Nagore de la Torre: «Ez nuen inoiz imajinatuko tailer-denda propioa izango nuenik!»
Nagore de la Torre, moda artisaua
BINKE / 2023ko ekaina
«Erosten ditudan materialak ahalik eta arduratsuenak izateari ematen diot garrantzia beti»
- Nagore de la Torre Amuriza
1997, Usansolo
Lehen Hezkuntzako Gradua EHUn egin zuen, Leioan, eta Entzumena eta Mintzaira Aipamena UNIR unibertsitatearen bitartez. Hala ere, modu autodidaktan eta online bidezko ikastaroen bidez zilarraren eta ehungintzaren prozesuen inguruan ikasi zuen Nagore De la Torre usansolotarrak. Gainera, Bilboko Alfa akademian arropen patroiak egiten ikasi zuen. Eta zaletasun hori ogibide bilakatuta dabil gaur egun bere tailer-denda propioarekin lanean.
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Hilabeteko azalera ez dugu ohiko dendari bat ekarri gura izan —horiek badira tarteka ondo etorriak Binkeren ‘Berton inde’ atalean-eta—. Artisau bat da hilabeteko protagonista nagusia. Kasu honetan, bere arropa zein osagarri marka propioa sortu eta ekoizten duen artisaua, etxe alboan, Usansolotik irten gabe. Nagore bera eta bere lana gertutik ezagutzera hurbildu gara Oletxe kaleko tailer-dendara.
Inoiz pentsatuko zenuen denda eta tailer propioa irekiko zenuenik? Ez, nork esango zuen denborapasa bezala hasi zen zerbait, hain denbora arinean, nire eguneroko lana bihurtuko zenik. Ez nuen inoiz imajinatuko tailer-denda propioa izango nuenik!
Zelan hasi zinen honetan? Betidanik gustatu izan zait eskulanak egitea eta arreta berezia eskaini diot honekin lotutako guztiari. Orain dela urte batzuk, josteko makina bat erosi eta ekin nion estutxeak eta horrelakoak sortzeari, hala ere, denborapasa egiten nuen. Denborarekin, nire ingurukoek Instagram kontua egiteko konbentzitu ninduten eta horrela sortu zen @ene_kreazioak kontua. Hasiera baten, egindako lanen argazkiak erakusteko baino ez nuen erabiltzen, baina apurka proiektuaren bidea aldatu zen. Lehenengo salmentak izan nituen eta, horrekin batera, azokak, eskariak… hasi ziren.
Zeintzuk izan dira proiektuaren hasieran aurkitu dituzun oztopoak? Oztopo ugari izan ditut bidean, baina ekonomikoak eta burokratikoak izan dira buruhauste handienak eragin dizkidatenak. Ia bi urte daramatzat pertsona autonomo lan egiten eta oraindik zalantza ugari sortzen zaizkit honen inguruan.
Orain honekin bizi zara. Zoriontsuagoa zarela sentitzen duzu? Lan oso nekagarria da, ni naizelako proiektuaren ardura guztiak dituena: kudeaketa burokratikoak, dendan egon, materialak erosi, produktuak sortu, web orrialdea eguneratu, azoketara joan, bidalketak egin… baina aldi berean oso pozgarria eta pertsonalki aberasgarria da. Ez naiz batere damutzen!
Artisaua zarela diozu zure sareetan. Zer da artisau izatea moda kontuetan? Artisaua izateak zure lanak eskuz eginda daudela ziurtatzen du. Horretarako foru aldundiaren sail batek gure lanaren eta lan egiteko moduaren jarraipena egiten du. Artisauen erregistro honen parte izateko, ezarrita dauden irizpide konkretu batzuk bete behar dituzu.
Azoka askotara joaten zara? Bai, behintzat frogatzeko eta izaten dudan esperientziaren arabera erabakitzen dut hurrengo urtean berriro joan edo ez. Azokek aukera ematen didate jende berriak nire proiektuaren berri izateko. Astero sare sozialetan adierazten dut asteburu horretan zein azokatan egongo naizen eta inguruko udalerrietan bizi diren jarraitzaileek bertara hurbiltzeko aprobetxatzen dute.
Errentagarria al da ekonomikoki azoketara joatea? Azoka mota desberdinak daude. Alde batetik udalek edota erakunde artisauek antolatzen dituztenak eta, bestetik, enpresa pribatuek antolatzen dituztenak. Aipatutako lehenengoak doakoak dira edo diru kantitate sinbolikoa ordaintzen da —gutxitan—. Bigarren kasuan, dinamika desberdina da: azokan parte-hartzeagatik ordaindu behar dugu. Horrek esan nahi du, salmentak nola joango diren jakin gabe, «minus» diru kantitate batekin hasten garela.
Produktu «arduratsuak» egiten dituzuela diozu. Zer esan gura du horrek? Lege-zilarrezko osagarrien —eraztunak eta arrakadak— eta ehungaien diseinua eta fabrikazioa lantzen duen proiektua da Ene. Aurretik esan dudan bezala, produktu guztiak eskuz egiten dira; lan artisau eta arduratsuak dira. Lanen produkzio etikoaren aldeko jarrera bultzatzen da proiektu honekin batera, horrek esan nahi du, bidezko eta bertako produkzioaren alde egiten dudala.
