Lanzaderaren auzian, Etxebarri eta Galdakao ados jar daitezkela uste du Iñigo Hernandok
Garraioa
BINKE / 2022ko ekaina
Lanzaderaren auzian, Etxebarri eta Galdakao ados jar daitezkela uste du Iñigo Hernandok
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binke (Iñigorena) eta LVP (Lorenena)
Galdakaoko eta Etxebarriko alkateen arteko bilerek eta Metroa Galdakaora iristeko dagoen proiektuak, lanzaderaren arazoaren aurrean bi udalerriak elkar ulertzera eraman dutela esan du gaur udal galdakoztarrak. Horren aurrean, Iñigo Hernandok Garraio diputatuari gutuna bidali dio, bitartekari egitea eskatuz.
Galdakaoko Udalak uste du Galdakaotik Metrorako ibilbidea hartzen duen autobus geltokiaren arazoaren konponbidea gertu egon daitekeela, Etxebarriko alkate Loren Olivak eta Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok bi kokalekuetako herritarrei mesede egiten dien akordioa lor dezaketelako. Hori dela eta, Galdakaoko alkateak Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatu Miguel Ángel Gómezi bitartekari lanak egiteko eta bi aldeei bilera batera deitzeko eskatu dio.
Galdakaoko eta Etxebarriko Udalen arteko etengabeko liskarrek erabat tenkatu zuten duela hamarkada bat lanzaderaren gaia. Hainbat istiluren ostean, Bilboko hirugarren zenbakiko Epaitegi Auzitegiak, Etxebarrin geralekua zuen autobusa Bolueta Bilboko auzora eramatea agindu zuen 2016an.
Ez hori bakarrik, Galdakaoko Udalari, Etxebarriko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari elkar ulertzeko eta adostasuna lortzeko agindua ere eman zuen 2016ko epai hark. Horren aurrean, «Galdakaoko Udal Gobernu hau hasieratik saiatu da gaia birbideratzen eta hainbat bilera eta harreman egin ditu Etxebarriko alkateagaz zein Foru Aldundiagaz be», baieztatu du erakunde galdakoztarrak ohar bidez. Eta hartu eman horrek, Udalaren esanetan, «ulermen ona lortu eta auziaren tentsioa baretu dau».
Gainera, Iñigo Hernando alkate galdakoztarrak «iraganeko liskar antzuek mesede inori egiten ez deutsiela» uste du, eta Boluetako lanzadera geltokia mantentzea «ez dala aukerarik zentzuzkoena» dio. Iritzi berekoak dira beste hainbat alderdi, autobus linea honetako gidarien sindikatu guztiak eta Bizkaiko Desgaitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Fekoor elkarteak ere, besteak beste.
Etxebarrik ez dio bere herriari beste autobus linea bat betiko gehitu gura izan. Orain, ordea, egoera aldatu egin da, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi baitzuten Metroa Galdakaora iritsiko dela eta obrak udazkenean hasiko direla, urri inguruan.
Hortik aurrera, beraz, Galdakaok ez du Metrora joateko autobus zerbitzurik beharko, lurpeko garraioa izango baitu. Hori kontuan izanda, Galdakaoko Udalak gertuago ikusten du Etxebarriko Udalarekin hitzarmena, eta Hernando Arriandiagak gogoratu du «galdakoztarrek ez ezik, etxebarritarrek be beste hainbat zerbitzu eta abantailaz gozatu ahal izango dabela bi Udalen arteko harremanari esker, anbulatorioa edota ospitalearen erabileran, esaterako».
Hori horrela, eta 2016ko epaiaren aginduari kasu eginez, Galdakaoko eta Etxebarriko Udalen artean bitartekaritza egiteko gutuna bidali dio Iñigo Hernando alkate galdakoztarrak Miguel Ángel Gómez Garraio diputatuari. Datozen egunetan espero du foru diputatuaren erantzuna.