Martxan da Berbalagun ekimenaren ikasturte berria Galdakaon
TESTUA ETA IRUDIAK: Irati Alonso García
Herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak batzeko helburuz urtero antolatzen den Berbalagun egitasmoaren ikasturte berria martxan da Galdakaon. Gaur aurkeztu dituzte aurtengo programaren nondik norakoak eta albiste honetan batu ditugu.
Aurten ere Berbalagun ekimena antolatuko da Galdakaon, Udalaren eta euskaltegien eskutik. Ikasturte honetako programa dagoeneko martxan da eta gaur aurkeztu dute Galdakaon herriko eta Basauriko ordezkariek, izan ere, eskutik aritzen dira Berbalagun programak herri bietan.
Ganbara tabernan egindako aurkezpenean Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko zinegotziak, Asier Iragorri Basauriko alkateak, Berbalagun egitasmoaren arduradunak eta programan parte hartzen duten kide batzuk batu dira.
Espillak ekimenaren garrantzia azpimarratu du: «Mota honetako ekimenak zubiak dira herritarrek egunerokoan euskara gero eta gehiago erabiltzeko. Horregatik, gu Udal moduan beti gaude prest laguntzeko».
Asier Martinek eta Ioritz Lopez de Aldak azaldu dituzte programaren nondik norakoak. Martinek adierazi duenez, Galdakaon Berbalagunen 18 talde inguru daude aurten eta hauetako asko dagoneko martxan jarri dira. Astean zehar batzen dira goizez zein arratsaldez eta kafe bat hartzeaz gain, beste ekintza batzuk jorratzeko taldeak daude, besteak beste, mus, paseo, mendi eta eskulan taldeak.
Aurten eskalada taldea ere martxan jarri nahi dute Galdakaon eta gaur bertan batuko dira kiroldegian 18:00etan. Halaber, Gurasolagun ekimena abiatuko dute ikasturte honetan, berrikuntza nagusi batekin. Orain arte eskulanak familian egiteko ekintzak izaten ziren programa honen oinarria baina aurten, saio hauekin batera, gurasoen artean ere euskararen erabilera sustatu nahi dute antolatzaileek.
Horretarako, taldeak osatuko dituzte umeek kirola egiten eta gurasoak itxaroten dauden bitartean, adibidez. «Gurasoek eskolan, patioan edo kiroldegian itxaroten duten tarte horretan euskaraz aritzea da helburua», azaldu du Martinek.
Urtero egiten den mintzodromoa ere antolatuko dute abenduaren 3an, Euskarararen Egunaren harira, eta beste hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango da ekainera bitarte.
Taldeetan eta ekintzetan izena emateko 607146855 telefonora deitu edo galdakao_berba@aek.eus helbidera idatzi daiteke.
Hemen Asier Martin Berbalagun egitasmoaren Galdakaoko dinamizatzailearen eta Alfredo Madina Berbalagun ekimenaren parte-hartzailearen adierazpenak: