Marrazkiek, ipuinek eta musikak hartu dute gaur Sormene
Sormene
BINKE / 2021eko azaroa
Marrazkiek, ipuinek eta musikak hartu dute gaur Sormene
TESTUA: Unai Sarriugarte Lasarte
BIDEOA: Binke
Eider Eibarren ilustrazio tailerra goizean, Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtadoren ipuin kontaketa musikatua arratsaldean eta Amak taldearen kontzertua iluntzean izan dira gaur Sormeneren osagai, Kurtzeko plazan kokatutako karpa ederrean.
Goizeko 10:15etan hasi da ostiral honetako egitaraua. Eider Eibarrek ilustrazio tailerra eskaini die Galdakaoko hainbat ikasleri. Lehendabiziko uneak Eiderren eta umeen arteko hartu-emana izan dira. Bertan Eibar Galdakaoko ikurra den mozoiloa marrazten ibili da. Izan ere, umeek eman dizkioten ideiak erreferentziatzat hartuz mozoilo ezberdinak marrazten joan da, hiru mozoilo marraztu dituelarik.
Tailerraren bigarren partea, berriz, «Ez dakit marrazten» izeneko liburuaren inguruan izan da. Lehenengoz aurkeztu du Eider Eibarrek bere azken liburua, Sormenen. Lan honetan oinarriturik, bertako pertsonaiari jazotzen zaizkionak aztertu ditu entzuleekin. Obra honetako protagonistak marrazten ez dakiela pentsatzen du, eta, horren harira, atsekabetu egiten da. Baina, hauxe ez da egia, pertsona orok baitaki marrazten bere modura.
Hortaz, marrazkia elkar ulertzeko tresna gisa baliatuz, ikasleen ideiak berriro ere unean sorturiko marrazkien bitartez interpretatu ditu bizkaitarrak. Hitz gutxitan, ekimen honek ikasleen buruak ideiaz betetzea eta marrazteko gogoa piztea izan du erronkatzat.
Eibar Arte Ederretan eta Animazioan lizentziaduna da EHUn. Egun, aldiz, ilustratzaile modura ari da lanean. Izan ere, duela 20 urte inguru bihurtu zuen ilustrazioa bere ogibide, eta oraindik irudigintzaren munduan asko egiteko kapaz ikusten du bere burua. Azken mende laurdenean euskarazko 50 liburu baino gehiagorentzat irudiak ondutakoa da, batez ere haur eta gazte literaturako lanentzat. Gara egunkariarentzat ere zenbait ilustrazio eginikoa da.
Eibarrek txikitatik izan du marrazteko grin hori, aske sentitzen baita eta bere pentsamenduak eta sentimenduak adierazteko hizkuntza bat aurkitzen du bertan. Bere estiloa oso borobila, gozoa eta lasaia dela diote ilustragintzan adituak direnek. Asko gustatzen zaio forma leunak egitea eta baita mugimendua islatzea ere. Gainera, haurren azalean jartzen da eta haurrak bere irudia nola interpretatuko lukeen pentsatzen du.
Bestalde, arratsaldeko seiretan Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok eskainitako «Bertoko eta urrutiko ipuinak» ipuin kontaketa musikatuaren txanda izan da. Bertan errespetu, umore eta zuzeneko musikaren bitartez hainbat galtzagorri, lami nahiz indioen historio ezberdinak kontatu eta kantatu dituzte.
«Bertoko eta urrutiko ipuinak» egitasmoa Donostiako Hamabostaldi Musikalaren baitan estreinatu zuten Zumaian (Gipuzkoa). Hiru ipuinez osatuko ekimen honen bidez —euskalduna, afrikarra, eta amerikarra—, bertaratu diren familia ezberdinak zur eta lur utzi dituzte. Ipuin musikatu honen izenburuari erreferentzia eginaz, hemengo nahiz beste herrialde batzuetako istorioak gurera ekartzea, alegia.
Nerea Ariznabarretak bi urtez antzerki fisiko eta sorkuntza kolektiboko graduondoko ikasketak jorratu zituen Londres eta Berlin bitartean. 2017. urtean, aldiz, NAITA Produkzioak arte eszenikoen konpainia jarri zuen martxan. Ikasketok eman zioten bultzadatik, eta ikerketa eta esperimentazioari esker jaiotako taldea dugu hauxe. Proiektu gaztea izan arren, 2008an Zurrumurru Antzerki Taldearen sortzaileetako bat izanaren esperientzia du xedetzat, eta, harrezkero, antzerki talde ezberdinetan lan egin izanean ere.
Azkenik, Amak taldearen musika emanaldiak itxi du ostirala. Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kristina Solanok osatzen dute taldea. Kontzertura bertaratu direnak euskal folkaz gozatu ahal izan dute,kalejirek, arin-arinak, balsak, baladak, trikitixak eta zortzikoak euren errepertorioa osatu dutelarik. Testuen edukiak hausnarketa nahiz gogoeta eta aldarrikapena izan dute ardatz, abesti oron emakumearen eta amatasunaren ideia aintzat hartuz.
Musika taldeak bere lehendabiziko pausoak Oñatiko Trikiti Jaialdian eman zituen duela hiru urte eskas. Hortaz, 2019. urtean trikitrixaren munduan ibilitako lau emakumezko hauek musika talde hau sortzea erabaki zuten, aho batez. Taldeak pasa den urtean atera zuen bere lehendabiziko kanta, Basajaun, baita iazko maiatzean euren lehendabiziko diskoa kaleratu ere, Amak izenekoa.
Bihar eta etzi jarraituko dute Sormeneren ekitaldiek Kurtzea plazako karpan, eta horren berri zehatza emango du Binkek bere sare sozialen bidez, baita zuzeneko ekitaldiak eskaini ere.