Krisi bikoitzari aurre egiteko Galdakaok hartutako neurriak
Osasun Larrialdia
BINKE / 2020ko maiatza
Krisi bikoitzari aurre egiteko Galdakaok hartutako neurriak
TESTUA: Iñigo Larrea eta Beñat Armentia
ARGAZKIA: Binke
«Inoizko krisirik handiena» etorri dela iragarri dute askok. Hainbesterako izan edo ez izan, erakunde guztiek neurri sendo eta ugari hartu behar izan dutenaren zalantzarik ez dago. Galdakaoko Udala ere ez gutxiagorako izan, eta alderdi guztien arteko talde-lanari esker hainbat izan dira erakundeak hartu dituen neurriak.
Badira bi hile pandemiaren berri izan, eta horrekin batera gure herria etxeetan konfinatu behar izan zenetik. Ordutik, herritarren egunerokotasuna goitik-behera aldatu, eta hain barneratuak genituen ohiturak errotik deseraiki behar izan ditugu. Errutina aldaketa horren ondorioz, herriko hainbat sektorek zein esparruk inoiz baino kaltetuago ikusi du haien jarduna. Gaur, oraindik, kalte horiek gainditzen dihardute askok eta krisi ekonomiko bihurtu den osasun larrialdi honek ekarri dituen eta ekarriko dituen kalte horiek arintzeko asmoz, datozen lerroetan Galdakaoko Udalak eta beste hainbat elkartek elkarlanean hartu dituzten neurriak laburbiltzea da erreportaje honen helburua.
Elkartuta egon behar dugula eta herriko ekonomia sustatzeko herrian kontsumitu behar dugula hainbeste errepikatzen den garai honetan, gainera, Dendari Elkarteko presidente den Aitziber Bonilla ere elkarrizketatu gura izan dugu tartean.
Komertzioak. Koronabirusak eragin zuzena izan du herriko komertzio zein merkatariengan, eta ekarri duen kalte ekonomikoa izugarria izan da. Izan ere, martxoaren 14an, herriko dendak eta tabernak itxi, eta geroztik, negozioetako jabeek onartu dute diru-sarrerarik gabe ezin dezaketela egoera jasan.
Hala, horri guztiari irtenbidea eman nahian, Udalak hiru milioi euro bideratu ditu kalte ekonomikoei aurre egiteko. Hauen esanetan, dirulaguntza horiek modu mailakatuan bideratuko dira, bi fasetan, sektore bakoitzari dagokiona emanez. Guztira hiru milioi euro eskainiko diren arren, lehen fase honetan horren herena bideratuko zaie herriko komertzio, merkatari, zein horiekin batera estuki loturik dauden ostalari, enpresa txiki eta autonomoei ere, itxialdian zehar izan dituzten galerei aurre egin ahal izateko.
Gainera, hainbat neurri hartu izan dira kafetegietako zein tabernetako jabeei itzulera errazteko; hala nola, itxialdian zehar haien negozioak ixtera behartuta egon direnei, ez zaie sei hilabetez zaborren-tasa, ezta terrazaren zerga kobratuko.
Pil-pilean egon den beste gai eztabaidatsua ibilgailuen gaineko zergen ordainketa izan da, eta osasun alarmaren ondorioz Udala hainbat alditan hau moldatzera behartuta ikusi den arren, azkenean epea uztailaren 24ra arte luzatzea erabaki du, itxialdian zehar honen ordainketa bertan behera utziz. Era berean, epea luzatzeko beharrizana izatekotan, Udalak bi irtenbide proposatu ditu: epea are gehiago luzatzea edo ordainketa zatika egitea.
Bestalde, egun latz hauetan langileen ongizatea izan da ardura gehien sortu duen gaietako bat. Egoera horren aurrean, Udalak hainbat neurri hartu ditu; adibidez, Arratiako herri guztietako etxez etxeko langileentzako babes materiala banatzea.
Askotarikoak izan dira Galdakaoko Udalak itxialdian zehar hartu behar izan dituen neurriak. Alde batetik, Udalak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu bertan behera gelditu behar izan dira; hala nola, kiroldegiak, kultur etxeak, musika eskola, euskaltegiak, ludotekak, KZgunea eta Topagunea.
Konfinamenduaren hasierako egunetarako antolatuta zeuden ekitaldi eta ikastaroak ere bertan behera gelditu ziren, baina Udalak argi utzi zuenez, herritarrei ikuskizunen dirua itzuli/ko zitzaien.
Beste alde batetik, egoeraren larritasuna dela eta, hainbat neurri aktibatu behar izan ditu Galdakaoko Udalak. Hasteko, berrogeialdia hasi baino arinago modu zuzenean egiten ziren tramitazioak, modu telematikoz egitera igaro ziren.
Koronabirusaren ondorioz muturreko baldintzak bizitzen ari diren herritarrei Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak bideratutako arreta psikologikorako dohaineko zerbitzua eskaini zaie. Elkarte eta bolondresak ere elkarlanean aritu dira zaintza sare herritarra aurrera eraman ahal izateko.
Bestalde, herrian sorturiko bolondres sareari esker, 4.000 maskara banatu izan dira eta kotxeak desinfektatzeko zerbitzua martxan jarri da herritarrak laguntzeko helburuarekin.
Konfinamendu garaiak hainbat alorretan kalteak ekarri dituen arren, azpimarratzekoa da alde onak ere ekarri dituela. Adibiderik argiena herritarren artean sorturiko elkarlaguntza izan da. Martxoaren hogeiaz geroztik, Galdakaoko Udalak Andra Mari Dantza Taldearen laguntzarekin eta Gandasegi ikastetxeko zuzendaritzarekin hitz egin ondoren, Gandasegin bertan osasun beharretarako oheak jarri zituen.
