
Meatzeta ondoko jolas parkean «nahita eragindako sutea» gaitzetsi du Usansoloko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansoloko Udala
Maiatzaren 31ko goizaldean «nahita eragindako sutea» gertatu zen Meatzetako eskola esparruan eta kalte material handiak eragin zituen. Honen aurrean, Usansoloko Udalak gaitzespena adierazi du eta herritarrak deitu ditu «bizikidetzari eragiten dioten jarduerarik ez onartzera».
Hainbat ekintza bandaliko gertatu ziren maiatzaren 31ko goizaldean Meatzetako eskola esparruan. Zehazki, «nahita eragindako sute batek» kalte material handiak eragin zituen parkean.
Suteak kristalak hautsi zituen, pertsianak suntsitu, eta kalteak eragin zituen instalazio elektrikoan eta ekipamendu informatikoan. Gainera, trafiko-seinaleak eta edukiontzi bat erauzi eta erre zituzten eta Ertzaintzak eta suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten.
Honen aurrean, kezka eta gaitzespena adierazi du Usansoloko Udalak: «Gizalegearen aurkako horrelako jokabideen aurrean herritar guztiei dei egiten diegu indarkeriazko portaerarik edo bizikidetzari eragiten dioten jarduerarik ez onartzeko».
«Gertaera guztiak agintari eskudunari jakinarazi zaizkio, eta dagokion ikerketan laguntzen ari gara», azaldu du Udalak.