Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala kaleratu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira ondoko Adierazpen Instituzionala onartu dute Galdakaoko udalbatzako alderdi guztiek, EAJk izan ezik. Gaur, martxoak 8, testua kaleratu du Udalak eta adierazpena hitzez hitz batu du BINKEk bere webgunean.
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta ohi duenez, Galdakaoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du honen harira. Udalean ordezkaritza duten talde guztiek babestu dute, EAJ-PNVk izan ezik.
Adierazpenean, besteak beste, erakunde bezala Udalak berak hartuko dituen zortzi konpromiso azaltzen dira. Hauxe da, hitzez hitz, Galdakaoko Udalak kaleratutako martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala:
«Emakumeen nazioarteko egun honetan, bidezkoa da gure gizarteak historian zehar eraldaketa feministak eragin dituzten emakumeen belaunaldiekiko zorra aitortzea, bai genero-agindu eta genero-estereotipoen aurkako erresistentzietan, bai mugimendu feministaren borroka kolektiboetan.
Sistema patriarkalak emakumeen ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Argi geratu da herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrietan, eta emakumeen gainean erortzen dela zaintzaren lan karga gehiena, batik bat. Honek dakarren ondorioetako bat, feminismoetatik izendatutako lanaldi bikoitz edo hirukoitzak dira, beste gauza batzuetan emakumeei haien denbora eskaintzeko aukera kenduz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak.
Arreta jartzen dugu adineko emakumeen egungo belaunaldian eta emakume arrazializatuetan, sistematikoki estereotipatuak eta diskriminatuak, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. Gainera, ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da, hala nola prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun-arazoak eta indarkeria matxista motak ezberdinak.
Bestalde, zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Baina ez dira atzokoak krisi honi erantzun nahi dioten mugimendu eta ekimenak. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.
Estruktura estankoak apurtu behar ditugu sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraikiz eta kudeatuz. Erakunde ezberdinek eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko.
Horregatik guztiagatik, Galdakaoko Udalak honako adosten du:
- Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
- Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten laguntzea.
- Mugimendu Feministarekin batera espazio partekatu batean, Zaintza mahaia eratu.
- Herriko mugimendu feministak eta emakumeen taldeek bultzatuko duten dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
- Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
- Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean, eta konpentsazio-neurriak aztertu eta artikulatzea.
- Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta emakumeen zahartzaroari buruz, gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta. »