«Karea baserrian»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko iraila
Gure herriak, uritartu egin aurretik, labrantzatik bizi ziran eta gure soloetako abonu edo ongarri erabilienak, satsa eta karea ziran harik eta abonu kimikoak etorri arte. Satsa lortzeko, azpigarri, ida eta orbelak erabilten ziran eta karea egiteko kare-harria. Gure soloetako ereitzak ziklikoak ziranez, ondo abonatu behar ziran lurrak uzta onak lortzeko. Satsa, korta-ganaduen azpietan egiten zan, baina, karea, karobietan. Karobiak biribilak ziran eta azpian arketa bat eukien sua egiteko eta gainetiko guztia kare-harria. Berotu eta berotu, kare zuria lortzen zan eta ura bota ezkero kare bizia. Auzolanean egiten zan karobi-beharra. Kare bizia gauza askotarako erabiltzen zan, esaterako, soloak abonatzeko, kortak eta ganadu-lekuak desinfektatzeko, hormak zuritzeko, arrautzak karetan sartzeko etab. Arrautzak dirala-eta, oiloak emotunagoak dira garai batzuetan eta lehen frigorifikorik ez egoanez, karetan sartzen ziran. Bidoi baten karea bota ahala, arrautzak sartu kapaka eta urez bete, fresko mantentzeko behar ziranerako. Karobi eta mendiola zaharren zuloak gaur be bistan daukaguz gurean.