Juan Hurtado: «Eskrima elkarte bat Usansolon? Zergatik ez! Ez dut inoiz horretan pentsatu»
Juan Hurtado, eskrimako Euskadiko txapelduna
BINKE / 2021eko urtarrila
«Uste baino handiagoa da Euskal Herrian eskrimak duen zaletasuna»
Juan Hurtado Pérez
1986, Madril
Eskrimaren eredu bat da Usansolon bizi den Juan Hurtado madrildarra; eskrimako maisua da RFEEren bitartez eta goi-mailako eskrimalaria izan da hainbat urtez, gaur egun Gasteizko «Sala de Armas de Vitoria» eskolan ari da irakasle. Hamaika txapelketa irabazi ditu Hurtadok, besteak beste: munduko 20 kopa junior kategorian, munduko 10 kopa kategoria absolutuetan eta beste hainbat urrezko domina entrenatzaile lanetan.
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga eta Jon Gomez Garai
Ez esan urteko lehenengo elkarrizketatuak ez duenik fokoa beragan jartzea merezi: eskrimako Euskadiko txapeldun berria da, madrildarra da baina orain sei urtetik Usansolon bizi da. Eta hori gutxi balitz, euskaraz ere ondotxo moldatzen da! Datozen lerroak batzeko solasaldi osoa euskara hutsean egin dugu eskrima munduan eredu den madrildar batekin. Akorentzat ezezaguna den kirolera hurreratu eta maskara metaliko horren atzean dagoena ezagutzeko ekarri dugu, urtarrileko azalera, Juan Hurtado eskrimalaria.
Euskadiko eskrima txapelduna Usansolon. Ez da izango ba hemen asko praktikatzen delako! Ez, egia esan. Baina Madrilen jaio nintzenez, han aukera gehiago izan nituen. Hamar urte nituela, eta kirol batzuk ezagutu ostean, eskrimaren iragarki bat ikusi nuen aldizkari batean.
Arin konbentzitu zintuen iragarkiak ba! Ezpatarekin jolastea eta «hiru mosketeroen» antzeko filmak gustuko nituenez… probatzera animatu nintzen! Eta orain arte! (barreka) Ordutik 25 urte igaro dira! Gaur egun, Gasteizko eskrima talde batean —Sala de Armas de Vitoria, SAARVI-n— egiten dut lan entrenatzaile Euskal Herrira etorri nintzenetik.
Eskrimatik bizi daiteke, beraz? Gasteizko eskrima talde batean irakasle izateko lan-eskaintza egin zidaten orain sei urte, eta ez nuen birritan pentsatu.
Eta horregatik bizi zara Usansolon? Tira, ez nuen birritan pentsatu Euskal Herrira etortzea eta Usansolon bizitzea, nire bikotekidea bertakoa delako. Bi arrazoi hauengatik erabaki nuen hona etortzea bereziki, eta ez naiz jada duela urte batzuk hartutako erabakiaz damutzen, ezin hobeto tratatu naute hona iritsi naizenetik.
Beso luzea duzu Juan, horrek lagundu ala oztopatu egiten du lana? Lagundu, zalantza barik. Eskriman aritzean, gero eta altuago eta gero eta beso luzeagoa izan, orduan eta distantzia handiagoa mantenduko duzu aurkariarekin.
Tenisean adituak direnek esaten dute Rafa Nadal hain ona baldin bada, hein batean ezkerrerakin jokatzen duelako dela. Zu zer zara, eskuina ala ezkerra? Ezkertia, zorionez! (barreka) Eta bai, gurean ere zerikusia du ezkerrarekin edo eskuinarekin jokatzeak.
Zuri ere lagundu egiten dizu beraz? Orokorrean, bai. Aurkariari oztopatu egiten diozu lana, ezkerrarekin jokatzera ez dagoelako ohituta. Baina ezkertiok eskuinarekin bagaude jokatzera ohituta, ordea. Nahiz eta orain ezkerti eta eskuinen arteko maila nahikotxo parekatu den, nazioarteko txapelketetan finalera iristen diren gehienak ezkertiak dira.
Jaka eta sablea kable eta konektore batzuekin duzula ikusten da. Zergatik? Eskrima betidanik izan da «modernoen» kirola (barreka). Kableez aparte, tresna elektroniko gehiago ere erabiltzen dira «tocado» edo aurkariak ezpatarekin ukitu zaituela egiaztatzeko. Mugimenduak ziztu bizian egiten direnez eta gorputzaren atal batzuek ez dutenez balio, beharrezkoak dira. Are gehiago, eskrima futbola baino lehenago hasi zen bideo-arbitrajea txapelketetan erabiltzen. Zelan ez dugu ba esango kirol modernoa denik! (barreka)
Zelan azalduko zenioke zer den eskrima, ezagutzen ez duen bati? Ez da erraza azaltzeko. Uste dut kirol hau ondo ulertzeko ezinbestekoa dela praktikatzea, baina ezeren gainetik hiru ezaugarrirekin laburtuko nuke kirola bera: estrategia, bizitasuna eta esfortzu fisikoa. Jendeak ez du kirol honek dakarrenaren berri, eta maiz entzun izan dut askoren ahotik erraza dela, baina oker daude. Ikuslearen lekuan jarri eta konplexutasunik ez duela badirudi ere, eskrimarekiko ikuspuntua erabat aldatzen da behin maskara jantzita: teknika, denboraren hautematea edota norberaren ekintzekiko kontrola dira, besteak beste, kontuan hartu beharreko puntu batzuk, eta ez dira batere errazak.
