Mohamed El-bachir gaztearen heriotza argitzeko mobilizazioa deitu dute
Ezbeharra
BINKE / 2022ko urtarrila
Mohamed El-bachir gaztearen heriotza argitzeko mobilizazioa deitu dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa
Eguaztenean Ibaizabal ibaian hilik agertu zen adingabekoaren atzean nor eta zergatik zegoen prentsaurrean argitu dute gaur Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak. Horrekin batera, Aldundiari erantzukizuna eskatu eta Mohamed El-bachir gaztea omentzeko elkarretaratzea deitu dute ostegunerako. Hemen batu ditu Binkek Aitzol Zamalloaren zortzi argazki.
Pasa den zapatuan, urtarrilak 22, data horren aurreko eguaztenean Ertzaintzak Ibaizabal ibaian adingabeko baten gorpua aurkitu izana argitaratu genuen komunikabide askok. Hildako adinez txikiko hori Mohamed El-bachir zen, 17 urteko gaztea.
Ordea, komunikabideetan «gure herriko gazte baten desagerpen eta heriotzaren tragedia» entzun ez dela salatu dute gaur, hilak 24, Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak Galdakaoko Herriko Bentaren aurrean eskaini duten prentsaurrean. Aipatutakoa entzun ez eta «lapurreta baten ondorioz ihes egin zuen Mena bat marraztu digutela» adierazi dute euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz irakurritako manifestuan.
Irakurtaldi horretan, «Mena izenaren atzean ezkutatzen diren hamaika gazte gure artean bizi direla» azpimarratu dute, eta kasu askotan «gizarteratzeko aukera guztiak ukatuz». Ezizen hori aipatzeak adin txikikoak —umeak— ezkutatzen dituela esan dute gaur prentsaurrekoan, eta adin txikiko guztien babesa eta eskubideak bermatzeko ardura instituzioei egotzi diete.
Eta ardura hori zalantzan jartzeko euren buruei galdetu diete, hitzez hitz: «Mohamed ihesean igerian jakin gabe ibaira bota baldin bada, denbora tarte luze batez desagertuta egon bada eta ibaian hilda agertu bada, non daude bera babestu behar dutenak? Norena da ardura? Zergatik desagerpena eta heriotza ez da albiste bihurtzen gorpua agertu eta lau egun pasa arte?».
Harago joan dira gaurko salaketan, heriotza honek «beste behin, sistemaren arrakalak agerian utzi dituela» irmoki baieztatuz eta ezbehar hau «zorigaiztoko gertakaria izan ez» dela azpimarratuz: «Egiturazko arrazakeria eta pobreziaren ondorio argi eta zuzena dira gertakariok. Horrek hil du Mohamed».
Horregatik, puntu bi eskatu dituzte Elkarlaguntza Sareak eta Arratiako Harrera Sareak: Mohamed El-Bachiren heriotza argitzea, beretzako «errekonozimendua eta justizia» eskatuz, eta Bizkaiko Foru Aldundiak «adin txikiko guztien babesa bere gain arduratsu hartzea eta harrera sistemaren berrikuspena egitea, instituzioetatik arrazekeria desagerrarazteko pausoak emanez».
Horretarako, eskaera bi horiek kaleratzeko eta El-Bachir gaztea omentzeko, herritarrei dei egin diete datorren eguenean, urtarrilak 27, Galdakaoko Iturrondo plazan 19:00etan egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.