Mari Gorostiza, altxorren jagole fina
Galdakoztar bat dokumentazio historikoen zaindari
BINKE / 2020ko urria
Mari Gorostiza, altxorren jagole fina
TESTUA: Iñigo Larrea eta Julen Urrutxurtu
ARGAZKIAK: Senide eta lagunek utzitakoak
Lau hamarkadatan EAJ alderdiaren eta Eusko Jaurlaritzaren milaka artxiboren zaindari galdakoztar bat izan zen, eta horri esker eratu ahal izan zen hein handi batean Euskal Abertzaletasunaren Artxiboa. Mari Gorostizaren inguruan ari gara, eta erreportaje honetan batu dira gure historiaren parte diren istorioak.
Historian zehar askotan egon dira oharkabean borrokatzen egon diren heroiak. Zoritxarrez, ez zaie behar beste meritu ematen, eta askotan, haiek egindako lana gaur egun ere baliagarria izan daiteke. Euskal Herriko historian ere horrelakoak izan ditugu, eta honakoan, Mari Gorostiza Pomposo emakume galdakoztarra eta bere senar Ander Barrutia izango dira horren adibide, eurek izan baitziren Eusko Alderdi Jeltzaleak zituen dokumentu historikoen zaindari.
Zortzi kontainer eta bi mila dokumentu kutxa baino gehiago eraman ziren 1992ko uztailaren 20an Baionako Villa Izarratik Sabino Arana Fundazioak Artean zuen artxibo biltegira. Mari Gorostiza galdakoztarrak, eta Ander Barrutia bere senarrak, 40 urtez Euskadiko historiaren zati baten zaindari izan ziren. Gerra garaian, bai frankistak eta bai alemaniarrak bikoteak gordetako dokumentuak suntsitzen ahalegindu ziren, baina Marik eta Anderrek egindako lanari esker, gaur egun dokumentu horien berri daukagu.
Senar-emazteak gorde zituen artxiboak Eusko Alderdi Jeltzaleak zituen dokumentazio historikoak ziren, eta horietan hainbat motatako informazioa zegoen: XIX. mendeko artxibo politikoak, erbestean zegoen euskal ordezkaritzaren informazioa, elkarte kulturalek zerabilten informazioa…. Marik eta Anderrek urteetan zehar gorde zituzten artxiboei eta Sabino Aranak zuen dokumentazioari esker, Euskal Abertzaletasunaren Artxiboa eratu zen.
Istorio honen protagonistek Baionan gorde izan zituzten dokumentu guztiak, 1950. urtean ezagutu eta Villa Antoniett-era joan baitziren bizitzera. Bertan zazpi urtez bizitzen egon ondoren, Villa Izarrara joan ziren. EAJk bi leku horiek hainbat urteetan zehar egoitza modura erabili zituen, eta horregatik, Gorostiza eta Barrutia Eusko Alderdi Jeltzaleak erbestean izan zituen Euskadi Buru Batzarraren —EBB— bileren lekuko izan ziren.
Dokumentazioa eta artxiboa. Agirre Lehendakariaren gobernuak dokumentazio guztia hiritik atera eta Bartzelonara eramatea erabaki zuen 1937ko urrian, Francoren tropa Bilbora sartzeko ahaleginak egiten baitzebilen. Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritza Bartzelonan kokatu zen 1939. urtera arte. Urtarrilaren 29an, Francoren armadak hiria hartu zuela ikusita, Agirrek Generalitateko gobernuburua zen Lluis Companysekin batera Frantziako muga zeharkatu zuen Pariseko Euskal Delegazioaren egoitzara abiatuz. Agirreren gobernua delegazio horretan ezarri zen, eta bertan utzi zuen urte batzuk geroago Marik eta Anderrek gordeko zituzten artxiboak.
