Miren Hernando: «Egin barik gelditu jatana oraintxe egin dot: lekukoa emon»
Miren Hernando, Ganguren Mendi Taldeko presidente ohia
BINKE / 2020ko urtarrila
«Egin barik gelditu jatana oraintxe egin dot: lekukoa emon»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Urte berriak bizitza berria dakarrela dio esaera batek. Baina horixe baino ez da: esaera hutsala. Edo ez. Urte berriko Binkeren lehenengo protagonista nagusiari bizitza berriz planteatzeko tenorea etorri zaiolako, eta zenbaki potolo biren aurrean etorri ere: Ganguren Mendi Taldeko presidente 20 urte eta Eguzkibegiko irakasle 35 urte eginda hartu duelako erretiroa, bai batetik zein bestetik.
Hogei urteren ostean Ganguren Mendi Taldeko presidente izateari utzi diozu, hain justu elkarteak 75. urteurrena ospatu behar duen urtean. Datorrenari beldur, ala? Ez! (irribarretsu) Presidente izateari itxi deutsat baina ez deutsat talde honen alde lan egiteari itxiko. Hori argi izan! Batzorde nagusitik kanpo sortu dan urteurreneko batzorde berezian sartu naz, eta horretaz gain be oraingo junta barriak badaki behar daben guztietarako prest egongo nazala.
Zer duzue prestatuta ba 75. urteurrenerako? Datozen egunetan emongo dogu urte osorako prestatu dogun egitarau zehatza, Andra Mari Dantza Taldeak be 65. urteurrena ospatuko dauanez aurten, ezer argitaratu baino lehen eurekaz batu gura izan dogulako, urteurren bien ekitaldiak alkarri ez zapaltzeko. Baina danetarik egongo da, hitzaldiak, erakusketak, adin guztientzako ikastaro eta tailerrak…
Urte osoko lana aurretik dagoena. Elkarteko batzordetik kanpo ere eskatuko duzue laguntzarik? Urteurrenean jende asko dago inplikatuta, egungo batzordekoak, orain arteko batzordekideak eta bi honein inguruan dabilen hainbat herritar mendizale. Eta eskerrak dagozana! Danon arteko lana barik ezin izango geunkelako ezertxo be egin!
Horrenbeste urte ez dira ba betetzen militantzia handiko pertsonak barik. Guzti horiei eskerrak emateko ere baliatuko duzue urteurrena? Pentsa 75 urteko historian zenbat laguntzaile, batzordekide eta lagun igaro diran Ganguren Mendi Taldetik. Guzti horrei banan-banan ezin izango deutsegu aipamenik egin, beti nonor ahazteko arriskua be badagoalako, baina eskerrak ez dira faltako, jakina. Dana dala, alkarrizketa hau bai aprobetxatu gurako neuke nire partetik eskerrak emoteko: nigaz egon diran batzordekide guztiei, hainbeste lagundu deuskun Galdakao herriari, etxekoei eta lagunei. Eurek barik ezin izango neikezan hogei urte bete!
Gogoratzen al duzu, orain 20 urte, presidente kargua hartu zenuen egun hura? Eta ondo gogoratu be! (barreka) Baina kargua bera hartu neban eguna baino, egoera horretara zelan heldu ginan gogoratzen dot. Taldeko bazkide guztioi gutun bana heldu jakun, ordura arteko batzordeak taldea itxi behar ebala-eta, batzordean lanean jarraitzeko ondorengorik ez egoala esanaz. Abenduaren 24 bat zan, eta Gabonetako iluntzeko poteoan lagunartean berotu ginan, Ganguren hiltzen itxi ezin genduala eta ia guk hartuko genduan taldearen gidaritza. Gaur arte!
Eta zu presidente? Bai, garai hartan apustu bat izan zan dagoaneko handia zan talde bateko presidente emakume bat izatea, eta horregaitik proposatu eustien kargua niri.
