«Kixmi eta Olentzero»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko abendua
Mito eder hau era honetara kontatzen deusku On Jose Miguel Barandiaran jakintsuak. Kristautasunaren sarrera, eta, ondorioz, mito jentilikoen desagerpena da Euskal Herrian oso zabalduta dagoan elezahar baten gai nagusia.
Ataun herritik etorren bertsio baten arabera, jentilak, Ekialdetik hodei argitsu bat eurenganatzen ikusi eben. Fenomeno horrek bildurturik, jentil zaharrari deitu eutsoen eta inguru hartara eroan hodei misteriotsua ikusi eta zer esan gura eban adierazteko. Jentilaren erantzuna: «Kixmi jaio dok, gureak egin jok! bota naizue amildegira». Orduan, hodei argitsuaren atzetik, mendebalderantz joan ziran jentilak eta Arraztarango hesira heltzean, Jentilarri deitzen dan harritzar baten azpian lurperatu ziran. Trikuharri hori Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek aztertu eben geroago.
Holan amaitu zan jentiltasuna, herri-mitoaren arabera. Baina jentiletariko bat bizirik gelditu zan Aralarko jentilen hondamenditik eta haranera jatsi zan Kixmiren jaiotza iragartzera. Lehenengo misiolari hori Olentzero izenez ezagutzen da gaur egun Euskal Herriko eskualde gehienetan. Horra-horra gure Olentzero!