Martxan dago Galdakaoko Udaleko Euskararen Plan berria; 2027. urtera arte egongo da indarrean
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: PeopleImages
Lau erronka nagusitan zehaztuta, Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Plana onartu du Galdakaoko udalbatzak urriko osoko bilkuran, eta ondorioz indarrean egongo da Udalean euskara «zeharkako ardatz» izango duen kudeaketa 2027ko abenduaren 31ra arte. Baina, zeintzuk dira lau erronka horiek?
Galdakaoko Udalak 2027ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den Udalean Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Plan berria dauka. Plan honen helburua «herriko biztanleek Udala euskaraz aritzeko eremu gisa hartzea eta beren hizkuntza-eskubideak zaindu eta betetzea» da, Udalak berak ohar bidez adierazi bezala.
Urriko osoko bilkuran udalbatzarrak argi berdea eman zion planari, eta ondorioz aurrerantzean euskara «zeharkako ardatz» izango da Galdakaoko Udalaren kudeaketan. Horretarako, lau erronka zehaztu ditu udalerriko erakundeak:
- Udalak bere zerbitzua euskaraz bermatzea hala nahi duten herritarrei
- Euskara zehar-lerroko gaia izanik, kudeaketa eta jarraipen sistema bat erakundeko eta arloetako kudeaketan txertatzea
- Galdakaoko Udalean euskaraz gero eta gehiago sortzeko baliabideak jartzea langileen eskura
- Udal langileak eta hautetsiak Galdakaoko errealitate soziolinguistikoaren eta hizkuntza ohituren kontzientzia hartzea
Hala ere, Plana bera bi agiritan desberdindu dute udaleko teknikariek, Plan Estrategikoan batetik eta Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideetan bestetik. Horrela azaldu du Udalak, hitzez hitz: «Lehendabizikoak aurreko planaren ebaluazioa, plan berriaren helburu nagusiak, planaren indargune eta zer hobetuak, eta adierazleetan oinarritutako ebaluazio-sistema jasotzen ditu. Bigarrenak, ostera, Udalaren eguneroko jardunean hizkuntzen erabilera zehazten du; euskararen normalizazioa lortzeko ezarritako jarraibide orokorrak, alegia».
Dena dela, Udalak argi utzi du bere «helbururik behinena» herritarrek Galdakaoko Udala «beren hizkuntza-eskubideak eta hizkuntza-berdintasuna bermatuko duen arigune instituzionaltzat hartzea da, hala nola erakundea euskaraz lasaitasunez aritzeko eremu gisa hartzea».