Manu Rodríguez: «Pentsioetan egindako igoerak ez dira minimora heltzen»
Manu Rodríguez, Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua
BINKE / 2023ko martxoa
TESTUA eta ARGAZKIA: Irati Alonso García
Urtarrilean bost urte bete ziren pentsiodunak batzen hasi zirenetik. Ordutik, hobekuntzak egin ditu Espainiako Gobernuak baina pentsiodunek «nahikoak» ez direla adierazi dute. Egungo egoera ezagutzeko, Manu Rodríguez (eskuinean) Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramailearekin hitz egin du Binkek.
Zeintzuk dira gaur egungo aldarrikapen nagusiak? Duela bost urte eskatzen genuen berdina aldarrikatzen dugu: gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta alargunek %100 jasotzea. Galdakaon batzen garen askok hori lortu dugu baina borrokatzen jarraitzen dugu, pentsiodun guztion eskubideak errespetatu behar dituztelako. Emakumeen kasuan batez ere, asko galtzen dute, hainbatek ez dutelako kotizatu eta haien senarrek kobratu zutenetik bizi direlako.
Genero-arrakalan jartzen duzue arreta, hortaz. Bai, alargun geratzen diren emakumeak oso egoera txarrean daude. Haien senarrek kobratutakoaren %60 ordaintzen diete 65 urte gorakoak badira eta gazteagoak direnen kasuan, gutxiago. Ez da bidezkoa, oso bizitza gogorra izan dute eta babes gabe gelditzen dira nagusitzen direnean. Hau aldatzeko beharra dago, eta lehen baino lehen egitekoa.
Espainiako Gobernuak igoerak egin ditu pentsioetan bost urte hauetan. Zein balorazio egiten duzue? Badirudi entzun digutela, eta pixkanaka pentsioak igotzen joan dira. Azkenenegoaren kasuan, %8,5koa izan da igoera eta %15koa Gizarte Segurantzari egin dioten ekarpenagatik kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskubidea ez dutenei. Eskertzen dugu bide hau hartu izana, baina ez da nahikoa, inondik inora ere. Ez dira guk eskatzen dugun minimo horretara heltzen eta horregatik borrokatzen jarraituko dugu, kalera irtengo gara astelehenero eta manifestaldiak egiten jarraituko dugu. Orain ezin gara gelditu.
Nola gogoratzen duzue hasiera, batzen zineten lehenengo aldiak? Hasieran zertan ari ginela galdetzen ziguten, gure egoera hain txarra ez zela argudiatuz. Guk momentu horretan eta orain berdina esan dugu: nazkatu egin gara. Pentsioen fondoa hustu dute eta jendearen soldatak gero eta baxuagoak dira: nondik aterako dugu pentsioak ordaintzeko dirua hurrengo urteetan? Gainera, bizitza gero eta garestiago da baina soldatak eta pentsioak ez dira igotzen. Aski da.
Euria, elurra edo bero itzela izan, astelehenero irten zarete kalera. Uste duzue egindako mobilizazioek egoera hobetzen lagundu dutela? Noski, horregatik jarraitzen gara astelehenero batzen. Bost urte hauetan gero eta pertsona gehiago bildu gara, bai Galdakaon eta baita estatuko beste hainbat hirietan ere. Nagusiok erakutsi dugu borrokatzen gauzak lortu daitezkeela.
Herriko beste aldarrikapen sozial batzuekin bat egin duzue ere Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendutik. Bai, talde feministekin eta Etxebizitza Sindikatuarekin izan gara ere mobilizazioetan. Gure borroka beste hainbat gaiekin lotuta dago eta garrantzitsua da elkarren artean laguntzea. Gehiago bagara, gauza handiagoak lortzeko aukera izan ahal dugu.
Herritarren babesa sentitzen duzue? Bai, handia gainera. Gazteek ere gurekin bat egin dute eta hori oso polita da. Halaber, egungo Udalaren babesa jaso dugu eta hori guretzat garrantzitsua da, tokiko mailan behintzat gauzak lortzen joateko, pixkanaka bada ere.