«Kanpai-hotsak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2019ko abendua
Gizakion alkar komunikatze-bideak ugariak izan dira, badira eta izango dira bizitzan zehar. Gaurkoan kanpai-hotsa izango dogu hizpide. Kanpaiak, Egipto zaharrean eta haragoan be baegozan eta V. menderik hona Eleiza Katolikuak jarri ebazan kanpandorre guztietan euren mezuak adierazteko. Kanpai bidez, eleizarako deiak ez eze, beste era askotako mezuak be bialtzen ziran eta gaur be bialtzen dira herri batzuetan, aikor esaterako: hil-kanpaiak, sute-kanpaiak, meza-kanpaiak, alba eta angelusekoak etab…hau da, zelako kanpai-hotsa halako mezua. Kanpai-hotsak gure mitologian be sartu jakuz. Gizakia beti izan da bildur pertsonai mitologikoen aurrean baina pertsonai horreik gainditzeko bide bi erabili dira herrian: bata zuhurtasunarena eta bestea kristau ezaugarriena. Nahikoa zan kristau ezaugarri bat erabiltzea edozein pertsonai mitologiko gainditzeko. Gorbeialdeko mito batzuetan jaso dodanez, kanpai-hotsak uxatu egiten ebazan jentil, lamina, deabru eta antzekoak. Ohiturak ohitura eta siniskerak siniskera, ia aurten be entzuten doguzan bizipozean Gabon jaietako kanpai-hotsak: «dilin-dalan»!