«Maiatz lorea»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2021eko maiatza
Gorbeialdeko esaera batek hauxe dinosku: «Txarriaren urdaiak, maiatz luzeak eroan». Gure baserrietan, urterako txarria hilteko usadioa egoan eta gaur egun be badago han, hor, hemen.
Txarrikia dana aprobetxatzen zan, odoloste, barruzki, gihar eta urdai gatzaturaino. Kakotik eskegita egoten zan urdaia zan azkenengo jaten zana eta zemendi inguruan hildako txarriaren urdaia apurka-apurka, maiatzeraino luzatzen zan. Hortixik dator aurreko esaera, urdaia be maiatzeraz gero jan-akabatu.
Txarria eta bere urdaia aipatu doguz baina berba biok ez datoz jatorri berberetik. Gazteleraz, «cerda», abere batzuen ule gogorra da eta euskeraz «zerri» ule gogordun animalia horri jarri deutsagu. Zerri, berbaren hipokoristikoa, txerri, da eta mendebaldean, txarri, /R/ gogorrak bokala irekitzeko daukan eragina bitarteko.
Urde, ostera, euskal izen zaharra dogu, baina, baso eta itsasoagaz lotutakoa: basurde eta izurde. Baina, etxe-kortako txarriaren, «urdai» berbea, urde-rik harakoa da. Txarriak kontrolpean dagoz, baina basurdeak ez, baserrietaraino datoz goseak hilik ortuak-eta industu eta gauzeztanduten.