Geltokia Erdigunean plataformak herri galdeketa antolatu zuen atzo Usansolon, Metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan. Guztira 1.741 herritarrek parte hartu zuten eta %94,7k erdigunean Metro geltokia ezartzearen alde bozkatu zuen.
Metroaren 5. linearen proiektuaren inguruan usansolotarrek duten iritzia ezagutzeko helburuz, herri galdeketa antolatu zuen atzo Geltokia Erdigunean plataformak.
Herritarrek 09:00etatik 20:00etara izan zuten bozkatzeko aukera Unkina plazan, eta guztira 1.741 lagunek eman zuten botoa.
Hiru aukera eman ziren galdeketan eta hauek izan ziren emaitzak:
- Erdiguneko geltokia mantentzea: %94,7
- Ibilgailuentzako tunel bat eraikitzea: %2,5
- Autobus batek herria konektatzea ospitaleko geltokiarekin: %1,9
Usansolotarren gehiengoak, beraz, Metro geltokia erdigunean ezartzearen alde bozkatu zuen, azkenaldian egindako mobilizazioetan eskatutako moduan.
«Herritarrok gure iritzia emoteko aukera izan dugu, parte hartzeko eta herri honen parte izateko. Eskerrik asko bihotz-bihotzez. Lortu arte jarraituko dugu! Zorionak!», adierazi dute plataformatik.
Orain, kontsultaren ostean, —ez loteslea izan arren berme guztiak izan ditu— «ibilbide politikoari berriz ere ekitea» izango da hurrengo pausoa, Jon Atxutegi eta Josu Grandibal Geltokia Erdigunean plataformako kideek BINKEri azaldu moduan.