Hori gutxi ez, eta Usansoloko Ospitaleko medikuak lan egiteko babes materialaren eske zebiltzala ikusita, Udalak langileei hautestontziak ere eskaini zizkien, haien segurtasuna bermatzeko xedearekin.
Emakumeak. Genero berdintasuna bermatzeko asmoz, emakumeen gain hartu beharreko neurriak lehenetsi ditu herriko erakundeak. Hasteko, itxialdiaren lehen egunetan, konfinamenduak eraginda estresa edota antsietatea pairatzen zuten emakume haiei mugikor zenbaki partikularra bideratu zitzaien; herriko elikagai dendetan, farmazietan, banketxeetan edo anbulategietan kartelak jarriz.
Gainera, psikologia eta aholkularitza zerbitzuaren eskaintza astero egun bat izatetik, bost egun izatera pasatu zuten. Genero biolentziaren biktima diren eta etxebizitzaren beharra duten emakumeei aldiz, bizitoki bat bermatu die Galdakoko Udalak, eta, itxialdia hasi aurretik soilik bost etxe bideratuta bazituzten, konfinamenduaz geroztik zortzi gehiago esleitu zituzten. Ildo beretik, egoera horretan dauden emakumeei bideratutako ikastaroei on line bidezko jarraipena eman zaie, eta aukera honetaz baliatu ezin zutenei aldiz, jaso ez duten denboraren proportzioan itzuliko zaie dirua.
Nabarmentzekoa da, bide batez, orain arte eraso bakarraren berri izan duela Udalak. Sareen bidez prentsa oharrean argi salatu zuenez, udaltzainek gizona atxilotu eta epaileak emazte ohiarenganako urruntze agindua ezarri zion.
Kasu bakarra, hori ere saihestu beharrekoa.
Etxegabeak eta familiak. Egun latz hauetan, gure herrietan beharrizan gehien dituztenak ezin daitezke ahaztu. Izan ere, askorentzat normalak diren eskubideak besteentzat pribilegioak bihurtu daitezke. Gurean badaude gizarte-zerbitzuen baitan bizi diren hainbat herritar, Udalaren jabegoko etxebizitzetan aterpetu izan ohi direnak. Horiekin batera badaude ere bitarteko ekonomikorik gabe edo etxerik gabe bizi direnak. Horientzat guztientzat Galdakaoko frontoiko taberna egokitu da aterpe bezala, «gehienez bost pertsonentzat».
Beharrizan ekonomikoa duten familiei dagokienez, elikagai eta dirulaguntza eskaintzeko plan bat abiarazi da Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen eta Usansoloko Laguntza Elkartearen eskutik. Bestalde, hainbat familiek bizi ahal zuten arrakala digitala saihesteko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren aginbidez, ikastetxeekin elkarlanean jardun da Udala eta etxean ordenagailurik ez zuten gazteei eskolakoak banatu zitzaizkien¡. Hori gutxi balitz, Internetik ez duten etxeetako kostea ordaintzearen kargua Udalak berak hartu zuen.
Ezin zen onartu ikasleak ikasi nahi baina bitartekorik eskura ez izateagatik, ikasteko eskubiderik ez izatea.
Etxeko txikiak. Haurrak ere izan dira Udalak hartutako neurrien lekuko. Haien abagune eta elkargune diren jolas-parkeak esaterako itxi egin ziren konfinamendua hasi bezain pronto, eta horiekin batera, Udal Gobernuak aurtengo Aste Santuko udalekuak ere bertan behera uztea erabaki zuen. Horregatik, euren aisialdia bermatzeko beharra zegoen, beste modu batera izango bazen ere. Horren arduradun izan dira, esaterako, topagune eta ludotekak.
Askoren aisialdiren parte diren topaguneek eta ludotekek, lanarekin segitzeko aukera zutela ikusirik, haien jardunarekin jarraitzea erabaki zuten, baina nola ez, digitalki, modu askotariko erronka, joko zein tailer proposatuz etxeko txikiei.
Udalaren aldetik berriz, krisiaren aurrean egoera zaurgarrian diren herriko haurrei haien elikadura eskubidea bermatzeko programa eskaintzearekin batera —52 familia, 72 haur guztira—, adinez txikiko senideentzat laguntza psikosoziala eskaini die. Era berean, haurrei zuzendutako «Nire oporrak etxean» lehiaketa abiatu zuen Udalaren Kultura eta Gazteria Arloak, honen esanetan, haur bakoitzaren «ezkutuko talentua» lortzeko xedearekin.
Adinekoak. Adinekoen egoera are larriagoa izan ez zedin askotarikoak izan dira hartu diren neurriak: adinekoen zentroa itxi eta haientzako bideratuta zeuden martxorako ekintzak eta ikastaroak bertan behera utzi, eta herriko zazpi egoitzetan dauden langile zein helduen egoera zein zen aztertu zen, gero txosten hau Bizkaiko Foru Aldundiari helarazteko.
Hortik aurrera, boluntario sarearekin egindako elkarlana ardatz, oinarrizko erosketak egiteko laguntza eskaintzearekin batera, jostun bolondresek 500 osasun-mantal josi eta hauek banatu zituzten aurretik aipatutako egoitzetan zein herriko ospitalean.
Gainera, itxialdiak aurrera egin ahala, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoentzat espresuki telefono zenbaki bat sortu zuten. Erroldan erregistratuta dauden 65 urtetik gorakoak eta bakarrik bizi direnak 1.300 dira, eta guztiei deitzen diete boluntarioek, zelan dauden galdetzeko, solasaldia eskaintzeko edo zerbait behar duten galdetzeko.
Galdakao, Usansolo: eutsi, lortuko dugu eta!