«Kopaz harago doan borroka», June Ramos
IRITZIA
June Ramos
BINKE / 2022ko abendua
Sei kirolari galdakoztar gonbidatu ditu Binkek domekan amaituko den gizonezkoen Qatarko futbol Mundialaren harira duten iritzia ematera. Horren baitan dago ondoko iritzi hau kokatuta.
Futbola gustuko dut, txikitatik jokatzen dut eta honakoa ikusten ere disfrutatzen dut. Baina aurten ez, niretzat, beste batzuek esan duten moduan, aurtengoa lotsaren mundiala izan da.
Qatar zerotik hasi da. Inkongruentzia bat da futbol tradiziorik ez duen herrialde batek mundiala antolatzea —estadioak eraiki behar izan dituzte—, honek ekarri duen giza explotazioarekin. Batez ere bertan India, Nepal, Bangladesh edo Pakistan bezalako herrialdeetako pertsonek lan egin dute, lan baldintza desegokietan. Eta zer esanik ez giza eskubideak errespetatzen ez dituen herrialdea dela jakinda.
Gainera, herrialde honetan bakarrik %25 emakumeak dira, hauek beti gizon baten tutelapean daudelarik, horrek dakarren zapalkuntzarekin. Homosexualitatea ere legez kontrakoa da Qatarren, zazpi urtera arteko kartzela zigorrekin.
Laburbilduz, denborarekin argi geratu da futbola negozio bilakatu dela eta nahiz eta kritika asko jaso dituen, mundiala «normaltasunez» ospatzen ari da, telebistan emititzen dute, pertsona ugari partiduak ikustera bertaratu dira…
Nire kasuan ez dut jarraituko, honek dakarrena kontuan izanda, nire ustez partidak ikusteak konplize egiten baitzaitu. Giza eskubideak non geratu dira? Hau da babestu nahi dugun etorkizuna? Kopaz haratago doan borroka da.