Aurretik izan zirenen aholkurik jaso zenuen? Aholkuak bakarrik ez, laguntza ikaragarria jaso neban nire aurretik egon zan Josetxo Collado eta beragaz ibili ziran batzordekide askoren eskutik. Hutsetik hasi ginan eta horregatik batzordean sartu aurretik guk ez genkian ezer, eta oindo gutxiago lehenengo urte hartan antolatu behar izan genduan Hiru Gurutzetako antolakuntzaz! Aix! Ze inportantea dan talde-lana…
Eta zuk orain, zein aholku emango diozu zure atzetik datorren presidenteari? Presidente barria Pedro Mari Aizarna da, eta batzordea gaztetu bada be, orain arte nigaz batera urte asko egin dabezan pertsona aritu askok jarraitzen dabe orain be. Tartean Aizarnak berak. Ez da hutsetik hasi eta taldea asko ezagutzen dau, beraz ezin deutsat aholku handirik emon. Tira, bat agian bai: gazteriari bide emotea eta talde lana sustatzea.
Zure «agintaldiko» 20 urteak esaldi bakarrean laburbildu beharko bazenitu… Talde lana, desbardinen arteko beharra eta besteengandik etengabe ikastea. Holan laburtuko neukez nire hogei urteak, batez be asko ikasi dodalako.
Zer gelditu zaio Miren Hernandori egiteko Gangurenen? Beti dago zer egin eta zer hobetu, eta pozik nago Gangurenen euskararen presentziari emon deutsagun indarraz, taldea indartu izanaz eta dana digitalizatzen egin dogun beharragaz. Baina egin barik gelditu izan jatana oraintxe egin dot Gangurenen: ondorengoei lekukoa emon.
Ganguren taldeak 3.000 bazkide inguru ditu. Horrek lasaitasuna ala presioa dakar? Lasaitasuna, gauzak egin ahal izateko laguntza handia diralako bazkideak.
Hala ere, bazkide gehienak oso «pasiboak» izango dira, ezta? Bai, baina bazkideak baliabide ekonomiko handia dira, eta horrek autonomia handia emoten deutso alkarteari.
Ordea, uste al du bazkideak, urtean 14€ ordaintzeagatik, edozer kritikatzeko eskubidea duenik? Iritziak eta kritikak beti dagoz, baina orokorrean ez dira destruktiboak izaten eta hortaz, ekarpen onak dira. Bazkide gehienak esker onekoak dira, eta bazkideen arteko arazorik badago, horrek aterpeak sortzen dauana da, ez besterik.
Pertsonalki, zer ekarri dizu Gangurenen buru izateak? Aberastasuna —inoiz ez ekonomikoa, noski, ez dalako dirutan ezer kobratzen—. Baina zabaltasuna emon eta herriko alkarte zein pertsonak ezagutzeko aukera handia emon deust. Lagunak be emon deustaz etapa honek, udaletxea danon etxea dala ulertzea… eta bereziki gogoan daukat ONCEgaz egin genduan ekimen zoragarri bat, itsuak edota gorrak ziranakaz mendira joaten ginan garaia. Ene, zenbat dogun ikasteko…
Zer esango zenioke herrian inplikatzen ez denari? Bada, euskaldunak inplikatzen ez bagara gure herria galduko dogula, gure nortasuna, gure kultura, gure hizkuntza, gure izaera…
Ganguren Mendi Taldea mendia bakarrik da? Gehiago da, eta izan behar dau! Gangurenen hainbeste gustatzen jakun mendia aitzakia bat da gure kulturatik ikasten jarraitzeko. Mendiari esker gure ohiturak ikasten doguz —urteera batzuk garai zehatz batzuetan eginda, esaterako—, gure ingurugiroa zaintzen dogu eta euskarari hauspokada emoten deutsagu.
Tira, askorentzat taberna ere bada. Taberna izateak ikusgarritasuna ematen dio elkarteari? Bai, duda barik. Alkargune bat dalako askorentzako. Oindio gehiago, gogoan daukat taberna kudeatuko eban profesional barik egon ginan garaian zenbat bizitasun galdu genduan! Jaiak heldu behar eben, eta ikusita kudeatzailerik ez geunkala, gure artean txandak egin genduzan taberna zabalik izateko!
