Miren Odriozola: «Amantalak produktu arrunta badirudi ere, berehala kopiatu ziguten»
Miren Odriozola, diseinatzailea
BINKE / 2019ko iraila
«Amantalak produktu arrunta badirudi ere, berehala kopiatu ziguten»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Krisialdiak adimena zorrozten duela esan omen zuen Albert Einstein zientzialari handiak, eta egia da une gogorretatik ikasiz sortzen direla aukera berriak. Aukera horiek, maiz, norberak bilatu behar izaten ditu, agian inork asmatu ez dituen lanbideak sortzeko. Horretan eredu da hilabeteko protagonista, eta bere afizio batetik sortu du bere egungo ofizioa: amantal bereziak sortzea.
Amantalak egitetik bizi daitekela uste al zenuen? Bai, noski! Proiektu batean sartzeko ezinbestekoa da honetan sinistea, eta bertatik bizitzea posible izateko aukera ikusten baduzu, bidea errazagoa da. Lana gustukoa bada gainera… Zer gehiago? (irribarretsu)
Zelan demontre hasi zinen hain lanbide bitxian ba! Lagun bat etorri zitzaidan proiektu zabal batekin esku artean, hau bideratzeko diseinatzaile baten beharra zutela eta bazkide izateko aukera eskaini zidan. Hasieran ez nuen argi izan, baina gau horretan bertan logoa diseinatu eta… aurrera!
Denbora ere izan beharko zenuen, baina. Orduntxe langabezian nengoen eta mihise zuri bat ipini ninduten begi aurrean, gustukoa egiteko… eta bitartekorik gabe; geu jaun ta jabe! Ufa! Hori diseinatzaile batentzat goxoki gustukoena da. Berehala ginen hiru bazkide proiektuan buru belarri, Alaitz Bidaurrazaga, Luisa Mantekon eta hirurok.
Eta zer da zehazki egiten duzuena? Batetik nire bazkideak, Luisa Mantekonek, asistentzia psikologikoa eskaintzen du eta bestetik oihalen mundua daukagu. Horrela ba, Amantalak egiten ditugu, letra handiz, eskoletako txiki eta helduentzat baita osasun mundura zuzendutako amantalak ere. Haurtzaindegietarako lozakuak eta poltsatxoak ere egiten ditugu.
Zein da jarraitzen duzuen prozesua? Sortze, produkzio eta salmenta guk geuk egiten dugu. Nola ez, nire gustukoena sortze-prozesua da, nire saltsan nago bertan: oihalak aukeratu edota guretzako bereziki diseinatu eta koloreztatu… Modeloak diseinatu eta grafikoa landu, marraztu… Gero produkzioa dator. Oihalak moztera Arrigorriagako enpresa batera eramaten ditugu eta grafikoa estanpatzera edota brodatzera berriz Erandioko enpresa batera. Ondoren, lanak jaso eta tailer desberdinetan banatzen ditugu, jostun lanei ekin eta produktua behar bezala egokitzeko!
Eta behin amantalak bukatuta? Amantalak behin bukatuta, gure lantokian gordetzen ditugu eta bertatik dendetara banatzen ditugu, edota online salmentaren bitartez bezeroari zuzenean geuk bidaltzen diogu.
Etxetik jaiotako proiektu batek nola ikusten du argia denda eta erakuslehio fisikorik gabe? Komertzial lana guk geuk ere egiten dugu. Eta hau ez zen batere erraza izan hasieran. Apustu erraldoia egin genuen lehen urtean, 2010ean, eta produkzio osoa herri desberdinetako denda txikietan utzi genuen, «deposito» modura. Maleta hartu eta Euska Herrian tipi-tapa ibili ginen hirurok, eta irailerako «Ume2010»-en amantalak eskoletan zeuden dagoeneko! Lan handia egin genuen, baina emaitza ona izan zuen.
Geroztik, gelditu gabe! Hortik aurrera umeak izan dira gure komertzialik onenak, eta eskolak, erakuslehio erraldoiak. Horrela hasi ziren irakasleak, beraientzat ere amantalak nahi zituztela-eta… Eurentzako egiteko amantal eske. Horrela ba, gure bigarren produkzioa irakasleei bideratu genien. Hamar bat mantal desberdin egin genituen eta diseinu bakoitzeko hogei ale inguru soilik… Urtarrilean produkzio berrien zain genituen maisu eta andereñoak, eta merkatuan musturra sartzeko bide polita izan zen.
