Kepa Lizarraga: «Edozein akats txiki oso garesti ordaintzen da mendi altuan»
Kepa Lizarraga, kirol-medikua
BINKE / 2019ko martxoa
«Edozein akats txiki oso garesti ordaintzen da mendi altuan»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Kepa Lizarragaren artxiboa
Medikuntza eta mendiarekiko maitasun zoragarria helarazten du Kepa Lizarragak bere erantzun bakoitzean, bere aitagandik —Ramon, «praktikantea»— eta bere maisu izan zen Jose Luis Goti medikuagandik jasota. Gustuko du mendia, eta gustuko du besteak zaintzea. Bi esparru horrek uztartzen bizitza osoa badarama ere, ofizialki erretiratu berritan eman dio Lizarragak despedida bere ogibideari: Alex Txikonen azken espedizioko medikua izanez. Galdakaora bueltan elkartu gara berarekin.
Behintzat osorik itzuli zara! Bai, zorionez! Gainera bapateko zerbait izan da niretzat Alex Txikonen abentura berrian parte hartzea. Azaroa amaieran, Txikonekin berarekin espedizio honetarako prestaketa lan batzuk egiten ari nintzela, zuzenean esan zidan: «Kepa, nirekin etorriko zinateke K2ra?».
Zelan hartu zenuen gonbitea? Hasieran zalantza txikiren bat izan banuen ere, etxera joan eta Izaskunek —emazteak— berehala argitu zizkidan zalantza guztiak: «Joan zaitez, aukera zoragarria da zuretzat eta!». Etxekoak alde beraz, gustura hartu nuen gonbitea. Gainera orain 40 urte Joserra Aperribai lagunarekin Suediako Kebnekaise mendira joan nintzen, duela 20 urte Everesten egon nintzen… Beraz 20 urterik behin horrelako bat egin behar nuen, eta orain K2ra joateko gonbitea hurrengo egunean baieztatu nion Txikoni! (barreka)
Zuen burua arriskuan ikusi duzue uneren batean? Arriskuan ez, baina estutasun uneak noski bizi izan ditugula. Baina horretara goaz, eta horren jakitun izan behar dugu, mendiak egoera lazgarriak ekarriko dizkigula.
Zer gertatu zitzaizuen? Espedizioko sukaldari batek ebaki sakon bat egin zuela esateko deitu ninduten ondoko dendatik, eta nik artatu behar nuen noski, ni izan bainaiz espedizio honetako medikua. Bada, hogeita bat gradu zero azpitik geneuzkan momentu horretan —«Betadine» eta osagai guztiak izoztuta zeuden— eta eskularruak kendu behar izan nituen zauria sendatzeko. Horren ondorioz eskuko lau atzamar izoztuta galtzeko zorian nituela igarri nuen, eta nire burua artatzen hasi behar izan nuen…
Orain hemen zaude. Hemendik baduzu K2ko espedizioarekin harremanik? Orain espedizioan ez banago ere, egunero hitz egiten dut Txikonekin WhatsApp bitartez, ez bada bere zalantzak argitzeko, euren berri jakiteko behintzat. Egunero, goizaldeko 05:00 aldera, izaten dut espedizioaren berri!
Lehenengo aldia al da Alex Txikonen taldearekin espedizioan abiatzen zarena? Urte asko daramatzat Txikonen mediku izaten eta bere espedizioak prestatzen, baina lehenengo aldia da berarekin noana, bai.
