Maxam enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo lau kaleratze salatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Maxam
Maxam lehergaien enpresako langileak mobilizazioetara bueltatu dira, kasu honetan lau kaleratze salatzeko. Atzo, urriak 4, kontzentrazioa egin zuten Zuhatzuko tren geltokiko hesien ondoan, «enplegua bermatuko duen industria plan bat» eskatuz.
Maxam lehergaien enpresako langileen gehiengo nagusiak hogeita hamar eguneko greba egin zuen 2022an kirol-kartutxo eta polboraren atala ixteko proposamena egin baitzuen lantegiko zuzendaritzak.
Grebaren ostean enplegu erregulazioko espedientea sinatu zuten eta taldeko enpresetako bat itxi eta hirurogeita hamar lanpostu suntsitu zituzten.
Orain berriz bueltatu dira langileak mobilizazioetara, kasu honetan lau kaleratze berri salatzeko. Atzo eguerdian kontzentrazioa egin zuten Zuhatzuko tren geltokiko hesien ondoan «enplegua bermatuko duen industria plan bat» eskatuz.
«Multinazionalak urteak daramatza enplegua suntsitzen. Desinbertsioak eta plan industrial seriorik ezak arrisku larrian jartzen dute ehun urtetik gorako enpresaren jarraipena», adierazi dute ELA sindikatutik.
Sindikatuak demanda judiziala jarri du, izan ere, «uste dugu oinarrizko eskubideak urratu direla». «Horregatik, epaitegietan borrokatuko dugu, eta mobilizazioekin jarraituko dugu, kaleratutako pertsonak berriz onar ditzaten», aldarrikatu dute.
Era berean, ELAk UGT, CCOO eta SIX sindikatuen jarrera deitoratu du. «Independente gisa aurkezten dute beren burua, baina ez dute baloratu ere egin kaleratzeei erantzun sendoa ematea, eta enpresaren jazarpen politika onartzen dute», azaldu dute.