Merkatuaz ari garela: Amazon eta antzeko plataformak, abantaila ala horien kontra borrokatu ezin daitekeen munstroak? Era digital honetan ezinbestekoa da online munduan musturra sartzea… eta horretan gabiltza. Geure webguneak —www.ume2010.es— salmenta zuzenaren aukera ematen digu eta honi esker heldu ahal izan gara Estatu espainiarrean saltzera, baita bertatik kanpo ere. Baina, egia esan, marrazoen artean Kantauriko antxoa txikien modura gabiltza, baina pozik eta libre! (barreka)
Ez duzue plataforma horietan egon nahi, beraz? Amazon eta antzeko plataformak merkatu plazak baina askoz gehiago dira. Zure datu esanguratsu askoren ezagutza dute eta ondorioz erabili ere egin ditzakete. Printzipioz zure onuran… baina azkenean zuri konpetentzia egiten ere hasten dira eta hor askoren porrota dator. Egia da guk produktu propioa dugula, eta agian bultzada handia jasoko genuke Amazon batetik…baina munstruo horienganako menpekotasunak, guri gutxienez, mesfidantza eragiten digu. Hori bai, Sare Sozialetan noski gaudela. Bertatik ematen dugu gure artikuluen berri!
Orduan, webgunetik bakarrik eros daitezke zuen amantalak gaur egun? Ez, herriko hainbat dendetan ere gure produktuak saltzen dituztelako. Galdakaon, adibidez, Susanaren Clementí osagarrien dendan saltzen ditugu. Zoritxarrez, denda txikien borroka oso gogorra da eta hamar urte hauetan gure bezero batek baino gehiagok ateak itxi behar izan ditu…
Zuentzat ere galera ekarriko du horrek, ezta? Bai. Eta denda berriak aurkitu nahian gabiltza, baina herri bakoitzeko denda bakarrean uzten ditugu amantalak. Hala ere, irabazirako tarteak handiak ez direnez, denda guztiei ez zaie gure produktua interesgarri egiten. Horregatik eskertzen dugu dendariek gure alde egiten duten lana.
Eta orain gauden tailer honetan, zer egiten duzue? Bertan sortze-prozesua egiten dugu. Gure lantoki-bulegoa eta biltegia izatez gain, tailertxoa ere bada. Amantalak bertan pertsonalizatzen ditugu. Bordatzeko makina baten bidez bezeroak nahi izaten dituen esalditxo edota marrazkiak eransten dizkiogu amantalari. Baina gainera, hemen opari politak eta esanguratsuak sortzeko aukera ere badaukagu! Eta denek, bai amantalek, poltsatxoek zein bestelakoek, hainbat ikasturte irauten dituzte!
Ikasketa berezirik egin behar izan duzu lanbide honetan espezializatzeko? Diseinu ikasketak egin nituen, baina lanbide askotan modura egunerokotasunak erakusten dizu gehien; orain «almazenera», garraiolari, komertzial, idazkari, diseinatzaile eta kontalaria naiz, besteak beste! (barreka) Guzti hori lankide ezin hobeaz partekatuta; ikusi eta ikasi!
Nondik datorkizu arropak diseinatzeko sena? Trapuzale amorratua izan naiz betidanik! Nire lanbidea diseinu mundutik bideratu nuen aspaldi eta oraintxe amantalen artean gustura nabil.
Amantal oso desberdinak egiten dituzue. Sormena beharko duzue ba orijinalak izateko! Sormena, handia! Eta ahal den neurrian behintzat beti pausotxo bat aurretik. Trapu munduan «kopiak» hortxe daudelako «mamu» modura, atzetik, eta amantala produktu arrunta iruditu arren berehala kopiatu ziguten enpresa handi eta txikiek. Patroi berbera, ohial antzekoak eta koloreen zein grafikoen ideiak errepikatu nahian kopiatu digute… Horregatik, amantal batean ere nortasuna zaindu beharra dago.
Eskoletan amantalen hutsunerik ikusi zenuen? Alaitz Bidaurrazaga nire bazkidearen proiektu zabal batetik hasi ginen, berak baitzuen, nolabait esateko, txikitako «traumatxoa»… (barreka) Eskolarako amantalak beste begirada bat behar zutela eta halaxe egin genuen!
Koloreari garrantzia ematen diozula bistakoa da. Koloreari baino, koloreei. Kolore desberdinak aniztasunaren seinale dira eta, non egon beharko luke aniztasun gehiago, eskoletan baino? Aniztasun hori bultzatu beharra dago fronte guztietatik.
