«Kalendarioa»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2018ko urtarrila
Urte barriak kalendario barria. Kalendarioa, «egutegia» izenez euskeratu dogu. Baina kalendario, latineko «calendae» eta bere eratorri «calendarium»-etik dator.
Erromatarren kalendario zaharrean, «calendae» (gazt. calendas) hilabete bakoitzaren lehenengo egunak ziran. Grekoek ez eukien izen hori eta horregaitik, egingo ez dan gauzen bat adierazteko erabiltzen da esaera hau: «ad calendas graecas» hau da, «ez joan kalenda grekoen bila, ez daukiez-eta».
Historiara joaz, erromatarren urte zaharra, hamar hilabetekoa zan, hau da, martitik abendura, lehenengoa «martius» eta «december» azkenengoa. Baina urtearen zikloa desorekatu egiten jakien eta kalendario Julianoa osatu eben, «februarius» eta «januarius» hilabeteak martiaren aurretik jarriaz. Geroagora, kristautasunak kalendario gregoarianoa egokitu eban, gaur daukaguna.
Euskaldunok be, egokitu egin dogu kalendarioa, hilabete batzuk behintzat geure kulturara. Aiko, gaztelerazko enero < januarius», (Jano, Erromako jainkoa) gurean: urte-berri-hil > urtarril, edo urteil, ilbeltz, izotzil. Esaerara joanik: «Urtarril hotza, neguaren bihotza».