«Marijesiak», Manu Etxebarria
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2023ko abendua
Marijesiak, abenduaren 15etik 24ra bitartean kantatzen dira Euskal Herrian bederatziurren gisa. Gabon-kopla ederrok kalerik kale kantatzen dira goizaldean hasita. Iparraldean ‘noelak’ izenagaz ezagutzen doguz. Historia sakratuko kantuak dira, Adan eta Ebagandik hasi eta Jesusen Jaiotza eta Erregenetarartekoak. Historiara bagoaz, Marijesien lehen oihatzuna XVII. mendean entzun zan, Joseph Lezamiz, semez Durangokoa baina Mexikoko katedraleko abade zala 1699an berak sortutako koplak bitarteko. Baina ez dago argi. Beste hipotesi bi daukaguz: Jose Antonio Arana Martijaren ustez, erdi aroko antzerki erlijiosoetatik datorren ohitura dogu. Aita Manuel Lekuonak, Bermeoko Frantziskotarrren komenturik hara hartu dogula dinosku. Gaur egun, beharbada, Gernika aldean gorde da ondoen ohitura eder hau. Kantatzeko ohitura galdu arren, Marijesia-koplak beste herri batzuetan be kantatu izan dira: besteak beste, Bermeon, Lekeition, Markinan, Mungian, Zeberion, etab. Marijesiak, kantu erlijiosoak izan arren, gure herri ohiturakoak dira, sinismendunak izan edo ez. Horregaitik ba, baztertzen ibili beharrean, zaindu daiguzan gure euskal ohitura zaharrak etorkizunean. Hala bedi!