Zergatik uste duzu inportantea dena amantal egoki bat janztea? Eskolara pozik joatea, horrek du garrantzia. Eta horretan lagundu ahal duen edozerrek, amantalak barne, balio handia du. Arropa beti izan da norberaren nortasunaren adierazle, eta uniformea berriz, kontrakoa. Egin dezagun ba geu izaten laguntzen gaituen uniformea; «desuniformea» asmatu dezagun! Hortxe dago gure nortasuna. Berehala identifikatzen dituzu «Ume2010»-en amantalak, baina bat bera bez ez dugu errepikatzen. Urtero bilduma berri bat ateratzen dugu eta haurrak erabakitzen du behin eta berriz zein amantal ipini, bere kolorea, bere gustoko irudia, bere marigorringoa edo bere pirata… Baina pozik joan daitela eskolara!
Ikasleei gero eta gutxiago eskatzen omen zaie eskolara amantala derrigor eramatea. Horrela da? Bai, hori dirudi. Helduen kolekzioak zabaltzen joan garen heinean behintzat txikien merkatua murrizten joan da. Eta horregatik kontziente gara helduen amantalekin jarraitu beharko dugula merkatu honetan borrokan. Horregatik ere estreinatu ditugu linea berriak helduen amantaletan: kremailerarekin, soineko modukoa, mahuka gabekoa, pitxiak, kasakaren antzekoak…
Amantalak pertsonalizatu egiten dituzuela esan duzu lehen. Zer da eskatu dizuten gauzarik arraroena? Bezero batzuek artisau modura ikusten gaituzte eta «amantal erabat esklusiboak» eskatzen dizkigute! Sorbalda oihal batekin izan dezala bere amantalak, bizkarretik beste bat, gero grafikoa beste oihal honekin, edo bestearekin… Bezero kapritxosoak! (barreka) Horrelakoei erantzuna ematea ezinezkoa zaigu, gure produkzio eta lan motagatik, baina neurri txiki batean sartzen gara saltsa horretan… Gora «tuneoa»! Eskaririk arraroenak, akaso, brodatuetan egoten dira: «zenkiuberimatx» batetik, saskibaloiko baloi batera, katalan edo galegozko esalditxoren batera zein «eskerrik asko andereño!» esaldi zoragarrira!
Zergatik nahi izaten dute irakasleek amantal egoki bat izan? Gaur egungo amantalek aitzinakoen kontrako izaera dutela esango nuke. Lehengo amantal zuriek ikasleekiko distantzia bat sortzen zuten moduan, oraingoek hurbiltasuna dute helburu. Eta nola ez, azpiko arropak ez zikintzea ere bada helburu nagusietariko bat, baina baita «koketeri» puntutxo bat eskolan ere izatea! (barreka) Irakasle batzuek bost edo sei amantal desberdin ere badituzte armairuan, aldatzen joateko! Eta eskerrak eurei! (irribarretsu)
Gizonentzat urdina eta kolore ilunak. Emakumeentzat larrosa eta kolore argiak. Binomio horietan erortzen zara zu ere? Argi dago ezetz! Egia da emakumeok ausartagoak garela, armairuan oihal eta kolore jolaserako leku gehiago dugula dirudi. Baina bagabiltza gauzak aldatzen… Esaterako, gizonezko txaleko salduenak loradun oihal «kantoso» zoragarri bat zuen sorbaldan. Atrebentzi txiki bat zelakoan eta… salduena izatera iritsi zen! Gizonentzako aukerak sortu behar direla argi dago, bestela denek berdin jarraituko lukete.
Orain gutxi Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zorion-gutun bat jaso zenuten. Zer dela eta? Bai, bezeroen bidez bideratutako erreminta bat da nonbait, —horrelakorik zegoenik ere, ideiarik ez!—. Gure produktua eta zerbitzua euskaraz egiten dugulako jaso genuen, eta pozik jaso genuen zoriona, nahiz eta hausnartzen hasita gogorra den jakitea euskararen normalizazioan urruti gaudela oraindik…
Zuen zerbitzu osoa euskaraz eskaintzeari garrantzia ematen diozue, hortaz. Argi izan dugu hasieratik. Gu euskaldunak bagara eta produktua euskaraz bada, zerbitzua zelan ez da ba euskaraz izango? Guk hala jarraitzen dugu eta hala jarraituko dugu, nahiz eta eskatu izan diguten esaldiak gaztelaniaz jartzeko, «es que sino mis alumnos no lo entienden…» aitzakiarekin. •