«Maiatz-loreak eta erleak»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2017ko maiatza
Maiatz edo lorail aldean erleak ikusten dira lorerik lore. Erlea eta gizakia beti egon dira alkarren ondoan; batetik, eztiagaitik eta bestetik argizariagaitik. Erlearen inguruan esaera asko gorde da, esaterako: “erle joanak eztirik ez”; “ erleak eztia eta ezpia”; “ maiatz hotz, ez hauts ez bihotz”. Erlauntza, lehenago, etxe edo eta inguruan kokatzen zan eta gehienetan gaztaina-enbor harroetan. Erlearen garrantzia dala-eta, aiko zer gertatzen zan etxeko nagusia hilten zan egunean. Etxagunaren alarguna edo eta etxaguntzarako izendatua, erlauntzara joaten zan parte emoten. Hiru golpe emoten eutsazan erlatokiari eta esan:
Erletxuok, erletxuok,
eizue argizaria,
nagusia hil da eta,
eleizan behar argia.
Erlategian erregina barri bat jaioten danean, banaketa dator eta bata, bere erlatokian geratzen bada, besteak, alde egin behar. Ugazaba, zuhur egoten da erlaumea erlategi huts batera eroareko. Besteren batek, jabebako erlaumea aurkitu ezkero zuhaitz bati deutsala, kurutze bat egiten eutsan zuhaitzari, jabetza adierazteko, eta errespetatu egiten zan. Ze gauza handia dan errespetoa gizartean!