Kilometro zeroko produktuak behintzat, badira! Hori da! Usansolon tailer-denda daukat, hau da, espazio berdinean produktua sortu eta saldu egiten da. Beraz, ahal den guztia hemen egiten da, nik baititut beharrezko makina eta erreminta guztiak. Gainera, erosten ditudan materialak ahalik eta arduratsuenak izateari ematen diot garrantzia beti, bai pertsonen zein planetaren aldetik.
Baina zelan egin ihes pertsonen esklabutzatik? Oso zaila da. Badaude langileen baldintza onak bermatzen dituzten etiketak edota hitzarmenak, baina oraindik bide luzea dago lan baldintzak zuzentzeko. Honek informazio bilketa eta ikerketa ordu asko ditu atzetik. Honen inguruko albisteak, liburuak… irakurri ditut, adibidez, Dana Thomasen Fashionopolis liburua. Datu hauek lortu nituenean —esklabutza, planetaren egoera…—, errealitate gogor batekin egin nuen topo. Hala ere, oso oso zaila da mugimendu hori guztiz alde batera uztea. Gaur egun, etengabe nabil alternatiba berriak eta hobeak bilatzen…
Zure hornitzaile gehienak ingurukoak dira. Baina ematen al du nahikoa Euskal Herriak? Ahal dudan guztia erosten dut hemen, bai bitxigintza egiteko materialaren aldetik baita ehungaiei dagokienez ere. Hala ere, baliabide kopurua gero eta eskasagoa da eta, behar izanez gero, estatu —edo nazioarteko— mailan lortzen ditut hornitzaileak.
Oihalak, esaterako, Galdakaoko Legarda denda historikoan ere erosten dituzu. Faltan sumatuko duzu ba zure herriko Telerue, orain gutxi ateak itxi zituena… Bai, Legardan zein Usansoloko Teleruen erosi ditut zenbait oihal. Herrian materialak lortzeko neukan aukeraren falta nabaritzen da, bai!
Eta behin oihala erosita, zein da hutsetik hasteko prozesua? Prozesua luzea da. Oihala erosi, patroi definitiboa sortu —zenbait proba egin ostean—, oihala moztu, josi, azken xehetasunak, argazkiak atera, prezioa jarri, webgunean prestatu… ez da egun bateko lana, ez.
Eraztunekin berdina egiten duzu? Berdina, bai. Materiala erosi, prototipoak sortu, materiala moztu edo prestatu, soldatu, leundu… kasu honetan ere, egunetako prozesua da.
Sinisten al duzu genero bako modan? Ene proiektuaren kasuan, baditugu generorik gabeko kamisetak eta sudaderak. Patroi berdinetik sortzen diren arropak. Kasu honetan behintzat, ez dut beharrezkoa ikusten arropak generoetan desberdintzea. Hala ere, badaude beste jantzi batzut genero batera bideratuta sortzen direnak. Gero bakoitzak nahi duena janzten du.
Eta %100ean jasangarria den modan? Uste dut %100ean jasangarria izatea oso zaila dela. Asko dira kontuan izan beharreko faktoreak: materialen jatorria, ehun ekologiko eta birziklatuak, prozesuak, langileen egoera, karbono-aztarna —garraioa—, packaginga…
Moda jasangarriena, akaso, arropei bizitza bat baino gehiago ematean egon daiteke? Bai, argi dago. Jadanik daukaguna erabiltzea da janzteko modurik jasangarriena, edota bigarren eskuko arropak erabiltzea. Horrek ez du esan nahi, erosteko beste modu batzuk txarto daudenik: tokiko dendetan erostea, bertan egindakoa edota arropa jasangarria erostea…
Baina, horrela, zure ekimenaren kontra egiten ibiliko zinake inork ez balu arropa berririk erosiko, ezta? Tira, denok bide hori aukeratzen badugu, izan daiteke. Baina egia da ez dudala alde batera uzten upcycling técnica erabiltzea; hau da, sortuta dauden arropetatik beste batzuk sortzea. Edota eginda dauden arropetatik oihalak hartzea Ene produktuak sortzeko. Nork daki…
Zelan ikusten duzu Usansoloko merkataritza? Nik harrera oso ona izan dut herrian eta asko eskertzen dut. Baina egia da oraintxe bertan ez daukagula herrian gauza askorik erosteko aukerarik…
Zure bezero gehienak bertakoak dira? Leku guztietako bezeroak ditut: Usansolokoak, inguruko herrietakoak, web orrialdean erosten dituztenak eta azoketara hurbiltzen direnak.
Zeintzuk dira Nagorek Ene Kreazioak ekimenaren alde dituen hurrengo erronkak? Mila gauza berri ditut buruan, beti nabil nobedaderen bat prestatzen. Erronka eta proiektu berriak izateak asko motibatzen nau. Nire proiektuak izan dituen beharrak asetzeak ekarri nau honarte eta horrela jarraituko dut, sortzen, beharrizanetara moldatzen eta hazten! Era berean, esan beharra daukat asko pozten nauela Ene proiektuak Binkeko elkarrizketa honetara ekarri izanak. Eskerrik asko! •