Zuk zergatik egin duzu buelta lehenago? Buelta planifikatuta zegoena baino lehentxuago egin badut ere, planen barruan zegoen batzuek lehenago egin beharko genuela buelta. Gure kasuan, esaterako, bi mediku joan gara, eta altuera batetik aurrera espedizioan jende larregi egotea ere ez da ona, beraz medikuetako batek buelta egin behar zuen lehenago…
Eta zergatik zuk? Josep Sanchis, beste medikua, formakuntza batzuk ematera jaitsi zen K2ko behe kanpamentutik Pakistango Baltistan herrialdera, bertako emagin batzuei ikastaroak ematera, eta ni bakarrik nengoen goian. Orduan, espedizioko kide batek egunak eman zituen altuerara ezin egokitu, tratamenduak ez zion eraginik egiten, oxigeno medizinala amaitzen hasi zitzaigun eta buruko edema bat sufritu zuen. Horrela beraz, ezinezkoa zuen bueltako bidaia —zazpi egun oinez autonomia osoz egin beharra— berak bakarrik egitea, eta erreskateko helikoptero bat eskatu behar izan genuen. Ezin nuen bakarrik utzi, eta berarekin egin nuen etxerako buelta. Baina niri ere ondo etorri zitzaidan, lehen kontatutakoagatik, atzamarrak izozten hasi zitzaizkidan-eta.
Espedizio honek badu besteekiko berezitasunik? Bai, duda barik. Munduko lehenengo espedizioa da neguan K2ra egiten dena. Eta hori gutxi balitz, oxigeno gabe! Beraz, bada berezia bai. Baina horretaz gain hainbat sistema berri frogatu ditugu, esaterako, igluak eraikitzea.
Nola demontre okurritu zitzaizuen igluak sortzea? Alexen burutazioak! (barreka) Ideia ona da, azken finean, gure asmoa herrialde hotzetan bizi direnen sistemak kopiatzea zen, eta Euskal Herritik eraman genuen ideia. Izotza isolatzaile termiko oso ona da, gogorra eta haizearen kontrakoa —barruan ez da haizerik ere entzuten!—. Egin kontu, kanpin-dendan edo kanpoan -25 gradutan egotetik, igluen barruan -3 inguru egotera igarotzen ginen, eta tenperatura egonkorragoetan!
Espedizioaren berezitasunak aipatuta, esan duzu beste medikuak ikastaroak ematen zituela Baltistanen… Ekintza solidarioak ere egin dituzue? Bai. Berezia ez bakarrik K2ra neguan egindako —eta oxigeno bako— lehenengo espedizioa izateagatik… Bestelako lanak egin izan ditugu egonaldi luzeak egiten genituen inguruetan. Jaio aurreko eta haurtzaroko heriotz-tasa altua da Pakistango Baltistanekoa, beraz emaginak ondo formatzea berebizikoa da horretan. Baina gainera, inguruan herriak bazeuden —altuera batetik gora ez dago zibilizaziorik, noski— kontsultak ere osatzen genituen, herritarrak sendatzeko. Oso esperientzia berezia izan da hori, eta herrietan oso ondo hartzen gintuzten. Niri esaterako, «Doctor Apo» deitzen zidaten maitasunez! «Apo» euren hizkuntzan «aitite» da, eta txapelarekin eta bizarrarekin ikusten nindutenez, horrela deitzen zidaten! (irribarretsu)
Neurri eta ezaugarri hauetako erronka bat proposatzeko izango du ba Txikonek zoro punturik! Buru berezia ez baduzu inori ez zaio horrelako erronka bat pentsatzea bururatuko, Txikon ausarta eta anbizio handikoa da, baina ez zoroa. Zoroa da prestakuntza barik eta ondorioak zeintzuk diren jakin barik edozer egiten duena, pentsatu barik ibiltzen dena. Ez da Alexen kasua, berak ondo prestatuta eramaten duelako dena.
Ondo prestatuta zuek ere joango zarete, ezta? Bai, baina edozein «despiste» edo edozein akats txiki oso garesti ordaintzen da mendi altuan, eta horretaz inor ezin daiteke libratu…
Txikonek lortuko badu K2ko tontorra konkistatzea, zer da egingo duen lehenengo gauza? Behin punta-puntan zaudela, oihu batzuk bota, argazkiren bat atera eta arin behera! Tontorrean ez dago luzatzeko astirik. Are gehiago, tontorra zapaltzen denean ez da mendigoizaleak nahi izan duelako, mendiak utzi diolako baizik. Bueltako bidea ere ez da erraza, gainera bidean utzitako seinale eta material gehiena batu egin behar da-eta.
