Memoria historikoa berreskuratzeko bost plaka jarri ditu Galdakaok
Gerra Zibila gurean
BINKE / 2021eko maiatza
Memoria historikoa berreskuratzeko bost plaka jarri ditu Galdakaok
TESTUA ETA ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai
Memoria historikoa herrigunean berreskuratzeko bost plaka jarri ditu Udalak, Galdakao Gogora eta Gogora Institutuaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu dituzte prentsarekin eta Gerra Zibileko biktima izandako senide batzuekin. Lehenengo fasea da gaur aurkeztutakoa.
Maiatzaren 19an gogoratu ohi da, urtero, Galdakao bonbardatu zuteneko urtemuga. Eta urtemuga horren atarian, Galdakaoko Udalak —Galdakao Gogoraren eta Gogora institutuaren laguntzaz— Gerra Zibilean «estrategikoak izan ziren bost gunetan» plakak jarri ditu, Iñigo Hernando Arriandiaga alkateak gaur eskainitako prentsaurreko-ibilaldian azaldu duen bezala. Prentsaurreko hori bost plaka hauek bisitatuz egin du alkateak Galdakao Gogoraren, Gogora Institutuaren eta guda zibileko biktimen ordezkariekin. Prentsaurreko horretan Ander Aperribai historialari galdakoztarra ere izan da, eta berak izan du plaka bakoitzak batzen duena azaltzeko ardura.
Herri hau estrategikoa izan zen faxistentzat guda garaian, besteak beste, «Galdakao Bilbora sartzeko ate edo bide naturala zalako» gogoratu du Aperribaiek, eta «horregatik jarri dira bost plaka hauek». Burdin Hesiarekin egin ostean, «orain herri barneko ibilbideak markatu gura doguz plaka hauen bitartez, herritarrek gure herrian egin ebena inoiz ahaztu ez dagien» esan du alkateak, eta gaineratu bost hauek lehenengo fasearen parte baino ez direla, «ostean toki gehiago gogoratuko diralako, baita zubiak be».
Non daude plaka hauek eta zer azaltzen du bakoitzak?
- Kurtzeko kioskoaren aurrean. Udaltzaingoaren egoitzara begira dagoen plaka honek Bigarren Dibisioaren Aginte Postua Galdakaon izan zela azaldu gura du, egungo komisaldegiaren ondoan. Era berean, Agirre Lehendakariak edo George L. Steer gerra-korrespontsal britainiarrak Galdakaora egin zituzten bisitak gogoratu gura ditu.
- Gandasegi eskolaren aurrean. Plaka honekin Gandasegi eskola kuartel militar bilakatu zuten pasartea gogora ekarri gura da, baita honetan EAE-ANV laugarren Azkatasuna batailoia ere ezarri zela. Gainera, besteak beste, zapatzaileen beharra nabarmendu du oroigarri honek, hauen beharra zein zen eta zein garrantzitsua zen azaltzen baitu.
- Iturrondo plazan, Inuntziaga txaletera begira. Juan Bautista Uriarte kaletik Iturrondo plazara igarotzeko dagoen pasabidean Inuntziaga txaleta zegoen, kale nagusira begira. Horren pare, baina Iturrondoko lorategietako batean, eraikin hau gogoratu gura du plaka batek, Inuntziaga txaleta etxebizitza izatetik kartzela izatera igaro baitzen indarrez.
- Tximiolarreko bidexkan babeslekua, Osakidetzaren eraikinaren atzean. Tximiolarre Bekoatik N634 errepidera igarotzeko dagoen bidetxoan, osasun zentroaren atzean, beste plaka bat jarri da. Plaka honek lurraren azpian zegoen babeslekua erakutsi gura du. Gainera, babesleku hau egokitu egin da eta maiatzaren 19an emango du Udalak horren berri.
- Plazakoetxen, hildako galdakoztarren omenez jarritako monolitoaren pare. Plazakoetxeko parkean jarri da bosgarren plaka. Bertan hainbat herrikide hil zituzten, eta bonbardaketa odoltsuenetariko batzuk gogoratu gura ditu plaka honek, Galdakao herri bonbardatuenetariko bat izan zela azpimarratuta.