Kontziliazio Plan aitzindaria adostu dute Galdakaoko udal-langile, alderdi eta sindikatu guztiek
Lana
BINKE / 2022ko otsaila
Kontziliazio Plan aitzindaria adostu dute Galdakaoko udal-langile, alderdi eta sindikatu guztiek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalean inoiz egin ez den eta «eredugarritzat» jo duten Kontziliazio Plana aurkeztu dute gaur alkateak, Giza Baliabideetako teknikari eta zinegotziak eta sindikatu guztietako ordezkariek. Lau puntu nabarmen ditu plan honek, eta hemen batu ditu Binkek zerrendan.
Galdakaoko Udalean ordezkatuta dauden alderdi, teknikari eta sindikatu guztiek «eredugarritzat» hartu duten akordioa aurkeztu da gaur udaletxean: udal-langileen baldintzak hobetu gura dituen Kontziliazio Plana. Lehenengoz aurkeztu da antzekorik Galdakaon.
Aurkezpen horretan izan dira Iñigo Hernando alkatea, Maite Arandia Pertsonalaren zinegotzia, Cristina Bikandi Giza Baliabideetako udal-arduraduna eta Galdakaoko Udalean ordezkatuta dauden sindikatu guztietako ordezkariak.
«Pertsonak erdigunean jartzen dituan plana» dela adieraziz hasi du prentsaurrekoa alkateak, eta harrotasunez adierazi du «aho batez onartutako ekimena izatea, baita oposizioko alderdiek ere onartutakoa». Plan honekin, «udal-langileen baldintzak hobetu egingo dira, eta beraz, Udal honen funtzionamendua hobetu egingo da, eta beraz, herritarren egunerokotasunean ere igarri egingo da», nabarmendu du Hernandok.
Hitzarte laburra izan du alkateak, «protagonistak nire ostean datozen danak» direlakoan. Horrela ba, jarraian hartu dute hitza Maite Arandia zinegotziak, Cristina Bikandi udal-arduradunak eta Aiora Azagirre langileen batzorde sindikaleko ordezkariak:
Hasteko, Arandiak 2020aren hasieran «ordezkari sindikalek, Berdintasun Arloko arduradun eta zinegotziek, Giza Baliabideetako arduradun eta zinegotziek eta borondatezko bi langilek osatutako» lan-taldea eratu zutela iragarri du. «Bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala uztartzea egiturazko gaia» delakoan, aipatutako lan-taldeak Kontziliazio Plan bat diseinatu eta adostu gura zuen, «kontziliazioan eta erantzukidetasunean aurrera egiteko tresnak eskaintzeko», adierazi du zinegotziak.
Hala, beste hainbat neurriren artean, udal-langileei eskainiko zaizkien hiru aukera hauek azpimarratu ditu Pertsonalaren eledunak:
- Ordutegi-malgutasuna. Bi ordu arteko malgutasuna eskainiko zaie —bai goizeko txandan zein arrastikoan— beraien menpe pertsona nagusiak, haurrak edo gaixoak dituztenei; edota bi urte baino gutxiagoko haurra duten guraso bakarreko familiei eta genero-indarkeriaren biktima direnei.
- Ordaindutako lanaldia murrizteko aukera eskainiko zaie gaixotasun larriko senide bat zaindu behar duten langileei, seme-alaba minbizia edo gaixotasun larriren batekin duen langileei… gehienez bi hilabetez, behar izatekotan.
- Ordaindu gabeko lanaldia murrizteko aukera ere eskainiko zaie udal-langileei Kontziliazio Plan honekin, gaixotasun batetik suspertzen ari direnei, radioterapia edo kimioterapia tratamendua amaitu osteko hiru hilabeteetan lanera pixkanaka bueltatzen joan gura/behar dutenei, 60 urtetik gorako langileei, 14 urte arteko haurrak, agureak edo desgaitasunen bat duten senideak zaindu behar dituztenei…
- Baimenak eta lizentziak. Are gehiago hartuko dira kontutan pertsonek bizitzan zehar egin ditzaketen kudeaketetarako baimen eta lizentzia bereziak, esaterako: erditzerako prestaketa edo azterketak, haurdunaldietako etenaldiak, haur-galtze espontaneoak, lagundutako ernalketak, haurraren heriotza haurdunaldian zehar edo jaio bezain pronto, adopzioak, ospitalizazioak, istripuak, medikuetako bisitetara laguntzak…
Gainera, Kontziliazio Plan honetan falta daitezkeen etorkizuneko beharrak aztertzeko batzorde bat ere osatuko da, eta aztertu beharrekoen artean izango da «argi itzalien politika» deitu diotena, alegia, langilearen lan-orduetatik kanpo bere ogibidera konektatuta mantendu dezaketen gailuetatik deskonektatzeko eskubide eta lasaitasuna eskaintzea.
Cristina Bikandi Galdakaoko Udalaren Giza Baliabideetako arduradunak «genero ikuspegia kontutan erabat hartzen duen plana» dela azpimarratu du gaurko prentsaurrekoan, «eta emakumeek lan hobea eta lan hobe hori mantendu ahal izateko bermea» eskainiko duena izango dela. Halaber, plan honek langileen lan-hitzarmenak bere horretan mantenduko dituela gaineratu du Bikandik, «plan osagarria» dela argudiatuz.
Aurkezpenaren amaieran Aiora Azagirre Kultura Arloko langileak ere hartu du hitza sindikatu guztien izenean, «akordiorako egon den gaitasuna eta filosofia» azpimarratuz. Ez hori bakarrik, Azagirrek esan du «neurri txikiak iruditu daitezkela hauek, baina gizartea aldatu dezaketen neurriak» direla hein handi batean. Amaitzeko, ordezkari sindikalak argitu du «plan hau ez dela langileei abantailak emango dizkion akordioa bakarrik, zaintza, pertsonak eta feminismoa erdigunean jarriko dituen plana delako».
Udalaren buletin ofizialean otsailaren 9an argitaratuko da alderdi guzti-guztiek iragan Osoko Bilkuran onartutako Kontziliazio Plan hau eta martxoaren 1erako indarrean egotea espero dute langile, politikari eta sindikatu guztiek —Galdakaoko Udalean ondoko sindikatuek dute ordezkaritza: LAB (5 ordezkari), ELA (2), CCOO (1) eta SVPE (1)—.