«Lo egitea», Garatz Unamunzaga
Garatz Unamunzaga Zilaurren
BINKE / 2020ko apirila
Lo egitea
Bai, lo egiteko.
Ondo irakurri duzu, nik berrogeialdia gehien bat lo egiteko erabiltzen dut. Alarma egoera ezarri baino lehen bizi genuen «bizitza normal» horretan, beti genbiltzan alde batetik bestera korrika eta ia itota; ikasketak, lana, etxeko ardurak, umeak… zirela. Hori baita, gizarte eredu honek bizitzera behartzen gaituen egoera frenetikoa, estresa eta depresioa pairatzearen erantzule nagusietakoa. Eta jarduera geldiezin horretan, nork ematen dio lehentasuna gorputzaren atsedenari?
Izan ere, Munduko Osasun Erakundeak 7-8 ordu lo egitea gomendatzen du eta datuek diotenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek 6,5 ordu egiten dute lo batez beste eta %40ak txarto. Honek arazo psikologikoak eta kardiobaskularrak eragin ditzake.
Berriz, gomendatutako atseden orduak errespetatzeak hainbat onura ekar dakizkioke gure osasunari, esaterako, antsietatea murriztea eta sistema immunologikoaren indartzea. Alarma egoera honek sor dezakeen ezinegon honen aurrean, patxadaz eta gustura lo egiteak dakarren plazerra ere kontutan hartu beharko genuke, bai gure osasun fisiko zein psikologikoa zaintzeko.
Beraz, bai, nik berrogeialdian lo pila egiten ari naiz, hainbeste gorroto ditugun madrugoiak alde batera utziz, goizeko lehenengo orduak aprobetxatuz.