Kepa Otaegi: «Jasotakoak iraun dezan, transmititzeko beharra dugu»
Kepa Otaegi, antropologoa
BINKE / 2020ko otsaila
«Jasotakoak iraun dezan, transmititzeko beharra dugu»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Andra Mari Dantza Taldeak Altsasuko inauteri ezaguna berreskuratu zuen orain 42 urte, eta inauteri hau ulertzeko zein berreskuratze hori azaltzeko ere hitzaldia eskaini zuen Torrezabalen, otsailaren 14an.
Inauteriak bertan ditugula baliatuz eta Andra Marik aurten 65. urteurrena ospatu behar duela aprobetxatuta, elkarte galdakoztarrak argitara eman du orain arte gutxik jakin duena: Altsasuko inauteri ezaguna Andra Marik berak berreskuratu zuen. Kepa Otaegi antropologoa dago tartean.
Zerk eraman zaitue, hainbeste urteren ostean, berri hau mahai-gainean jartzera? Nik bi arrazoi aipatuko nituzke: batetik taldean datozen belaunaldi berriei jasotako testigantzak helarazteko eta bestetik Jon Eguskiza proiektu hau aurrera eramaten tematu zelako. Berak argi zeukan transmisio lan hori egin behar zela, eta horrela gertatu da.
Zergatik berreskuratu zuen Andra Marik eta ez beste edozeinek? Udazken honetan, Altsasura bueltatu garenean jakin izan dugu istorio honen abiapuntua 1973ean «Gure txokoa» izeneko elkartean izan zela, Ricardo Aldasorok Patxi Goikoetxeari Altsasun inauteri batzuk ospatzen zirela komentatu zionean. Batutako testigantzarekin, Patxik, Satrustegiri helarazi zion eta honek 1974an «Solsticio de invierno» liburuan argitaratu. Inauteri hauei buruzko aipamenak Juanan Urbeltzek irakurri zituenean, berehala ohartu zen Galdakaoko Kepa Artetxe eta konpainia zirela ardura hori hartzeko pertsona egokienak, eta 1916an desagertu zena 1976an berreskuratu zuten Andra Mariko kideek.
Gaur egun elkarte galdakoztarrak baino ez du Altsasuko inauteria egiten? Seguruenik Euskal Herriko hainbat lekutan antzeztuko da. Ordea, Altsasu eta Galdakao izango dira urtero aro honetan inauteri hauek ospatzen dituzten herri bakarrak. Gauza ederra da berreskuratutakoak bizi propioa hartzen duela ikustea, bere jatorrizko herrian gainera!
Momotxorroa bera pertsonaia ezaguna bilakatu da geroztik. Zergatik? Europan, nekazal gizarteetan oso ohikoak ziren inauterietan irudi zoomorfikoko pertsonaiak. Momotxorroek aipatutako irudi horiekin erabat konplitzen dute, bai estetikaren aldetik baita duten errolaren aldetik ere. Adarrak, narruak, sardak, oihuak edo jarrera oldarkorrak oso ikusgarriak dira… Zelan ez dira ba ezagun bilakatuko!
Baina Altsasuko inauteria ez da Momotxorroa bakarrik izango, ezta? Ez, Momotxorroekin batera badago kortejua esaten zaiona. Naturaren esnatzearen sinbologia oso bat osatzen duen segizioa: goldea (Europan oso ohikoa, baina Euskal Herrian Altsasun baino agertzen ez dena), ereintza, errautsa ingurua barreiatzen duena, bataioa…
Pasa den otsailaren 14an hitzaldia eskaini zenuten. Zergatik? Lehen esan dudan bezala, urteetan jasotako ezagutza hori, datozen belaunaldiei helarazteko asmoarekin antolatu genuen hitzaldia. Gogoratu «folk-lore», «herri-jakintza» dela. Hortaz, jasotakoa denboran irautea nahi badugu, gerora enbor sendoak izango diren adaska gazteei transmititzeko ardura dugu.
Guzti hau batuko duen dokumental bat prestatzen ari zaretela azaldu zenuten hitzaldian. Zerbait aurreratzerik? Lanean gabiltza, istorioa gorpuzten doa, bizirik balego bezala. Asmoa urte honen amaierarako amaituta edukitzea izango litzateke. Ordurarte itxaron beharko duzue!