Herrian, eta Bizkaian, elkarte gutxi egongo dira neurri honetako lokalak dituztenik. Zelan iritsi zarete hona? Lan eta sakrifizio handiz, eta beti galdakoztarren eta bazkideen laguntzaz. Egia da mendizaletasun handiko herria izan dala beti Galdakao, eta indar handiz sortu zan Ganguren Mendi Taldea 1945ean; lehenengo Plazakoetxen, gero Inazioko Loiolan eta gero —lokalak txiki gelditzen zirala-eta— hona etorri ginan, gaur egun gagozan tokira, Gipuzkoa kalera.
Dirutza tarteko. Bai, eta garai hartan Ganguren ez ebilen diruz hain ondo, baina bazkideei aparteko laguntza eskatu eta hainbatek emon eben. Horreik beti gogoratuko doguz.
Bide luze honetan Udala ondoan izatea norarte da garrantzitsua? Guztizkoa. Udala ondoan badozu, bide erdia eginda daukazu alkartean, erakunde hau barik gauza asko ezin diralako egin. Horregatik galdera hau eskertzen dot, ni Gangureneko presidente egon nazen tarteko Udal guztiei eskerrak emoteko. Atzokoei eta gaurkoari. Euren laguntza handia izan da beti —alkate, zinegotzi, Udaltzaingo zein Udal teknikariena—, eta hori esan egin behar da. Eta ez bakarrik Galdakaoko Udalarena —batez be—, Bediako Udalaren eta haren alkatearen laguntza handia be izan dogulako beti.
Hala ere, zu zeu izan zinen orain urte gutxi herriko elkarte gehienak batu eta Udalaren aurrean tinko agertzearen iniziatiba hartu zuena. Zergatik? Batzutan —eta alkarte batzuekaz bereziki— Udaletik oztopoak baino ez dirala jartzen emoten daualako. Eta Udalari alkarteek daukien indarra erakusteko modu onena da herrigintzan gagozanak batuta egotea. Alkartasun kontu bat da, baina eraginkortasun kontu bat be, danok alkartuta bagagoz, lortuko doguna handiagoa izango dalako.
Mozoilo Eguna horretarako bide egokia izan daiteke? Bai, jai honen antolakuntzan alkarte piloa eta oso diferenteak gagozalako —eskerrak be danei: Andra Mari, Adiskide, Peña Santacruz, Elexaldeko eta Bekeako Auzo Elkarteak, Zizpa, Patakon, herriko txistu eta musika bandak, Oilarra eta Barrengorri be egon ziran…—. Orain arte alkar ezagutzen ez genduzan alkarteetako kideak ezagutu eta lan egiteko modu desberdinak partekatzen dira bertan. Hori herrigintzarako erreminta oso inportantea da.
Indar hartu beharko du jai honek, beraz. Bai, herritarren eta alkarteen inplikazioa lortu behar dogu datozen urteetan, Euskal Jaitik datorren jaia bada be, urte gutxi daroaguzalako Mozoilo Egunagaz xumetasunetik lanean.
Eguzkibegi Ikastolako irakasle izatetik ere erretiroa hartu duzu. Igarriko duzu txikitxoen falta! Itzel! Asko emoten dabe txikitxoek, eta asko emon deust ikastolak berak be. Orain bizitza barrira banabil ohitzen, baina badakizu zer? Bizimodu onera errez ohitzen garala! (barreka)
Ikastolatik erretiroa hartzeak badu zerikusirik Gangureneko presidente kargua uztearekin? Ez, horrela suertatu da, baina ez dauka batak besteagaz zerikusirik. Ez da izan sikieran aurretik planteatu dodan kontu bat.
Baina orain denbora libre gehiegi izango duzu. Bizimodua agian bai birplanteatu beharko duzu? Denbora barriro edo beste modu batera antolatzeko garaia heldu jat, bai, baina ez daukat ezer berezirik egiteko asmorik. Ez dakit galdera nondik eroan gura dozun (barreka), baina orain ez dot egingo aurretik egin ez dodana! Ez naz munduko beste puntan desagertuko eta ez dodaz ohitura onak aldatuko!
Etapa berri honetan, non ikusiko dugu beraz Miren Hernando? Herrian, kalean, jendartean. Badago zer egin! •