Mozoilo Eguneko antolatzaileak: «Herri euskaldun baterantz bultzada ematea da helburua»
Mozoilo Eguneko antolatzaileak
BINKE / 2024ko maiatza
Maiatzaren 31tik ekainaren 2ra Mozoilo Egunaren zazpigarren edizioa antolatuko da Galdakaon. Urtero moduan, egitarau zabala eskainiko da hiru egunetan zehar, adin eta zaletasun guztiei zuzendutako ekintzekin. Jaiaren izaeraren inguruan gehiago ezagutzeko asmoz hitz egin dugu antolatzaileekin.
Urtero hitzordu berezia ospatzen du Galdakaok ekainean: Mozoilo Eguna. Aurten ere herriko hainbat elkarte batuko dira «herri euskaldun baterantz bultzada» emango duen egitaraua prestatzeko, kasu honetan maiatzaren 31tik ekainaren 2ra. Hiru egunetan zehar musikza, dantzaz eta beste zenbait arloz gozatzeko aukera izango dute galdakoztarrek, BINKEk jaso zuen moduan. Euskara izango da edizio honetan ere jaiaren ardatz nagusia, lehen edizioaren helburua mantenduz. Hain zuzen, Mozoilo Egunaren jatorriaren inguruan hitz egin dugu antolatzaileekin.
Zein helbururekin sortu zen Mozoilo Eguna? Euskara eta euskal komunitatea uztartuz Galdakaoko herri mugimendu batzuen artean herri euskaldun baterantz bultzada ematea da helburua. Euskarazko jai-arigunea indartu nahi dugu.
Helburu hori mantendu da urte guzti hauetan zehar? Helburuak mantendu dira eta momentuz Mozoilo Eguna urteetan izango delakoan gaude. Asko dago egiteko zentzu horretan: euskarazko komunikabideak gehiago indartzea, euskarazko pelikulak, erreferentziazko pertsonak euskaraz… Honek ere bultzada behar du, besteak beste. Gure ekimenagaz ertz bat baino ez gara euskara eta kulturari egin behar zaion lan horretan guztian. Denon artean osotasuna lortzea gurako geunke: hau da, frente guztiak lotu eta biribiltzea.
Euskara da hortaz jaiaren oinarria. Bai, euskara da ardatza egun honetan, abiapuntu horretatik irteten da planteatzen dugun edozer. Euskara eta euskal kultura dira egun hau sostengatzen duena.
Zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Zer aurkituko dute honetan herritarrek? Aurten ere musika kaleetatik, artzain-txakurren erakustaldia, euskal dantzak, esku pilota partidak, herri bazkaria… egitarau osoa bezain polita bete dugu.
Berrikuntzaren bat izango du aurtengo egitarauak? Urteroko berrikuntza gehitzen doan jendea da. Azken finean euskaraz bizi eta disfrutatu nahi dugunak gaude egun horretan eta urtero batzen da jende berria. Horri ematen diogu garrantzia.
Parte-hartze handia espero duzue? Bai, parte-hartzearekin pozik gaude. Beti geratzen zaizu jende gehiago batzearen nahi hori baina pozik gaude. Ez da erreza zenbat jende batzen garen esatea baina adibidez herri bazkarian 300 pertsona inguru batu izan gara.
Hainbat elkartek parte hartzen dute Mozoilo Egunaren antolakuntzan. Nolakoa da hauen arteko elkarlana eta zein da egitaraua prestatzeko prozesua? Bai hainbat elkarte gaude. Urtean zehar hainbatetan biltzen gara eta bertan ideiak bota, bakoitzak zer eman dezakeen ere kontuan hartzen da, eta, jakina, erabakiak hartzen dira. Azken finean, jende askoren inplikazioa eta elkarlana behar da asteburu hau aurrera eramateko. •