Eskriman gerritik gora bakarrik jokatu behar da? Ez, sable modalitatean bakarrik. Tradizio batetik dator hori: sablea zalditeriak erabiltzen zuen arma zen, eta horregatik modalitate honetan gerritik gorako aldean baino ezin dezakezu jo.
Argitu gaitezan, zeintzuk dira kirol honek dituen modalitateak? Hiru modalitate daude eskriman: ezpata, florete eta sablea. Bakoitzak bere arma eta bere arauak ditu. Guztiz ezberdinak dira haien artean!
Eta zu sablean aritzen zara, zertan oinarritzen da zehazki beste modalitateekin aldenduta? Sablea azkarren modalitatea da; erasoak defentsarekiko lehentasuna du, eta aurkaria sablearen edozein alderekin ukitu dezakegu. Honek arintasuna exijitzen du, atakeak oso arinak direlako. Florete modalitatean ere erasoak lehentasuna du, baina ezpataren puntaz bakarrik jo daiteke aurkaria, eta bere bularrean edo bizkarrean. Ezpataren kasuan, gorputz osoan jo dezakegu aurkaria, puntaz ere bai, baina ez dago lehentasunik: lehenago ukitzen duenak aurkaria, puntua irabazten du.
Eskrimako txapelketetara itzultzea erabaki duzu aurten. Zelan ba? Aspaldi hartu nuen txapelketen erretiroa, eta besteak entrenatzera eskaintzen dut orain nire jarduna, baina ez dut gezurrik esango: txapelketei berriz ekitea kapritxo bat izan da. Hein batean burugogorkeria bat ere.
Aiba! Eta hori? Hainbat izan dira urte hauetan lortu ditudan dominak eta irabazi ditudan txapelketak, baina apalategia biribiltzeko Euskadiko txapelketa irabazi behar nuela uste nuen, aspalditik soinean neraman arantza zen hau: dominen artean txapela bat falta zen! (irribarretsu)
Arantzatxoa kenduta, zelako esperientzia izan da? Bizitakoa hitz bakarrean laburtu beharko banu, zoragarria izan dela esango nuke. Pozik nago lortutako emaitzarekin! Parte hartu nuen azken txapelketatik jada urte batzuk pasa badira ere, nire zorionerako, oraindik onena emateko eta kirol arloan helburuak lortzeko gai naizela erakutsi didalako txapel honek.
Zenbateko oihartzuna du eskrimak Euskal Herrian? Askoren ezusterako izango bada ere, uste baino handiagoa da Euskal Herrian kirol honek duen zaletasuna eta bazter desberdinen artean dagoen konpetentzia. Egia da, hala ere, eskrimak bere baitan dituen modalitate desberdinak medio, toki bakoitzean hauetako bat izan ohi dela nagusi.
Hara! Euskaldunen artean ere desberdintasunak daude? Bai, Donostian, esaterako, sablea da gehien praktikatzen dena. Bilbon aldiz, sablea baino, floretea da arrakastarik handiena duena, eta Nafarroan edo Iparraldean berriz, ezpatak. Gurean, SAARVI taldean, modalitate honekiko nik dudan ezagutzagatik, sablea da gehien lantzen duguna.
Galdera inozo bat: zergatik ibiltzen zarete karramarroen antzera? Modu honetan «guardia» jarrera mantentzen dugulako! (barreka) Prest egoteko eta ekintzak askoz arinago egiteko aukera ematen dizu.
Askok usteko du agian eskrima kirol elitista dela. Zuk ere hala uste duzu? Iritzi hori tamalez nahiko zabalduta dagoela esango nuke. Baina orain dela urte asko eskrimak guztion eskura egon nahi zuenez, birmoldaketa egin genuen, zabalkunde gehiago eman… Eta denborarekin aurreiritzi horien aurka egin ahal izatea espero dut.
Uste al zenuen eskrimaz bizi ahal izango zinenik? Uff! Galdera zorrotza da hori! (irribarretsu) Oro har, eskrimaz bizitzea oso zaila dela esango nuke; nahiz eta bokazio handia egon, gutxi dira lortzen dutenak. Gehienek beste lan batekin uztartu behar dute. Horregatik ni zorioneko sentitzen naiz!
Maskara, sablea, jaka elektrifikatua… ez da ba praktikatzeko kirol merkea izango! Gezurra dirudien arren, merkea da! Ikasleak praktikatzen hasteko gainera ez du ekipamendurik erosi behar, taldeak uzten baitio. Gerora, gustura jarraituz gero, bere ekipamendua erosteko aukera izango du. Ez da oso garestia, baina gainera erositako horrek urte luzerako balioko dizu!
Amaitu baino lehen, Juan, Madrilekoa zarela esan duzu… baina solasaldi osoa euskara hutsean egiten ari gara. Hona etorri aurretik ere argi nuen euskara ikasi behar nuela, eta hala egin ere. Madriletik Usansolora iritsi eta gutxira ekin nion gogo handiz lehen euskara klaseak jasotzeari euskaltegian, hutsetik.
Sei urtetan gai zara euskaraz aritzeko. Zorionak! Zelakoa izan da bidea? Gogorra izan zait hizkuntza ikastea, ez dizuet gezurrik esango. Baina oso aberasgarria izan da niretzat. Harro nago hartutako erabakiaz! Oraindik kosta egiten zait lortu dudan mailan sinistea… Baina orain euskalduna naizela esan dezaket! (irribarretsu)
Noizko eskrima elkarte bat Usansolon? Ez dut inoiz horretan pentsatu! (barreka) Baina futbolak indarra duen mundu honetan, pozgarria litzateke eskrima eskola berria sor daitekela jakitea eta bizirik urte luzez irautea! Baina… nork daki! Momentuz ez dut inorekin horren inguruan berbarik egin! •