Laura Villanueva: «Ez jatearen obsesio orokortu bat dago gizartean»
Laura Villanueva, nutrizionista
BINKE / 2021eko azaroa
«Ez jatearen obsesio orokortu bat dago gizartean»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Lauraren artxibokoa
Laura Villanueva nutrizionista galdakoztarrak milaka jarraitzaile ditu Instagramen, eta bereziki elikaduraren eta dieten tabuak hausten saiatzen da sare honen bidez.
Egun Madrilen lanean ari den nutrizionista galdakoztarra da Laura Villanueva (Galdakao, 1996). Gizarteak elikaduraren alorrean dituen ohitura okerrak modu osasuntsu batean heztera bideratzen du bere lana.
«Jateari beldurrik izan gabe bizi» diozu zure Instagrameko biografian. Hala da, bai. Urte hauetan konturatu naiz gizartearen eta janariaren arteko lotura guztiz kaltetua dagoela, batez ere horren barneratuta dugun «dietaren kultura» esango nuke dela errudun nagusietako bat. Kontsultara hurbiltzen zaizkidan hainbat bezero ikusten ditut loditzearen beldurrez, edota hainbat dira «kapritxoren» bat jaterakoan errudun sentitzen direnak. Ez jatearen obsesio orokortu bat dago gizartean, eta honek elikadura arazoak dakartza berekin.
Zeintzuk dira nutrizioaren munduan errepikatu ohi diren topikoak? Hainbat dira: karbohidratoek loditzen dutela, fruta oheratu baino lehen jatea txarra dela, jatorduren bati uko egitearekin argaldu daitekela eta beste mila. Uste dut intrusismo larregi dagoela nutrizioaren mundu honetan, kalte handia egin digu sareak, eta jendeak jada ez daki zeri kasu egin eta zeri ez.
Azkenaldian askoren ahotan dago «Realfooding» kontzeptua. Moda bat, akaso? Bizi estilo honekin ados egonda ere ez nator bat zabaltzen den mezuarekin. Hau da, mezua horrenbeste zabaltzeak —Carlos Rios adibide argia— honen inguruko hamaika interpretazio ezberdin egitea dakar. Finean mugimendu hau beste dieta mota bat baino ez da, «ultraprozesatuen» kontsumoa saihesten dituena, ez besterik. Pozten nau mezua horrenbeste hedatzeak, baina zorrotzegi ari da zabaltzen, eta elikagaietan soilik zentratzen da. Non geratzen dira ongizate soziala eta fisikoa?
Zein leku du gizartean nutrizioak? Nutrizioa ez da epe laburrerako helburu jakin batzuk lortzeko norberaren dieta hilabete gutxi batzuetarako aldatzea, argaldu nahian barau egitea edota Gabonetako otordu handiak ostean kirola eginik konpentsatuko dugula pentsatzea. Bizitza estilo bat da nutrizioa, norberak erabaki behar duena nondik heldu, eta ez kontrara. Pisua jaitsi nahi duzula? Ados. Baina lehenik erabaki honen zergatia: estetikarengatik? Gizartearen presioarengatik? Osasunarengatik? Honek erabakiko du zein bide hartu prozesuan zehar.
Hezi daitekeen zerbait dela uste duzu? Bai, noski. Jaiotzen garen unetik barneratzen dugun zerbait da elikadura, eta beharrezkoa ikusten dut honen lanketa ikastetxeetan.
Instagramen 20.000 jarraitzaile dituzu. Zelan ba horrenbeste? Ez nuen nik ere halakorik espero! Nirea ireki aurretik erreferentziatzat nituen hainbat nutrizionista jarraitzen nituen, eta nik ere antzeko zerbait egin nezakeela erabaki nuen, nakien hori jendeari helarazteko. Are gehiago, sarean aurkitzen nituen nutrizioaren inguruko gezurrei irtenbide bat emateko aukera aproposa izan zitekeela iruditu zitzaidan. Egun, nutrizio integrala da jendeari bistarazi nahi diodana, elikaduraz gain osasun mentala eta fisikoa aintza hartzen dituen bera.
Jarraitu Laura sareetan!
Instagram: @nutrirsindramas