Parisen zeudela, espero ez zuten arazo handi batekin topatu ziren. Bigarren Mundu gerra pizten hasia zen, eta tropa naziek hiria hartu nahi zutela aldarrikatu zutenean, dokumentuak galtzeko beldurrak hartu zituen. Egoeraren larritasuna aztertu ondoren, eta zeukaten dokumentazioa etsaien eskuetan erori ez zedin, Eusko Jaurlaritzak artxiboen zati bat suntsitzera behartuta ikusi zuen bere burua. Oraindik ere dokumentazio asko zeukaten, baina Gestapoak eraikina konfiskatu zuenean, artxibo batzuk Espainiako polizia frankistari eman nahi izan zizkion. Hala ere, dokumentazioaren zati handi bat kutxatan geratu zen; ez baitzituzten dokumentu guztiak Espainiara bidali. Azkenik, Paris askatzea lortu zuten, eta Euskal Gobernuaren lehentasuna, dokumenturen bat oraindik ere Euskal Delegazioaren egoitzan ote zegoen bilatzea izan zen. Zorionez, bertara gerturatu, eta Espainiara bidali gabe geratu zen dokumentazio guztia berreskuratu zuten.
Dokumentazio guzti hori 1957. urtetik aurrera EAJk zuen Baionako Villa Antoinette egoitzara eraman zen, eta geroago, Villa Izarrara. Bi egoitza horietan EBBren bilerak egiten ziren, eta dokumentazioa bertan gordetzen zen. Gure protagonistak bi egoitza horietan bizi izan ziren, eta aipatu moduan, dokumentazioaren zaindari sutsuak bertan egon ziren epe luze batean, dokumentazio horren guztiaren zaindari leialak izan ziren gure galdakoztar protagonista eta bere senarra.
Mari Gorostiza ezagutuz. Mari Carmen Gorostiza Goiza Pomposo Galdakaon jaio zen, 1915eko irailaren 10an, Bekea auzoan. Bere gurasoak Nicomedes Gorostiza-Goiza Recalde eta Maria Pomposo Barandica izan ziren. Aita zeanuritarra zen, eta turbineroa lanbidez; ama, aldiz, Bilbon jaiotako lezamarra eta etxekoandrea. Nicomedesek La Cantabrica fabrikan egiten zuen lan eta zoritxarrez, 29 urte zituela lan-istripu batean hil egin zen gure protagonista jaio baino bi hilabete lehenago. Gertaera hori oso garrantzitsua izan zen Marirentzat, bere bizitza osoa markatu zuelako.
Mariren ama berriro ezkondu zen Lezamako Felipe Larrabe Barrenarekin Galdakaoko parrokian 1917ko maiatzaren 5ean eta Arkotza auzora joan ziren bizitzera, Felipek Dinamitan egiten baitzuen lan. Ezkontza honetatik beste hiru ume sortu ziren: Lorenzo, Justa eta Felipe Larrabe Pomposo. Marik gaztaro urteak bere hiru anaiordeak zaintzen eman zituen, Plazakoetxeko Mari Tere Jugoren mertzerian lan egiten hasi zenera arte. Hainbat urte egon zen Juanma Yurrebasoren amaren dendan eta haiekin hainbeste konfiantza zuenez, haien etxekoa zela ematen zuen. Handik, Felipe Larraberen morgatar senide batzuk Bilboko Somera auzoan zeukaten Etxeita Taberna ospetsuan hasi zen lanean.
Taberna horretan, batez ere, sukaldari lanetan aritu zen, eta askok esaten duten moduan, oso sukaldari trebea bihurtu zen. Manu de la Sotak, New Yorkeko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izango zenak, eskaintza bat egin zion: Etxeita taberna utzi eta bere etxean sukaldari aritzea. Gorostizak lan-eskaintza onartu egin zuen, eta gerra bukatzerakoan Sotatarrak erbesteratu zituztenez, gure protagonista berriro ere Galdakaora itzuli behar izan zen.
Mari modu klandestinoan Ipar Euskal Herrira joan zen 1947an, Baigorri alboan dagoen Aldude herritik mugak zeharkatuz. Ez zitzaion batere erreza egin, garai hartan estatu mailan frankismoa ezarrita zegoelako eta arrazoi ideologikoengatik Mari ihes egiten harrapatuko balute, ondorio latzak izango lituzkelako. Sotatarrek zeukaten etxe batean lan egin nahi zuen Gorostizak, eta horixe izan zen bere ihes egiteko arrazoia. Etcheperdia etxean aritu gura zuen.
