein puntura arte da garrantzitsua seme-alaben hezkuntza eredua? Badira beste arrazoi batzuk Alzheimerra baino lehen elebitasuna bultzatzeko eta, batez ere, euskara bera bultzatzeko. Gure hizkuntza propioa euskara da eta gizarte integratu batean bertan hitz egiten diren hizkuntzak ezagutu beharko lirateke. Gero atzerrikoa ere bai, noski. Baina egia da elebitasuna onuragarria dela, sozialki eta neurologikoki, baina zailtasunak planteatzen ditu ebaluazio probetan.
Goazen ba zailtasun horietara. Gurasoek euskaraz ez badakite, euren seme-alabak D ereduan matrikulatzea gomendagarria da? Bai, jakina. Baina gomendagarria litzateke D ereduan hizkuntzaren helburu finko eta argiak jartzea eta ebaluatzea. Zein da D ereduan 16 urterekin lortu beharko litzatekeen maila? Zergatik ez da ebaluatzen 16 urterekin, esaterako, ikasleak B1, B2 edo C1 mailan dauden, maila horiek aspaldi zehaztuta badaude?
Guraso askok usteko du D ereduan matrikulatzearekin nahikoa dutena… Gurasoak ez dira engainatu behar: gela barruan euskara pixka bat hitz egitea eta jolastokian erdaraz aritzea ez da nahikoa hizkuntza menperatzeko eta maila duin bat lortzeko. Beste neurri eta ahalegin batzuk behar dira.
Zeintzuk? Hizkuntza bat menperatzeko ez da nahikoa gelan berba egitea. Hizkuntza erabili egin behar da beste esparru batzuetan. Eta jatorrizko hiztunekin praktikatu behar da, bestela akatsez jositako hizkuntza barneratu daiteke. Ez dago beste neurririk.
Ikasleek, familia erdaldunekoak izanda, zein hizkuntzatan egin beharko lituzkete azterketak? D ereduaz ari bagara, ikastetxe barruko azterketak euskaraz egin beharko lituzkete, hizkuntza ikasten ari direlako eta azterketak ikaste-prozesuaren barruan daudelako. Beste kontu bat da nazioarteko edota kanpoko froga oso zorrotzak direnean, PISA, esaterako.
Zergatik? Gure ikasleen emaitzak beste herrialde batzuetako emaitzekin konparatuko direlako. Horretarako da froga. Kasu horretan erakutsi da gure ikasleek errendimendu handiagoa dutela menperatzen duten hizkuntzan eta gutxiago ikasten ari diren hizkuntzan. Beraz, menperatzen duten hizkuntzan egin behar dira, bestela hizkuntzak berak hartuko du garrantzia handiagoa azterketaren edukiak baino.
ISEIko zuzendari izan zinenean Luxenburgorekin batera ikerketa bat egin zenuten. Zertan oinarritu zen ikerketa hura? Luxenburgo eta gu gara sistema elebidun bakarrenetarikoarekin PISA munduan. Beraiek ere erabaki kaltegarriak hartu zituzten PISA frogen hizkuntza aukeratzerakoan eta beraz, estudio bat egin genuen elkarrekin PISAren barruan.
Eta zeintzuk izan ziren atera zenituzten ondorioak? Emaitza garbia da: ikasleek hoberen menperatzen duten hizkuntzan egin behar dituzte nazioarteko froga hauek. PISAkoek izugarrizko hizkuntza-karga dute. Irakurriaren ulermena funtsezkoa da konpetentzia guztietan.
Beraz, ikasleak euren ama-hizkuntzan egindako azterketen bitartez ebaluatu behar badira, giro erdalduneko pertsona baten euskarazko azterketaren emaitza ez da sekula fidagarria izango? Fidagarria izango da gaztelaniaren pareko maila bat dutenean euskaraz. Baina, badute?
Eta ez badute ere, euskaran edo bestelako irakasgai batean, ikasturtea errepikatzearen alde zaude? Ez, guztiz kontra. Horrek ezertarako balio ez duela erakutsi da, emaitzak hobetu beharrean jaitsi egiten direlako, PISAk garbi adierazten duenez. Horrez gain, ikasle errepikatzaileen autoestimua kaltetzen du eta hezkuntza sistemarentzat garestia da oso. Irakasleek hartu beharko lukete beraien gain ikasle guztien aprobetxamenduaren ardura, bazterkeriarik gabe. Finlandian ia ez dago errepikapenik…