Luis Angel Sanchez de Lachina: «Ezin dut irudikatu nire barne mundua begirada eraldatzailerik gabe»
Luis Angel Sanchez de Lachina, idazlea
BINKE / 2024ko apirila
Luis Angel Sanchez de Lachina galdakoztarrak bere bigarren liburua kaleratu du. Lanak ‘Desmontando utopías’ du izena eta idazlearen bizitzako «une zehatz baten sentsazioak eta oroitzapenak» jasotzen ditu. Gehiago ezagutzeko helburuz, idazlearekin hitz egin du BINKEk.
Gizarte mugimenduei lotuta egon da beti Luis Angel Sanchez de Lachina galdakoztarra eta urte batzuetan zehar Galdakaoko zinegotzia izan zen, Galdakao Orain taldearekin. Bestalde, idazle bezala ibilbidea hasi zuen duela urte batzuk eta orain bigarren liburua argitaratu du. Lanak ‘Desmontando utopías’ du izena eta egilearen bizitzako «une zehatz baten sentsazioak, oroitzapenak eta pultsioak» jasotzen ditu haren hitzetan. Liburua eskuragai dago Arrigorriagako Amalur liburudendan, Deustuko liburudendan eta Amazonen.
Nola sortu zen liburu hau idazteko ideia? Nire lehenengo bilduma urte askotan zehar gordetako idazkiekin egin nuen. Momentu honetan helduarora egokitu behar dira nire poemak, denborak dakartzan zalantza eta galderei lotutakoak. Nagusia zarenean gaztetazko amets eta idealak nola deuseztatzen diren ikusten duzu, eta horrekin bat xede berriak eraiki behar dituzu. Hortik dator ‘Desmontando utopías’, berreraiki beharretik, amets zaharrak beste utopia berrien ordez aldatzeko beharretik.
Zeintzuk dira liburuan jorratzen dituzun gaiak? Bizitza, maitasuna, denboraren joana, agurrak, topo egiteak, datorren munduaren aurreko ziurgabetasunak… egunez egun bidean agertzen diren gai eta arazoei buruz idazten dut.
Hauen inguruan hitz egiten duzu zure sentimenduak plazaratuz. Nola izan da zure burua biluzteko prozesua?
Nik beti ikusi du idazketa terapia prozesu gisa. Zuk hartzen duzu sentimentu bat, sentipen bat, ahalegin bat, eta paper aurrean egokitzen duzu zuk nahi duzun erara errealitateari aurre egiteko nahian. Poesiak duen ezaugarrirrik liluragarriena bakoitzak berea egiten duela da. Ez da idazlea poesiaren aurrean biluzten den bakarrk, irakurleak ere.
Lan hau kontraesanak adierazteko modua dela diozu, baina itxaropena galdu gabe. Bizitza kontraesanez betetako bide bat dela esatea ez da sekretu bat, kontraesanen aurka nola jokatzen dugunean dago giltza. Zeure burua aldatzen ari dela jabetzeak, izan dituzun amets eta nahiak aldatzen ari direla jabetzeak ikaragarria edo itxaropentsua izan daiteke. Aukera honen aurrean aldaketei beti itxaropenetik aurre egin behar zaie.
Zure bizitzan oso lotuta egon zara gizarte mugimenduetara. Hauen eragina antzeman daiteke zure poemetan? Bai, nire idazkera nire konbikzioei guztiz lotuta dago eta poesia soziala hor dago. Ezin dut irudikatu nire barne mundua begirada eraldatzailerik gabe. Nire poemek bakezaletasun, antipatriarkal, edo globalizazioaren aurkako mugimenduaren arrastoa daukate. Nahiz eta mila gatazka galdu beste mundu bat posible dela sinesten dutenen arrastoa. Gazak eragiten didan minatik idazten dut, Genovan izandako Carlo Giulianiren hilketa eta hor bizitako egunetako oroitzapenetik idazten dut, Argentinako plazak bete dituzten ama eta amamen gatazkatik idazten dira nire bertsoak. Bere moduan poesia borroka era bat da.
Zure bigarren liburua izanda, zelako harrera izan du publikoaren artean? Momentuz jasotako harrera oso ona izan da. Nire lehenengo liburua barne barnekoa zen baina honekin munduari zabaldu dut nire poesia eta jendearen erantzuna oso positiboa izaten ari da.
Beste proiekturen bat duzu buruan literatura lotua? Nire buruan beti eratu gabeko ideiak daude biraka. Orain liburu hau gozatuko dut apur bat eta gero ziur poemak idazten jarraituko dudala. Noiz etorriko da hurrengo liburua? Nolakoa izango da? Hori bakarrik denborak esango du. •