Hiru urte beranduago, 1950. urtean, Ander Barrutia arrasatearra ezagutu zuen, eta hortik urte batera ezkontzea erabaki zuten. Villa Antoinette-ra joan ziren bizitzera, EAJren erbesteko egoitzetako batera, eta han hiru seme-alaba izan zituzten: Ander, Xabier eta Kristiñe. 1957. urtean Villa Izarrara joan ziren, Eusko Alderdi Jeltzaleak zuen erbesteko beste egoitza batera. Urte horretan, Paris eta Londresko ordezkariek zuten dokumentazioa iritsi zen beraien etxera, eta hortik aurrera zeukaten dokumentazio guztia gorde izan zuten. 1992ko uztailaren 20an, urteetan gorde zituzten dokumentu guztiak Sabino Arana Fundazioari eskaini zizkieten, Euskal Abertzaletasunaren Artxiboa eratzeko. Bederatzi urte geroago, 2001eko apirilaren 28an, Maria Gorostiza Goiza Ponposo Baionan hil zen, 85 urterekin.
Hurbilekoen testigantza. Erreportaje hau idatzi ahal izateko, Binke Mari eta Anderren hurbileko jendearekin jarri da kontaktuan. Senar-emaztea ezagutzen zituztenek oso ondo hitz egiten dute haietaz, eta denek bat egiten dute pertsona apalak eta onak zirela esatean. Horietariko bat da Emilio Mardaras galdakoztarra.
Mardarasek, adibidez, beraiekin hainbat urte eman zituen eta senar-emaztea ondo ezagutzera heldu zen; izan ere, beraiekin exiliatu bizi izan zen 70. hamarkadan zehar. Haiekin hainbat urte egon ostean, «Mari eta Ander oso pertsona jator, maitakor eta umilak» zirela aipatzen du Emiliok. Bestalde, Marik sukaldean zeukan trebezia eta ospea goraipatzen du Mardarasek, eta gaineratu: «Etxekoa bazina bezala sentiarazten zintuen». Sebas Angoitia usansolotarrak ere aipatzen du «Lehendakari zaharra» zena —Leizaola Lehendakaria— Parisetik etortzen zenean etxera sartu, eta berokia kendu bezain pronto Marirengara hurbiltzen zela prestatutako janaria zein zen jakitera.
Juanma Yurrebasok ere adiskidetasun handia izan zuen Mari eta bere familiarekin: «Mari seme-alabekin askotan etortzen zen Galdakaora, bere anaiordeen etxera edo gurera». Juanma eta protagonisten arteko adiskidetasuna bere amonaren dendan lan egin zuenetik sortu zen eta urte askotan iraun zuen. Joseba Zamakonak ere Ander eta Mari ondo ezagutzen zituen. Berak azaltzen duenez: «Villa Izarrako etxean bizi zirenean, askotan ganbaran eta liburu artean egiten genuen lo». Zamakonak Binkeri kontatu dio beharra ere egiten zutela bikote protagonistaren etxean: «Dokumentuak filmatzen genituen edo propaganda lanetan aritzen ginen eurekin».
Jende askok egiten du gizartean ikusezina den lana, baina ez horregatik miresmen gutxiago merezi duen beharra. Horren adibide dira erreportaje honetan Binkek ikusgai egin gura izan dituen Mari Gorostiza eta Ander Barrutia, gure historiaren altxor zati bat oharkabean gordetzearen ardura izan dutenak. Horren berri batu ahal izan du aldizkari honek Miren Ereño, Emilio Mardaras, Pili Kortazar, Juanma Yurrebaso, Joseba Zamakona, Sebastian Angoitia, Iñaki Anasagasti, Xabier Barrutia eta Sabino Arana Fundazioari esker. •