«Ligatzea sare sozialetan», Maria Casillas
Maria Casillas Chueca
BINKE / 2023ko otsaila
Dena aldatu da. Guztiz aldatu da. Komunikatzeko modua, maitatzeko modua, hitz egiteko modua… eta, horrekin batera, ligatzeko modua ere. Gero eta ohikoagoa da ikustea harreman sentimentalek zein sexualek sare sozialetan dutela abiapuntua. Baina, arazo bat al da? Askotan entzun izan dut sare sozialetatik ligatzea ez dela erreala. Ezin dela bi pertsonen arteko konexioa sortu pantaila bat tartean egonda. Ezin dela inor ezagutu WhatsAppa dela medio. Baina nik, pertsonalki, ez dut hori uste…
Egia da tabernan aurrez aurre ezagutu, hitz egin, dantzatu, konektatu, maitemindu eta momentu horretan gertuen dagoen hotelera eskapada bat egiteak bere xarma daukala. Baina, ez gaitezen engainatu: gaur egun oso zaila da hori lortzea. Eta, lortzeko aukera izan arren, ez dugu egiten.
Lehen esan dudan bezala, dena aldatu da. Egun ez dago lehen zegoen konfiantza. Pelikuletan bakarrik mantendu da erromantizismo utopiko eta kaltegarri hori. Norbait aurrez-aurre ezagutzean egiten den lehenengo gauza Instagrama, telefono zenbakia edo Facebooka ematea da. Ez dago ohiturarik norbere buruari amain emateko. Gezur hutsa da «aurrez-aurreko» ligatze hori. Nire galdera da, zein diferentzia dago orduan? Zein da desberdintasuna? Instagrametik gustuko dut bat eman eta hortik elkarrizketa bat sortzeak zergatik ez dauka aurrez-aurre ezagutzearen eta bost minutu igaro ostean WhatsAppetik hitz egiten egotearen baliozkotasun berdina?
Gainera, jende askorentzat abantaila besterik ez da. Nork ez du inguruan pertsona oso lotsati bat? Edo parrandan irtetzea gustatzen ez zaion norbait? Eta denborarik ez duen lagunik? Denok ezagutzen dugu baten bat. Sare sozialengatik izango ez balitz, pertsona ixil eta lanpetu hauek ligatzen dutena baino askoz gutxiago ligatuko lukete. Zergatik? Ez delako ausardiarik behar lehen pausua emateko, eguzkiaren emotikono sinple eta bakar batekin nahikoa da elkarrizketa bat hasteko.
Beraz, arazoa ez da lehen pausua sare sozialeetatik ematea. Arazoa muxu batek eragiten duen berotasuna emotikono hotz batekin ordezkatzea da. Besarkada bateko momentu eternalaren lekua, mezu iragankor batek hartzea, edo «maite zaitut» lotsati eta zintzo batek pantailaren beste aldean zentzua galtzea. Hori da arazoa, aurreko hau ohitura bihurtzea.
Baina, teknologiak duen tranpa horretan jauzten ez bazara, lagun, nire ustez, ez dago inolako arazorik.
Pd: Bidali WhatsApp hori, irrikitan zaude eta.