Kirol elkarte eta merkatariekin Galdakao euskaldunagoa egiteko kanpaina jarri du abian Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Euskararen erabilera Udalean, kirol elkarteetan eta merkatarien artean «konpromiso eta erronka bidez» sustatzeko kanpaina berria aurkeztu dute gaur Euskara eta Kirol zinegotziek, Udaleko langileen ordezkaritzak, Dendari Elkarteko lehendakariak eta Adiskideko, Galdakao Futbol Taldeko zein Gangureneko lehendakariek.
«Gu be bai!» kanpaina abian jarri du Galdakaoko Udalak, «Udal barruan ez eze, kirolean eta merkataritzan eraginez be herri euskaldunago bat egiteko asmoz». Horrela azaldu du gaur ekimen berria Edurne Espilla Euskara eta Komunikazio zinegotziak, Amets Iturbe Kirol zinegotziaren, Ana Martínez Galdakaoko Udaleko langileen batzordeko kidea eta ondoko elkarteetako lehendakarien alboan: Aitziber Bonilla —Gu Dendari—, Pedro Mari Aizarna —Ganguren Mendi Taldea—, Iñaki Larrea —Galdakao Futbol Taldea— eta Janire Landaluze —Adiskide Pilota Elkartea—.
Espillak aipatutako «eragin» hori, lehenik, gonbite zabal bat eginez egin gura du Udalak, «Galdakao eta Usansolo euskaldunagoak egin gura dituen edozein kolektibok bat egin ahal izateko». Baina harago joan gura du kanpaina honek aipatutako helburu horretan, Euskara zinegotziaren esanetan, «neurgarriak diran erronka batzuk ezarriko deutsieguzalako parte hartzen daben merkatari, ostalari zein kirol alkarteei».
Lan horretan, hizkuntza aholkularitzan eta kudeaketan aditua den Artez kooperatibaren laguntza teknikoa izango du Galdakaoko Udalak. Enpresa honen ordezkari, prentsaurrekoan ere izan da Olatz Santamaria; berak azaldu du zeintzuk izango diren —kirol elkarteekin alde batetik, eta merkatariekin bestetik— jarraituko diren urratsak.
Elkarte edo merkatari bakoitzaren errealitate soziolingustikoan oinarrituta, entitate parte-hartzaile bakoitzari profil bat egokituko zaio. Hiru profil izango dira, entitate horrek kanpaina honetan parte hartu orduko euskararekiko duen lotura, konpromiso eta egunerokoaren arabera esleituko dena. Eta profil bakoitzari erronka batzuk egokituko zaizkiola azaldu du Santamariak.
Beraz, elkarte edo dendari bakoitza zein profil edo mailatan dagoen jakiteko: lehenengo entitatearen konpromisoa edo atxikimendua jaso beharko da, ostean entitatearen diagnosia egingo du Artezek eta erakunde bakoitzak hartutako konpromiso mailaren araberako erronkak adostuko dira elkarteko zuzendaritzarekin beranduago, «beti ere alkarte edo denda hori euskaldunagoa egiteko bidean», azaldu du Santamariak. Hartutako konpromiso horiek hitzarmen baten bitartez sinatuko ditu elkarteak Udalarekin eta horren berri publiko egingo da urte amaieran.
Erronka horiek era eta exijentzia askotarikoak izan daitezke, esaterako: elkarteak sare sozialetan euskararen erabilera bermatzea, elkarteko egoitzaren edo dendaren hizkuntza paisaia euskaraz izatea, bere ekintzak euskaraz eskaintzea, entrenatzaile euskaldunak bermatzea,… Entitate bakoitzak ikusiko du noraino exijitu gura dion bere buruari, eta horren jarraipena egingo dio kanpaina honen kudeatzaileak.
Udaletik hasita
«Galdakao euskaldunagoa egitea» helburu duen kanpaina berri honek merkatarien, ostalarien eta kirol elkarteen inplikazioa bilatuko du, erabat. Horretarako, dagoeneko 38 kirol elkarteri luzatu zaie proiektu honetan parte hartzeko gonbitea, eta baita Gu Dendari Galdakaoko dendari elkarteari ere.
Baina «instituzioek lan hau egitea derrigor» dutelakoan, kanpaina hau abian jarriko dute Udalaren Euskara Arlotik ere. Horretarako, azaldu du Espillak, «langileentzako dekalogo bat sortuko dogu eta udal-langileen euskararekiko jarrera proaktibo bat bultzatuko dogu, adibidez, lehenengo berba beti euskaraz egiteko edota herritarrak euskaraz hasitako prozesu administratibo osoa euskaraz jarraitu eta amaituko dala bermatzeko».
Amets Iturbe Kirol zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie aurkezpen publikoan izan diren elkarteetako presidenteei, «hasieratik kanpaina honetan parte hartzeko erakutsi dozuen prestutasun eta inplikazioagatik». Gainera, Iturbek adierazi du kanpaina honetako erronkak ez direla bakarrik indarrean jarriko kirol elkarteetan eta merkatarietan, «kiroldegietako taldeekaz be helburu hauekaz bat egingo dogulako».
Horretaz gain, «Gu be bai!» kanpainak Bizkaiko Foru Aldundiaren BIKEE programarekin bat egiten duela esan du Kirol zinegotziak. Bizkaian Kirola Ere Euskaraz da BIKEE, eta «gure kanpainaren helburu berakaz egiten dau bat programa honek». Horregatik, «eta oraindik Aldundiaren programa oso zehaztuta ez badago be, hemen egiten dogun lanak Bizkaiko ekimenerako be balioko dau», baieztatu du Euskara zinegotziak.