Mendian zaborrik ez duzue utziko baina! Mundu honetan ibiltzen garenok ez dugu «txarrikeriarik» uzten mendian, baina atzetik etor daitezkeen espedizioetako kideentzat uzten dira bide batzuk zabalik, sokekin. Dena dela, zaborra aipatuta, gu maitasunagatik ibiltzen gara mendian, ez ordea bertako biztanleak eta mendia lan bezala dutenak. Horrelako taldeetan ingurua asko zaintzen da, eta herritarrak ere kontratatu egiten dira espedizioko zaborra jaitsi dezaten. Bada, askotan aurkitu izan ditugu gure edo beste espedizio batzuetako zaborrak mendi-hegal batetik behera botata… (ahots goibelarekin)
Kepa Lizarraga Alex Txikonen espedizioa baino gehiago da, hala ere. Alex Txikonen azken espedizio hau niretzat «kolofoia» izan da, ofizialki erretiratu eta berarekin joan naizelako. Baina Kepa Lizarraga 35 urte medikuntza eta kirolera, bere bi pasioetara, gorputz eta arima eskainita bizi izan den pertsona da. Zentzu horretan pribilegiatu bat naiz!
Eta orain, erretiratu berri, denbora zeri eskainiko? Egia esateko, ez dut horretan pentsatzeko tarterik izan. Erretiroa hartu dudanetik mila proposamen etorri zaizkit eta horrela jarraitu nahi dut, inoiz ez diodalako mediku izateari utziko. Ez noa egunero lanera, baina horrek ez du esan nahi lan egiten ez dudanik: hitzaldiak edo ikastaroak prestatzen eta eskaintzen ematen dut eguna, artikuluak idazten eta liburu berri bat idazten —bizikleta garraio bezala erabiltzearen ingurukoa—…
Iaz aplikazio berri bat aurkeztu zenuen. Zer zen zehazki? Bizkaian sortu diren «kolesterolaren ibilbideak» batu genituen aplikazio batean, non 10.000 biztanletik beherako herrietako ibilbide hauek erakutsi eta segurtasunaren, zailtasunaren edota bestelako baldintzen arabera baloratzen genituen. Horrek ez du esan nahi ibilbide guzti hauek gomendatzen ditugunik, baina bai aztertu eta herritarrei hauen informazioa eman.
Zelan ba sortu zenuen aplikazio hau? Erakundeek ibilbide piloa proposatzen dituzte. Euretariko asko asmatutako ibilbideak, eta politak bezain egokiak badira ere, gero herritarrek erabiltzen ez dituztenak dira. «Kolesterolaren ibilbideak» deitzen zaizkien horiek herritarrek eurek sortutako ibilbideak dira, nahiz eta lurraren egokitasunari, urtaroaren baldintzei, inguruaren segurtasunari… erreparatu ez dieten, herritar askorentzako ohiko bilakatu diren osteratxoak dira, eta horiek ere baloratu egin behar dira.
Galdakaon eta Usansolon badira horrelako ibilbide batzuk. Gustuko? Udaberri-udarako, adibidez, Galdakaotik irten eta suhiltzaile zaharretatik Usansolo eta Lekubasora doana izugarri gustatzen zait. Baina ez da gauza bera ibilbide bat udan edo neguan, edo ibilbide bat belaunetako arazoa duen batentzako edo gurpildun aulkian doan batentzat, iktus bat sufritu duenarentzat edo juanikoteak dituenarentzat… Baina argi dago gure herria dela dugun kiroldegirik handiena!
Beraz, osasuna zaintzeko kirola topera egitea gomendatzen duzu. Kontuz! Ezagutzen al duzu kirolari profesionalik osasun arazorik ez duenik? Norbere gorputza eta arazotxoak zeintzuk diren ezagututa kirol mota bat edo beste egin beharko dugu, bakoitzaren gaitasunen arabera. Beraz, kirola bai, baina neurrian.